Lakaxita

Lakaxita

Ze kuriosoa. Ze enpeinua jartzen duten PSOE eta EAJ-ko udaletxeek beren proiektuak, beren hirigintza egitasmoak beti, beti, beti, gaztetxe baten gainean jartzeko. Kukutza botatzeko zer nolako presak, orain hutsune ikaragarri handi bat izateko Errekalden, besterik ez.

Irungo Lakaxita bota nahi du bertako udalbatzarraren gehiengoak, P(SO)E-P(N)V gidaritzapean. 62.000 biztanle dauzkan hiri bateko gazteek daukaten gune autogestionatua da, pertsona eta eragile ugariren zerbitzura, borroka eta sorkuntza ezberdinen bozgoragailu. Nire kasuan, adibidez, ez balitz Lakaxitarengatik ez nuen sekula Kasernarat taldea entzungo, ez eta Eneritz Furyaken ahots berezia; edota bertso-sex gau bat. Hori ni Irungoa izan gabe, pentsa zenbait gauza konta ditzakeen bertako batek.

lakaxitaLakaxita mugan dago, Irunen mundua beste modu batean begiratzen dutenentzat mugarria da, eta mugak jarri nahi dizkiote bere helmugara iritsi ez dadin.

Esan nahiko nuke udalaren erabakia zentzugabea eta ez dakit nik zer gehiago dela, baina ez zait horrela iruditzen. Badakite zertan ari diren. Lakaxitako gune autogestionatuan auzitan jartzen dira estatua, eliza, patriarkatua eta kapitala (besteak beste); hots, Irungo udaletxea. 

Ez dut pentsatu nahi unea iritsiko denik, baina hondeamakinak iritsiz gero, badakigu nola erantzun: pin pan, tori Lakaxitak! Pluralean, bertan dagoen indarra eta energia norabait kanalizatuko delako, alferrik ari dira.

Zertarako Lakaxita bota, eta lorategi bat jartzeko. Oso paradoxikoa iruditzen zait udaberria lorategiekin gelditzen saiatzea; burutik jota daude erromatar hauek. 

Lakaxita

Zer duzu buruan “Lakaxita”-ri buruz

  • Ttikia sortzailea eta eraldatzailea denean ultzera-sortzaile haundia izan ohi da desarrollismoa eta sasimodernismoa bultzatzen duten agintarientzat. Halaxe gertatzen da Irunen ere. 1983tik PSOE buru duen Irungo Udalak 2000ko hamarkada inguruan diseinatu eta oposizioko alderdi gehienek (ezker abertzalea eta, oker ez banago, IU izan ezik) onartutako plan zabal batean aurreikusia zegoen 2005etik Lakaxita gaztetxea den eraikinaren eremu ttikian eta horren inguruko eremu zabalagoetan 800 etxebizitza eraikitzea (Irunen ehunka etxebizitza huts dauden bitartean).

    Duela gutxi hainbat aldaketa onartu dituzte oraindik gauzatzen hasia ez dagoen plan horretan, baina hori baino lehenago egitasmoa beste egitasmo zabalago batekin lotu zuen Udalak, hain zuzen ere AHTren etorrerarekin eta honetarako berariaz egokitu nahi zuen tren geltoki intermodal-arekin eta honi atxikitako dendagune chic-arekin. Gaztetxearen eraikina (garai batean trengizonen kooperatiba izandakoa eta urtetan hutsik egon zena) bota nahi zuen, eta Gaztetxetik beherago, 50 bat metrora, pasatzen den norantza bakarreko kalea lau errei lituzkeen errepide zabal bihurtu; era berean, ondoko etxe zahar batzuk bota eta ikastetxe bat lekuz aldatzeko asmoa zuen… zertarako eta handik 200 bat metrora berreraikitzeko! Hori zen hasierako plana. Orain etxe zahar horiek eta eskola bere horretan utziko dituzte, ez, ordea, Lakaxita etxe zahar eraberritua.

    Irun deformatu eta izugarri itsustu duen desarrollismoak oraindik irentsi gabe daukan eremu berde gutxietako bat (bi baserri abandonaturen eta hauen zelaien ondoan enpresa zahar batzuek kutsatutako lurrak eta plastiko zatarrez apaindutako baratze ttikiak dituena) operazio urbanistiko baten bidez berreskuratu nahian dabil Udala, tokiko toponimiari eta historiari ere muzin eta trufa eginez eta ia-ia aberrazioa den eta deus adierazten ez duen izen konposatu bat asmatuz: San Miguel-Anaka (berez, San Migel auzunea, jatorriz Urantzu, Anaka auzo zabalaren baitan dago). 2000ko hamarkada erdialdetik Lakaxita gaztetxea barne hartzen duen eremu horrek eta inguru hurbilak (500 metroko erradioan) orain dela hamarkada gutxi arte 20 bat baserri zituzten, baita larre eta baratze franko ere, eta lur horien erditik Zubimusu izeneko erreka igarotzen zen, garbi eta agerian (1980ko hamarkada hasieran ura hodietan sartu eta porlanez estali zuten errekabidea).

    1960ko hamarkadako immigrazio masiboarentzat eraikitako etxebizitza blokeek, batetik, eta 1980ko hamarkadaz geroztik eraikuntzan izandako beste boom edo gorakadak, bestetik, arrunt itxuraldatu zuten Urantzu eremu zaharra ere, behiala herriaren izenean present zegoena (Irun-Urantzu).

    Dinamika desarrollista eta espekulatibo horri guziari aurre eginez, ordea, oasi kreatibo eta eraldatzailea izan da azken urtetan Lakaxita gaztetxea, gazteontzako bideratutako aktibitateetan ez ezik, heldu eta zaharrentzako ere. Auzotar askoren -bertako nahiz etorkin- harrera ona eta parte-hartzea lortu dute Lakaxitako gazteek bakarka zein auzoko elkarteekin eta norbanakoekin antolatutako ekimenek, eta horrek areago errotu du gaztetxea Urantzu eremuan. Baina langile auzune horretantxe jaioa izaki ere, bestelako filosofia eta helburuak ditu Irungo alkate txit gorenak, bere alderdiaren sigla mamigabetuei (socialista y obrero) kontra eginez -alderdiak duela hamarkada asko egindakoaren ildotik-, eta berarekin gustura bat egiten dute etekin ekonomikoa etekin sozialaren eta kulturalaren gainetik jartzen duten alderdi aliatuek.

    Lakaxitak (etxetxoa, inoiz ez zait gustatu gaztetxeari izena emateko aukeratu zuten izena, berez eraikinarena ez zen erdal izen bat k eta x grafiaz jantzi arren, baina tira, hori gutxienekoa da, mamia baita garrantzitsuena) metro koadro gutxi okupatzen ditu fisikoki, baina arrunt zabala da gure bihotzetan, baita gizarte hau hobetzeko oraingo eta etorkizuneko egitasmo eraldatzaileetan ere.