Sautrela 382: Lander Garro

Sautrela 382: Lander Garro

Lander Garro

Liburu dendetara sartu eta ez dira liburuetako letrak, nobeletako trama korapilatsuak edo poesia bildumetako estilo joriak lehen begiratuan ikusten ditugunak. Zenbat liburu bikain egongo ote da hor nonbait ezkutaturik? Zenbat aldiz egin ote zaigu deigarria liburu bat bere azalagatik? Areago, ez ote dugu inoiz erosi libururik azalak akuilatuta? Aste honetako saioan liburuen azalen inguruan arituko gara bi diseinatzailerekin. Zer eskatzen zaie liburu baten azala egiterakoan? Zelako askatasuna dute? Nolakoa da beren eta editore zein autoreen arteko elkarlana? Horretaz gain, azalen ezaugarri estiliskoen inguruan ere jakin nahi izan dugu. Zer behar du azal on batek? Zeintzuk dira erabiltzen diren teknika eta baliabideak? Zeintzuk egun boladan dauden estiloak?

Sautrela 382 from sautrela on Vimeo.

Elkarrizketaren atalean Lander Garro (Errenteria, 1975) izango dugu gurekin. Bere bigarren nobela aurkeztuko digu, Gerra Txikia. Aurrekoan Pontika auzoa erakutsi bazigun gazte baten begietatik oraingoan erbesteratu baten semearen burutik ezagutuko dugu Hendaia –eta bertako Orio auzoa–. Xabi Ugarte dugu protagonista, bederatzi urteko haurra, bere bi anaia-arreba zaharragoekin eta amarekin mugaz bestaldera aldatu behar dena aitarekin bizitzera. Han, GAL-en aro gogorrean, bortizkeriaren eta bizimodu aski petral baten mikatzak ezagutuko ditu. Halaxe joango da hazten Xabi: lehen amodioak, lehen ilusioak, lehen astinduak…

Beñat Sarasola Koldo Izagirreren lan zahar bati buruz jardungo zaigu. 1987an eman zuen argitara Mendekuak ipuin liburua, narrazio labur baina zehatz eta mamitsuz betea. Hura argitaratu eta zenbait hamarkada ostera nola irakur dezakegun azalduko digu Sarasolak.

Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin. (Gainera, bolada honetako azkena izango da saio hau, udazkenean itzuli arte etena eginez).

Sautrela 382: Lander Garro