Lapurdiko kosta, Ziburutik (III): Euskara
Lapurdiko kosta, Ziburutik (III): Euskara –
Lapurdiko kosta, Ziburutik (I): Politika
Lapurdiko kosta, Ziburutik (II): Ekonomia
Lapurdiko kosta, Ziburutik (III): Euskara
.
Lapurdiko kostak problematika propioak garatu ditu azken hamarkadetan, Estatu frantziarrak inposatutako politiken ondorioz. Hizkuntza, lana, etxebizitza…
Lapurdiko kosta etsaminatu dugu, baina adibide zehatz batean zentratuta: Ziburu. Hiru gai nagusi arakatu ditugu bertako jendearekin: politika, sozio-ekonomia eta, oraingoan, euskara.
Ziburun euskarak bizi duen egoera ezagutu nahi izan dugu, Lapurdiko kosta hobeto ezagutzeko ahaleginean politikaz eta ekonomiaz mintzatu ostean. Horretarako, Maddi Zubeldia eta Mixel Etxeberrirekin egin dugu hitzordua Baltsan elkartean, bertan antolatua zen Saharari buruzko mahai-ingurua baino lehen.
Mixel Etxeberri ziburutarrak 65 urte ditu eta ibilbide ezaguna euskalgintzan. Besteak beste Xalbador kolegioko lehendakaria izan zen 1997tik 2000. urtera; Seaskako Lehendakari hurrengo hiru urtetan eta Euskal Konfederazioko lehendakari aurrerago, beste bi urtez. Hizkuntzari dagokionez, umetan euskara galdu eta berreuskaldundu beharra izan zuen gero.
Mixelek ez bezala, egun Seaskako irakasle den Maddi Arozenak -horixe ei du bere abizena, frantziar legearekin ezkondu eta hartu zuen senarraren Zubeldiarekin ezagunagoa bada ere- ez zuen bizi izan euskararekiko konplexu edo lotsa. Jatorriz gipuzkoarra, etorkin gisa Frantziara lehenik eta Ziburura heldu zen gero, hamar bat urte ingururekin, artean neskatila zela. “Etxean euskara erabiltzen genuen, horixe zen gure hizkuntza naturala” dio, baina ikasketak berak hirugarren hizkuntza zuen frantsesez egin behar izan zituen, “beste aukerarik ez baitzen”.
“Ziburun ez nuen euskaraz mintzatzeko aukera handirik, nire adinkideekin batere ez eskolan. Gurasoak edo aitatxi-amatxiak euskaldunak izan arren, jada nire belaunaldiko gazteak ez ziren euskaldunak, galdua zuten. Guretzat nortasuna zena eta aberastasun bezala bizi genuena, lotsa edo handicap bezala ikusia zen hemen”.
ZIBURU – Euskara
Mixel Etxeberri: “Gaztetan, eskolara joan aitzin frantsesik ez nekien, baina eskolara joanda, etxean ere ez zen gehiago euskararik entzuten; frantsesa zen nagusi. Euskara zozoen hizkuntza zen”.
Zorionez, aspaldiko garai haiek iraganean utzi -II. Mundu Gerra aitzin presentzia handiagoa bide zuen euskarak kalean, “baina guk bizi izan duguna ez da hori”- eta egun baikorrak izateko aski motibo ere badirela uste dute Ziburuko Bixinxo dantza taldeko giro euskaldunean hezitako bi lagunek; “gauzak aldatu dira onerako, asko”, onartzen baitu Zubeldiak.
80ko eta 90eko hamarkadetan izan ei da talde pare bat, ekitaldi kulturalak bultzatzeaz gain abertzaletasunetik herrian eragiteko asmoz gogoeta egitea helburu izan duena, “euskaldunak ginela aldarrikatzeko. Bilakaera bat egon da eta egun ikastola ere bada Ziburun… nahiko borrokaren ondotik; pozgarria da”. Zenbakiak buruz ez badakizkite ere, sei ikaslerekin abiatu eta egun 15 bat ei ditu Ikastolak, gure solaskideek zenbakiak buruz ez badakizkite ere. “Ari da garatzen poliki-poliki, hartuko du”.
.
Zantzu baikorrak
Gaur egun Ziburuko plaza inguruan bizi den euskaldun giroa ere ikastoletan egin den lanari egotzi diote Zubeldiak eta Etxeberriak; “ikastolatik ateratako jendea da, horrek markatzen du giroa”, dio azken honek, bertako hiru tabernetan euskaraz egin daitekeela eta; “gauza berria da hori”. Beste adibide argigarri bat emate aldera, “lehen ikastolek diru premia handia zuten, benetan handia, eta festak egiten hasi ginen, eta lehengo festa zaharrak berpizten -inauterietan eta-. Ikastolen ingurutik, haiei esker”, esan digu Seaskako lehendakari ohiak.
“Gauzak aitzinarazi eta urte hauetako azken lorpena orain gauden Baltsan elkartea izan da -irakaslea mintzo da-; belaunaldi guztietako euskaldunak elkartzen gara bertan, bizi eta energia handia dago hemen”. Zubeldia berak, Seaskan eskolak emateaz gain, abestu eta idatzi ere egiten du –“Deserria haurtzaro” (Elkar, 2017) eleberria aurkeztu berri du-, eta sortzaileak ditu seme-alabak ere. “Euskaraz bizi nahi dugu eta gure lana da segitzea, aukerak ematea. Bada hemen, musika egiten duena, idazten duena, sortzen duena euskaraz”.
Ziburun euskaraz bizi den gazte belaunaldirik ba ote dagoen galdetu eta bat etorri dira baietz erantzuterakoan. “Ez da gehiengoa, baina gure garaian ez zen, eta orain bada”.
Elkargoak euskararen normalizazioan joka dezakeen paperaz ere itaundu diegu solaskideei. “Asmoa ofizializazioa lortzea da, koofizializazioa -erantzun digu agudo Zubeldiak-, euskarak ukan dezan gutxieneko edo merezi duen tokia, hori baita bide bakarra”. Aspektu honetan, iritzi argia agertu du Etxeberriak. “Nik sinesten dut gehiago herri mugimenduetan egiten ditugun gauzetan, eta horien bidez behartuko ditugu; haiek ez dute salbatuko, ondorioz egingo dute”.
“Orain ikusten da, euskaldunak ez direnen funtzionamendu eta bizimoduan, afixak eta artikuluetan ematen dutela zerbait euskaraz -jarraitzen du Etxeberriak-, erran nahi baita hartu duela leku bat euskarak. Hauteskunde kanpainetan eta, euskara tutik ez dakitenak eta futitzen zaie gainera, interesez egiten dute itzulpena. Interes hori ez da sortu beraien baitatik, baina ikusten dute mugimendu bat”.
Hari beretik tiraka, target bat bilakatzen ari direla iritzi dio Zubeldiak, berak beste hitz bat erabili badu ere. “Kontsumitzaile gisa badugu pisutxo bat, eta ikusten da publizitatean, ekitaldi kulturaletan, saltegietan. Hizkuntza irizpide bat da, bakarra ez den arren. Biren aukera bistan da nora joango garen erostera, eta parean ez dira zozoak, badakite hori erabiltzen”, argitu digu horrela izatea baikortasunez hartzen duen irakasleak.
.
Herriko Etxearen jarrera
Beste adibide bat ere eman digu Etxeberriak. “Euskal Konfederazioak egin duen lan bati esker, erakunde publikoen esku utzi dena, leku anitzetan orain ezkondu ahal da jendea euskaraz. Ziburun ere gertatu da, bi hautetsi abertzale daude eta egin dituzte ezkontzak euskaraz, lehen ez zen horrela”.
Baina… orokorrean, zein da Herriko Etxeak euskararekiko duen jarrera? “Lehen pausua lortu genuen, izenpetu zuen Euskal Konfederazioarekin akordio bat, baina urrats guti egin dira, egia esan. Adibidez, bertako langile batek, orain erretiroan denak, galdegin zuen euskara ikasteko ordu batzuk libratzea, eta ukatua izan zitzaion”, adierazi digu Etxeberriak, “inertziaz esango dugu, gaiztoak ez izateko”.
“Ni ausartuko naiz esatera, interesatzen zaie erakusleiho polita izatea behar diren zigiluekin, baina gero benetan oldar bat edukitzea ez, akuilatu behar dira etengabe”, eman dio segida Zubeldiak, beste gai kezkagarri bat plazaratu baino lehen. “Gero eta euskara gehiago entzuten da gure herrian, baina beldur pixka bat ematen dit biztanleria aldaketak. Merkatuaren prezioak gora doazenez bertako gazteek joan behar dute kostatik barnealdera bizitzera, eta datorren jendea kanpotarra da, zaharra eta euskararekin interes handiegirik gabea. Postalagatik datoz Euskal Herrira eta gustatzen zaie euskara entzutea, turismo lerroetatik kanpokoa baita, oso autentikoa, baina beldurtzen ditu ofizializazioak, adibidez”.
Azken finean, baikorrak izateko arrazoiak ere badiren arren, berreskuratzen ari baita euskara, “erresistentzia da norma, ez baitugu ziurtasunik -Zubeldiaren aburuz-. Beharbada datorren igandea pasatzen da [Macronek irabazi zituen hauteskundeen bezperatan egin genuen elkarrizketa] eta erabakitzen dute eskolan frantsesa baino ez ematea, eta gure hizkuntza debekatu edo laguntzarik eman ez…”.
“Borrokatu gara gauza batzuk lortzeko, eta orain borrokatu behar gara gauza horiek ez galtzeko. Badakigu, horretan ibili gara eta segitu behar dugu”, laburtu du Etxeberriak, ahoan irribarrerik galdu gabe.
Maddi Zubeldia: “Ez dugu babesik erakundeen aldetik, legeen aldetik. Hain da ahula euskararen egoera, animatzen gaituzten kontuak badiren arren, erresistentzia fase batean bizi garela”.
Bistan da euskararen egoera ez dela bera Euskal Herriko bazter guztietan, baina elebakarrek hartzen dituzten jarrera batzuk ezagunak egingo zaizkio Ipar zein Hego Euskal Herriko euskaldunari; han eta hemen, txakurrak ortozik.
Noizbait hasi beharko dugu esaten elebakar minberatuei doazela antzarrak ferratzera.
Erreportaje interesgarria.
Halere, ohar bat “ei”, “omen” eta “bide” hitzen erabileraz. Esaterako, “Maddi Arozenak -horixe ei du bere abizena,…” esaldian erabili duzuen bezala oker dago “ei” hori, ziurtzat baitakizue hala zuela abizena. Hor eta testuko beste esaldi batzuetan soberan daude “ei”, “omen” eta “bide” datua ziurra denean.
Agurrak Bidasoaren bokaletik.
Xaun