La Roja

Bihotzarena aitatu dudanez, ez nahiz orain hasiko selekzioari diodan nazka argumentatzen. Esango dizuedana da kontra egiteko argumentuak sendoagoak direla aldekoak baino; alegia: motibo nagusia ez dela euskal selekzio baten aldeko postura, edo euskaldunak españolen izenean aritze hori. Komunikabideen itsukeria da nazka ematen didana; españolismoaren gorazarre neurrigabea –bide batez, nabarmenduz hori patriotismoa dela eta gurea nazionalismoa, Real Academiak onartu berri duenez, “radikala” beti–; eta futbolistek ematen duten ikuskizun penagarria, sensibilidade estetiko minimoa duen edozeinentzat, une bateko euforia bi egunetan eta oholtza gainean antzezten jarrarazten dituztenean.

Otamendineko terrazan pentsatzen aritu naiz denbora luzez artikulu hau nola idatzi, eta “La Roja” metafora ona iruditu zait azken hamabost egunetan atentzioa eman didaten gauzei txartel gorria ateratzeko. Toki aparta da Otamendineko terraza –inork dudarik baldin badu, debaldeko propaganda honek ez du interes komertzial edo familiarteko loturarik–: lehengoan, Arranoko txistularien entsaioa entzunaz hartu nuen kafea, ilobei Cola Cao bana ematen nien bitartean; kioskoa frentean eta eskubitara Parrokiko erlojua. Ezkerretara, entretenimendua debalde: peatonala ez den zentroko kale bakarrean, kurba egiten duen lekuan, kotxeei erreparatzea gustatzen zait Makatzaneko etxeari arrasta egiten dioten ikusteko, edo kamioi handia baldin bada, izkina egiten duen dendako faroa jotzen ote duen ikusteko. Gehienak, espaloi gainera igotzen dira kurba ondo emateko.

Eta gero, bizikletak daude; Zarautzen, erruz ibiltzen da jendea bizikletan, batera eta bestera: umeak jolasean, etxekoandreak konprak egiten… ilobekin hizketan ari nintzen –izan ere umeak dira, baina haiekin ere hitz egin daiteke helduekin bezala–: “Begira, Mikel, hura ‘dirección contraria’n. Zenbat euro multa?”. Bostehun. “Begira, begira, beste hura kaskorik gabe. Zuk erabiltzen al dezu kaskoa?”. Ez. “Hirurehun euro multa”. “Eta bizikleta arbolari kandatzeagatik zenbat, Andoni?”. Ehun euro!

Txistea ematen du, baina ez da. Telebisioan eta guzti agertu zen gure herriko zinegotzi bat horren berri ematen, ETBko informatiboetan. Jakingo duzue informatiboek aspaldi utzi ziotela informazioaren bide zorrotzari, “magazine” estiloa lantzeko. Eta, tartean-tartean, jendea informatu baino nahastu eta iritzi partziala ematea besterik lortzen ez duten minutu bateko edo biko sasi-erreportajeak ikusiko dituzu; tajuzko erreportajeak, informatiboetatik kanpo eman beharko liratekeenak, gutxi.

Ba, esaten ari nintzena: gure herria, zibismoaren eredu jarri dute hiru probintzietan. Itxura batean arazorik ematen ez duen kontua da bizikletarena, eta Zarauzko herriak kanpora saltzeko duen eredu gutxienetako bat, orain bat-batean arautu beharreko problema larria egin zaiguna; betearaziko ez dituzten zigorrak, beteko balira bezala eredugarri jarriz telebisioan. Eredu ederrak, bai bizikletaren inguruan Zarautzen atera duten ordenantza, eta baita “zibismoaren” inguruan atera dutena ere. Herri imajinario batentzat eginak, azken muturreraino den-dena arautuz, zentzurik gabe.

Gai hau lagun arteko elkarrizketetan atera izan denean, baten batek esan dit ordenantzen errua ez dela Udalarena bakarrik; geroni ere, gero eta gehiago “yankiak” bezala jarriak gaudela, eta ezeren hutsik somatuz gero kejatzeko ohitura daukagula: umea kolunpiotik erori bada ez dugu pentsatuko gauza horiek gertatu egiten direla, eta hasiko gara pentsatzen denuntzia zeini sartu behar zaion. Arrazoi du: azken urteetan gizartea –eta geu, gizartearen parte garenez– asko aldatu da kontu horietan.

Hala ere, arazo horiek, beteko ez diren ordenantzekin konpondu nahi izatea ekibokazio izugarria da; hasieratik konturatzen baikara zer den neurrikoa eta zer den neurrigabekoa; eta, neurrigabekoa dena, arbitrarioa izaten da gehienetan: jeneralean ez baita zigortzen, baina inoren kontra joan nahi izanez gero legearen aitzakia erabiltzen da.

Legeak aplikatzeko aginduak ematen dituztenek, beraiek sinetsiko balute lege horietan! Ohituak gaude, agintean daudenak edo ezertan liberatuak daudenak, baliabide onenekin eta “hogeita hamaika eskutik” ikusten, normala hori delakoan. Gero etorriko da herriaren “normaltasuna”. Garraio publikoaren politika da horretan nabarmena: garraio publikoa oso ona omen da, erabili egin behar omen da, bakoitza bere kotxean mugitzea ez omen da “jasangarria”. Horretan diskurtsoa antzekoa da politikarietan eta ezkerreko mugimendu ekologistetan; gero, gehienek ez dute beteko. Beti dago aitzakiaren bat. Etorkinak eta gure ama bezala konduzitzen ez dakitenak, horiek dira, zarata askorik atera gabe, zerbitzu horiek erabili eta sufritzen dituztenak.

Gandhiren bizitzako anekdota politenetako bat iruditu zait beti, artean Hego Afrikan zegoela, tren zerbitzuarekin egin zuena: beti hirugarren klasean bidaiatzen zuen hark, alegia, ez klaserik onenean, txarrenean baizik. Defenditzen zuena da, “ongizatea” deitzen dioguna demokratizatzeko, bidea ez dela gutxi batzuk zerbitzu onak izatea eta pixkanaka haiek zabaltzea, ez: jende ezagunak eta agintariek zerbitzu txarrenak erabiltzea baizik. Lekutan gaude!

zarautz

Otamendineko terrazatik pixkat mugituta, ezin izan nion eutsi Musika Plazako kotxeei argazkia ateratzeko tentazioari. Bost minutu lehenago ikusi nuen Udaleko ordezkari bat kartel bat pegatzen, arratsaldeko kontziertorako. Eta, segidan, musikarien kotxe eta furgonetak Musika Plaza erdiraino sartu ziren, Trinidade Kaletik barrena, ehun metroko bidea eginez. Lagun asko ditut musikariak, eta ez daukat haien lanari traba gehiago jartzeko borondaterik; ez da hori kontua. Kontua da, antolatzailea zein den: batzuetan ez da behar ez ordenantzarik, ez paperik, ezta aurrez egin beharreko tramiterik ere Musika Plazara lau automobil sartu eta ordu erdiz han egoteko. Kontatuko banizueke ez zenukete sinetsi ere egingo, Zarauzko Udalean Kafe Torero-rako pibote bat kentzeko eskatu genuenean furgoneta batek Kale Nagusian hamar metroko bidea egiteko –hau bai, propaganda da: www.kafetorero.com–, nola ibili ginen Xabi laguna eta biok.

“La Roja” gehiago badaude Zarautzen: hondartzako banderak. Ba al zenekiten Zarauzko hondartzaren propaganda-triptikoetan, beti marea behean dagoela ateratzen dituztela argazkiak? Normala, ezta? Eta, nik ikusia da, argazki batean, arroketan fijo dagoen bandera gorria, horiz margotua? Ez da komeni itxura txarra ematea.

Akaso horregatik, neronek ere orain sei urteko argazkia jarri dut foro honetan, artean ilea kizkurra eta kanarik gabea nuenekoa. Nire hitzak itxura onarekin edertu nahian edo. Esan ditudan pekatu guztietatik inor ez baikaude salbu, neroni ez behinik behin.

 

Ondo izan.

 

 

Irudia | Zarauzko Musika Plaza, uztailaren erdian | Xabier Etxabe | LGPL

Zarautz (1974). Xabier ingeniaria izateaz gain, idazlea eta folklorean aditua....

Zer duzu buruan “La Roja”-ri buruz

  • mundialaz kokoteraino 2010-08-02 16:38

    Zur eta lur geratzen ari naiz azkenaldian zuzeun topatzen ditudan artikuluekin. Badakit udara dela eta askok ez dakigula zertaz idatzi baina mundialarekin “jo ta fuego” jarraitzea (gai orijinala hautatu duk sarrera osatzeko…) eta artikuluetan autopublizitatea egitea… Xabier, zure ustez artikulu hau irakurtzea premiazkoa al da?

    Seguruenik pentsatu duzue “ba, ez dik 2. parrafoa baino aurrerago irakurri”. Hau Internet dek txo!!! Idatzi webgune baterako!!!

    Egunean eta argudio gutxiago ditut zuzeu irakurtzen jarraitzeko…