Lanaldiak gora, egonkortasunaren lepotik

 Krisiak bete-betean eragin die kontratazio datuei. Gaindegiak argitaratu berri duen “Kontratazioak Euskal Herrian” txostenean eragin hori zenbaterainokoa izan den ikertzen da, kontratazio kopuruari ez ezik, kontratazioen kalitateari ere erreparatuz.

Kontratazioen bilakaera eskualdeka, Hego EHSoldatapeko landunen kopuruak, batez beste, %8,7 egin du behera Euskal Herrian 2007a eta 2014a bitartean. Azken hilabeteotako datuek diote Euskal Herria ari dela pixkanaka enplegua sortzen, baina kontratazio kopurua oraindik ere baxuagoa da 2007 urtearekin alderatuta. Aipagarria da landunen bilakaera oso bestelakoa izan dela Ipar eta Hego Euskal Herrian: Lapurdin eta, batez ere, Nafarroa Beherean soldatapeko landunen kopuruak gora egiten jarraitu du krisi urteetan ere, eta Zuberoan %1 baino ez da jaitsi enplegua. Hego Euskal Herriari dagokio lanaren galera: 1.041.425 landun izatetik 937.975 izatera igaro da zazpi urteren buruan (ia %10eko jaitsiera batez beste).

Hain zuzen, aldi baterako kontratazioen ugaritzeak erraztu du enpleguen galera; izan ere, kontratu mota honek malgutasun handiagoa ematen du bai kontratua abian jartzeko, bai eta eteteko ere. Horregatik, aldi baterako lanpostuen ia %30a galdu da Euskal Herrian 2007tik 2014ra, kontratu mugagabeen %0,7ko jaitsieraren alboan.

Landunen bilakaera

Gainbehera horren zama, batik bat, gizonek eraman dute. Euskal Herriko gizon landunen kopurua %15 jaitsi da krisialdian eta enplegua duten emakumeen kopurua, berriz, puntu bakarra. Besteak beste, industriaren gainbeheratik dator gizonezkoen jaitsiera nabarmen hori. Hala, gaur egun inoiz baino gertuago daude gizon eta emakume landunen kopuruak, ondorengo grafikoan ikus daitekeen bezala: enplegua dutenen artean %53,1 dira gizonak eta %46,9 emakumeak.

 

Enplegu desegonkorra

Lanaldi partzialaKontratazio kopurua jaisteaz gain, krisialdiak bidea erraztu dio bestelako enplegu eredu bati: ezegonkorra, behin-behinekoa eta oreka ekonomikorako helduleku eskasekoa. Gaur egun, Euskal Herriko soldatapeko langileen %21,1 ari da aldi baterako kontratuarekin, eta zifrak goranzko joera du. Hego Euskal Herriari dagokionean behintzat, egun sinatzen den hamar kontratutik bat baino gutxiago da mugagabea.

Lanaldi partzialen bitartez ere islatzen da ezegonkortasun ekonomikoa Euskal Herrian. Gaur egungo landunen %17,5ak du lanaldi partziala, baina mota horretako bost kontratutik lau emakumeek sinatzen dituzte. Europar Batasuneko testuinguruan, Euskal Herria batez bestekotik gertu dago (ikus grafikoa). Herrialde horietako askoretan, baina, gizarte politikek bermatu egiten dute lanaldi partziala hartzen duen pertsonaren gutxieneko autonomia ekonomikoa, diru-laguntzen eta bestelako hobarien bitartez. Euskal Herrian, eta Hego Euskal Herrian batez ere, lanaldi partziala hartzen duen landunak bere diru-sarrerak kolokan jartzen dituela jakitun hartu behar izaten du erabakia.

Industriaren gainbehera

2013ra arteko datuek erakusten zuten industria indarra galtzen ari zela gure ekonomian. Izan ere, 2007an kontratazioen %11 bigarren sektoretik zetorren eta 2013rako portzentajea %9ra jaitsi zen. Kontra, zerbitzuen proportzioa %79tik %84ra igaro zen.

2014ko datuek, ordea, industrian ia 200.000 kontratu sinatu zirela diote; 2013an baino %136 gehiago. Bizkaitik eta batez ere Nafarroa Garaitik etorri ziren kontratazio gehienak. Albiste pozgarria da itxuraz, baina oso kontuz irakurri beharrekoa. Izan ere, Nafarroa Garaian %24 igo da aldi baterako kontratazioa 2007a eta 2014a bitartean; aldi berean, kontratazio mugagabeak gehien murriztu dituen herrialdea ere bada. Kontratu berri hauetan behin-behinekotasuna eta ezegonkortasun ekonomikoa handiak direla pentsatzeko arrazoiak badaude, beraz.

Informazio gehiago eta txostena: www.gaindegia.eus