"Lan hau amaitzen dudanean, munduko pertsona zoriontsuena izango naiz"

NDQ5MQ==

Aro berri baten atarian gaudela esaten da behin eta berriz, hurbil ikusten al duzu bakea?

 Hurbil? Baina zer da hurbil? Segur aski datorren hilabeterako ez dugu lortuko, baina, argi dago orain arteko baldintza onenak ditugula bakea lortzeko: Alde batetik, une honetan ilegala den Ezker Abertzalea legeztatzeko aukera bat dago eta bestetik, ETAk adierazitako su eten egiaztagarri, iraunkor eta orokorrak asko lagundu dezake indarkeriarik gabeko testuinguru bat finkatze aldera. Nik uste; legalizazioa eta indarkeria eza, lortzen baditugu, benetako bake bat lortzeko oinarriak izango ditugula. Gu bide horretan gabiltza lanean.

Bide hori errazteko asmotan etorri da Nazioarteko Harremanetarako Taldea.

Bai. Bereziki elkarrizketa errazteko. Gauza oso garrantzitsua da bake prozesurako oinarriak sendotzea, baina ez da nahikoa, oinarrian badaude ahaztu ezin ditugun hainbat arazo; hala nola, politikoa, memoria, biktimak, berradiskidetzea… eta guzti horiek konpontzeko ezin bestekoa den elkarrizketa sakona bultzatu eta laguntzera etorri da Nazioarteko Harremanetarako Taldea. Orain ditugun baldintzekin akaso zaila da elkarrizketa hori hastea, baina, baldintzak eman daitezen lan asko egin behar da. Asko ikasi dugu 2006ko prozesuaz; bertan elkarrizketa egon zen, baina ez benetako alderdien mahairik. Horrelako akatsak ezin dira errepikatu.

 

“Ipar Irlandan bezala,

hemen ere ez dut uste

amnistiarik egongo denik”

 

Basagoitik esan zuen lehengoan “aspertuta” badaude, bitartekariek, “benetako gatazka bat” bilatu behar dutela. Nola konpondu daiteke gatazka bat, gatazkako subjetu batek, gatazkaren existentzia bera ukatzen duenean?

(irriak) Bai, bai… hori oso zaila da. “Gatazka” hitzarekin eztabaida bat egon da, dago eta egongo da segur aski etorkizunean. Nik horregatik nahiago dut beste hitz formula bat erabili: Arazo politikoa. Oso argi dago hemen arazo politiko bat dugula, ez baititugu gure etorkizuna eraikitzeko oinarrizko ideia eta iritziak partekatzen. Ulertzen dut Antonio Basagoitik gatazka dagoela ezin asimilatu izatea, baina aldi berean, uste dut elkarrizketa ezin bestekoa dela arazo politikoak gainditzeko. Horretan ados egon gintezke. Eten gabe diote horretarako dugula parlamentua, tira, bada erabili dezagun daukagun arazoa konpontzeko. Dena den, giroa aldatzen ari da eta Alderdi Popularrak duela hamar egunetik hona, asko aldatu du diskurtsoa. 

NDQ5Mg==

Zeintzuk dira etorkizuneko balizko bake eta elkarbizitza hori sostengatuko duten zutabeak?

Guk lau zutabe identifikatu ditugu. Lehenengo zutabeak indarkeria ororen desagertzea eta giza eskubide guztien errespetua bermatu behar du; bigarren zutabeak proiektu politiko guztiak, baldintza eta aukera berdintasunean, gauzatu eta defendatu ahal izatea; hirugarrenak dauzkagun arazoak konpontzeko elkarrizketa eta akordioak martxan jartzea eta laugarrenak, modu inklusibo batean, memoria eta biktimen errekonozimendua bermatzea. Lokarrin uste dugu, lau zutabe hauen baitan bake sendo bat eraiki daitekeela Euskal Herrian. 

 

“Sortu legeztatu

egingo dute”


Lau zutabe aipatu dituzu, baina, zer gertatuko da euskal preso politiko zein iheslariekin? Amnistia onartuko da?

Oso zaila da amnistia bat onartzea. Atzo bertan galdetu nion Brian Currini ea nolakoa izan zen Ipar Irlandako prozesua eta leku horietan ez zen amnistiarik egon. Irtenbide orokor bat bilatu zen preso guztientzat, irizpideak orokorrak ziren, baina ez zen amnistiarik onartu. Preso bakoitzak baldintza batzuk hartu behar zituen bere gain, askatasuna lortzeko. Hemen ere antzeko zerbait gertatuko da. Presoen kaleratzea memoriarekin uztartzean dago gakoa, ez dadin trantsizioan gertatu zena berriz gerta.

Aurreratu ditzakezu datorren egun, aste edo hilabeteetan emango diren aurrerapausoak?

Batetik, ETAk atentatu bat egitea oso zaila duela uste dut. Hori oso garrantzitsua da, izan ere, su etena mantenduz gero, baldintza oso onak izango ditugu bakearen alde lan egiteko. Nire ustetan Sortu legeztatu egingo dute. Arazoa da noiz legeztatzen duten, maiatzeko hauteskundeak baino lehen ala ostean.  

NDQ5Mw==

Sortu maiatzeko hauteskundeetan parte hartzen ikusten duzu?

Ez nago ziur. Arazoa ikuspuntu juridiko batetik aztertuz gero, ez dago aitzakiarik ilegalizazio egoera mantentzeko. Baina ikuspuntu politiko bat ere badago, eta zentzu horretan Espainiako gobernuak alderdien legea erabili dezake, momentuak eta denborak kudeatzeko. Hauteskundeak baino hamar egun lehenago Sortu legala izan daiteke, baina, hauteskundeak igaro eta hamar egunera ere bai. Hori Auzitegi Gorenaren esku dago. Gobernuak arduraz jokatu behar du eta aurkezten utzi. “Iruzurra” dela? Bada duela gutxi onartu dute Espainiako Parlamentuan erreforma bat, “iruzurra” balitz, hautetsiei kargua kendu ahal izateko.

Beno, eta Lokarrik zentzua galtzen duenean, zer egingo du Paul Riosek? Non ikusten duzu zeure burua?

Asko galdetzen didate honen inguruan. Lokarriko lana amaitzen dudanean mundu honetako pertsona zoriontsuena izango naiz. Gustura joango naiz langabeziara eta espero dut lana topatu ahal izatea, nahiz eta orain oso zaila izan.

Irudia | Paul Rios bere bulegoko leihotik begira | zz | Creative Commons By SA
Irudia | Paul Rios elkarrizketan | zz | Creative Commons By SA
Irudia | Paul Rios elkarrizketan 2 | zz | Creative Commons By SA
bakea, ETA, Legalizazioa, Lokarri, paul-rios, sortu, su-etena
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

2 pentsamendu “"Lan hau amaitzen dudanean, munduko pertsona zoriontsuena izango naiz"”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude