Lanbide heziketa, aukeratzeko unean.

Administrazioan Euskaraz taldeak Lanbide Heziketaren aurrematrikulazio kanpainan Nafarroako Gobernuaren jokaera kritikatu nahi du (martxoaren 1etik 15era luzatzen da epea).  

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean, gazteek aukera ugari dute ikasten jarraitzeko. Ez da kontua soilik Batxilergoa eta Lanbide Heziketaren artean aukeratzea, Lanbide Heziketa aukeratzekotan espezialitateak askotarikoak baitira.              

Nafarroako Gobernuak Lanbide Heziketaren eskaintzaz informazioa emateari ongi deritzogu; egin duen moduari, ordea, ez.              

Egunkari batzuren bidez, seiorriko liburuxka banatu du. Ekimen horrek hurrengo kritikak merezi ditu:              

LEHENENGOA.- Informazio osoa gaztelania hutsean egin du. Euskararen Legea bera kolokan jartzen du horrela, egunkari horiek Nafarroa osoan zabaltzen baitira.              

BIGARRENA.- Informazioa ez da erabat zehatza. Leku gutxitan izanik ere, nonbait bada aukera Lanbide Heziketako modulu batzuk euskaraz egiteko. Horri buruz, hitzik ez.              

HIRUGARRENA.– “Diario de Navarra” eta “Diario de Noticias” aukeratzerakoan, beste egunkari batzuk baztertu ditu. Haien artean, adibidez, “Berria”, euskarazko egunkari bakarra. Hain zuzen ere, orain dela gutxi, prentsa euskaldunak bere estrategikotasuna onartzea eta publizitate instituzionala jasotzea eskatu ditu. Alferrik!  

Bestaldetik, birgogoratu behar dugu Hizkuntza Gutxituen Europako Kartaren aplikazioa aztertu zuten adituek erran zutena: Irakaskuntza tekniko eta profesionalean, eremu euskaldunean, euskarazko irakaskuntza bermatuta ez dagoela; konpromiso hori ez dela betetzen. Jakina, eremu “euskaldun”-etik kanpo ere bermerik ez dago.              

Azkenik, gazte euskaldunei, aurrematrikulazioa egiterakoan, espezialitatearen ondoan euskarazko hezkuntza nahi dutela azpimarratzea dei egiten diegu, oraingo egoera aldatzeko presioa egiteko.                       

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.            

Ordezkaria: Jose Miguel Betelu Ziganda (Iruñea).

Lanbide heziketa, aukeratzeko unean...

Irudia | Lanbide heziketa, aukeratzeko unean… | Google | LGPL

Administrazioan Euskaraz Taldea