L.Txarola eta Batzar Nagusietako erretratoa.

Mikel Huarte kazetariak SER kateko webgunean idatzitako berri batekin egin dut topo. Bertan dioenez, Lohituzne Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako Lehendakariak uko egin dio ohituraz lehendakari bakoitzak, legegintzaldi amaieran, margolari bati enkargatu ohi dion erretraturako posatzeari, eta horren ordez 51 batzarkideekin ateratako argazki bat proposatu du.

Sin título-2

Testuari lotuta datorren audioan Txarolak dio, legegintzaldiaren oroigarri bezala egin behar bada, logika gehiago duela batzarkide guzien erretratua egitea eta ez lehendakariarena, eta testuan, batez ere, arrazoi ekonomikoei ematen zaie garrantzia, aurreko legegintzaldiko margotutako erretratuak 12.975 €-ko kostua izan zuela azpimarratzearekin batera..

Hasiera batean, interesgarria iruditzen zait margotutako koadroen ordez, argazki erretratuak egiteko aukera ere mahai gainean jartzea, lehendakari bakoitzak aukeratu dezan bata edo bestea nahiago duen. Legegintzaldiaren oroigarri gisa egiten denez, lehendakariren batek batzarkide guztien erretratua egitea erabakitzea ere ez dut gaizki ikusten, badu bere logika. Ia hamahiru mila euro erretratu batean gastatzea askotxo dela ebatzi eta kostu hori jaitsi beharra dagoela esatea ere ez zait inolako astakeria iruditzen; baina pintatutako koadroa egin ordez, gastuaren merketzea argudio bezala hartuta, argazki erretratu bat egitea eta berez, askoz merkeagoa dela esatea, astakeri izugarritzat daukat.

Orain 20 urteko erretratua 2.764 € kostatu zela esaten zaigu, eta aurreko legegintzaldikoa 12.975€. Baina ez zaigu inon esaten ez dela hori erretratu batek balio duena, erretratu hori egin duen margolariak erretratuari jarritako prezioa baizik. Orain arte, lehendakariak aukeratu omen du margolaria, eta hark prezioa jarri dio bere obrari. Ni ez naiz sartuko garestia ala merkea den erabakitzen, eztabaida luzeegia izango litzateke eta. Diru askotxo dela? bai, baina horrek ez du garesti egiten.

Lohitzuneren hitzetan, argazki batek gehienez 500€ balioko lituzke. Nondik arraio ateratzen du zenbaki hori? Zein argazkilarik eginda balio ditu 500€? Margotutakoen kasuan artistari garrantzia eman zaion bezala, argazkiaren kasuan ere emango al zaio garrantzia argazkigileari?

Nik ezagutzen ditut erretratu ofizialak askoz ere diru gutxiagogatik egingo lituzketen margolariak; lehendakariaren irudiarekin orain arte egindako batzuek baino fidelitate handiagoa gordeko luketenak egin ere. Margolari ez den bati emango bagenioke, zer esanik ez: markoak balio duen kopuruari eurotxo batzuk gehitu eta listo, badugu erretratua. Baina nolakoa?

Sin título-1

Ez naiz hasiko hemen eztabaidatzen koadroek eta argazkiek balio beharko luketenaren inguruan, baina argazkia izatez, margotutakoa baino askoz ere merkeago dela esatea errespetu falta handi bat iruditzen zait.

Denboran iraungo duen kalitate oneko paper batean 1,20 metroko luzera duen argazki bat fundamentuz positibatu eta honi marko bat jartzea Txarola andereak uste duena baino garestiago ateratzen dela jokatuko nuke… baina asmoa edozein argazki dendatan ploteatutako irudi bat jartzea bada, 3-4 urteetara kolorea galduko duena, ba, kasu horretan 500 € ere astakeri bat iruditzen zait. Dirua zaborretara botatzea.

argazkia

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude