Kutxazainak, Kutxalagunak eta zaindariak

Industrializazioaren hastapenetatik datorren joera da: makinek gizakien lana ordezkatu dute. Horrek ez du esan nahi gizakiak zeregin gabe gelditu direnik, teknologiak aurrera egin ahala lanbide berriak sortu dira eta. Makinek dakarten abantailetako bat gizakion erosotasuna da. Edo horrela beharko luke izan, ez baita beti gertatzen.

Autozerbitzua

Deigarriak dira azken aldian inguruotako hiper-merkatuetan jartzen ari diren kutxa automatikoak. Hezur eta haragizko kutxazainik behar ez den tramankuluetan eroslea bera da orgatik produktuak atera eta banan-banan barra-kodeak hargailutik pasatzen dituena. Ohiko kutxez gain, Oiartzungo Al Campo-k autozerbitzurako sei makina ditu. Asmakizunari “Kutxalaguna” izena jarri diote eta Denborak aldatu egiten dira lelo inozoa du bidelagun.

Orain arte zuri burutik pasa ez bazitzaizun erosketak egiteko aukera hau, egon lasai, zugatik pentsatu dute eta hiper-merkatuen jabeek. Izan ere, barra-kodea laser ispilu baten parean jartzea, kreditu txartela makinatik pasatzea edo bueltak ematea ez da lanen artean gaitzena. Agian ez dago zertan pertsona bat kontratatu betebehar horretarako. Zergatik ez aurreztu paparrean izena erantsita duten kutxazainak Kutxalagunarekin ordezkatuz? Dozenaka langileren hileko soldata aise aurreztu daiteke makinen kostua ordaindutakoan.

Orain dela urte batzuk autotik atera gabe bete zitekeen depositoa gasolinaz. Gaur autozerbitzu nekosoa (eta arriskutsua) jarri dute leku gehienetan. Bide beretik, hiper-merkatuetako joera automatizatzaileak erabiltzaileari ez dio ia abantailarik eskaintzen, aldiz, lan erantsia eragiten dio. Teknologia guk geuk erabiltzeko lortu dugun gaitasunak (ukimen pantailak…), kasu honetan, bezeroa lan gehiago egitera behartzen du, prezio berean. Kutxazain automatikoak ez die bezeroei erosketa erosoagoa egiten. Ez dirudi erosleen artean zalapartarik piztu duenik zerbitzuaren murrizketak. Horren ordez, saltzaileen mozkinak areagotu ditu. A ze mauka!

Baina, oro ez da urre, ezta enpresarientzat ere. Hamarkada bat igaro da sistema hau AEBtan ezarri zutenetik, baina ez du nahi besteko arrakasta izan. 2007tik 2011ra %22tik %16ra jaitsi da kutxa automatikoen erabilera, Food Market Institute erakundearen arabera. Pertsona batekin hartuemana izaten duten bezeroak askoz ere asetuago gelditzen direla diote zenbait ikerketek. Dena den, ez pentsa kutxa automatikoak direnik erosketetan azken teknologia. Hego Korean metroko pantailen bidez egin daiteke erosketa smartphone telefonoei esker. Orgatik produktuak sartu eta atera gabe ere egin daiteke barra-kodea telefonoarekin irakurriz.

Lapurretak

Kutxa automatikoek  gabezia handiak ere badituzte. Lehena: ez dira arazoak konpontzeko gai. Demagun, makina bat hondatu egin dela edo ez duela produktua behar bezala irakurri. Zer egin kasu horietan? Oiartzungo hiper-merkatuan langile bat dago oztopoen aurrean laguntzeko eskatzeko prest. Hortaz, pertsonak ezin dira erabat erosketa katetik erautsi.

Bigarren arazoa: lapurretak. Gizalegearen arauak barneratuta dituzten tokietan (eskandinaviar herrietan, adibidez) lapurretaren tentazioaren harrari koska ez egiteko gai izango dira. Europa hegoaldean, aldiz, doako gauzen mirespena lamiaren abestia bezain erakargarria da askorentzat. Zaindari baten begiradapean izan gabe erraz asko aurreztu daiteke hileko erosketan. Produktuak poltsa batetik bestera mugitzea bezain erraza, laserrari izkin eginez. Gainera, norbaitek kasualitatez zer edo zer esanez gero, “ez dut nahita egin” aitzakiak libratu zaitzake pekatutik.

Esku luzeen “mehatxuari” aurre egiteko tresnez pentsatu dute merkatal guneen jabeek ere. Erresuma Batuan, dozena bat kutxazain automatiko eta hiru guardia pribatu nahikoa dituzte erosketaren unean tranparik ez dagoela ziurtatzeko. Logika bihurria dirudi zaindariak edonon jartzeak, baina, makur pentsatuta, ez al da enpresarientzako bide merkeena? Kutxazainez beharrean, ez al litzateke nahikoa hiper-merkatuak zaindari profesionalez eta kamerez betetzea?

Beste behin, zaindarien logika gaina hartzeko atarian.




dirua, Ekonomia, erosketak, hipermerkatua, kutxa automatikoak, negozioa
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude