Kutxabank

http://alteretaego.wordpress.com

Argazkia: Wild, asko gutsut
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 640×480 px (4:3)
Sortze data: 2012/05/12
Latitudea: 43º 19,408´ N
Longitudea: 1º 58,760´ W
Kamera: Sony Ericsson Xperia Arc S (LT18i)
Objektiboa:
Distantzia fokala:
Irekidura:
Esposizio denbora:
Sentikortasun eskala:
Flasha:

Alter dixit.

Geroz eta gustukoago dut arte erakusketak bisitatzera joatea. Artea baita, beharbada, eta futbolarekin batera, gaiaz ezer jakin gabe, edo oso gutxi jakinda behintzat, gure gogoeta propioak lasai asko plazaratzeko aukera ematen duen gaietako bat.

Artea, gainera, sinpleagoa da: nahikoa da gure argudioa gustatzen zait edo ez zait gustatzen batekin bukatzea. Artista askok euren ikuspuntua dogma bezala ezartzeko nahia konpultsiboki azaltzen duten arren, azken finean, horretarako egina baitago artea: gozatu eta, ditugun ezagupenekin edo eurok gabe, bakoitzak bere erara interpretatzeko.

Horregatik aurkitzen naiz hain jokoz kanpo, aspaldi honetan, bolo-bolo dabilen eztabaidaren inguruan nire iritzia eman ezinda: Kutxabank.

Informazioa, edozein gairen ingurukoa delarik ere, partzialki iristen zaigu eta, gainera, ausartuko nintzateke esatera, hala behar du. Dena egina ematen digutenean, besterik ezean, errezeloa sortu ohi zait. Horregatik izaten dut nahiago gai baten inguruan alderdi desberdinek diotena bildu, zentrifugatzaile batean sartu, eta nire ondorioak ateratzea. Aitortu behar dut, hala ere, Kutxabanken aferan ez naizela hori egiteko gai izan, orain arte behintzat.

Hain intoxikatuta ari da heltzen komunikabideetara edo sare sozialetara kontu honen inguruko informazio guztia, ez naizela gauza informazioaren muinera iristeko. Mundu guztia ari da bere argudioak emanez: alderdi politikoak, sindikatuak, laugarren pisuko auzokidea… Baina ekonomialarien hausnarketak, orain arte, bi baino ez zaizkit heldu. Eta bat Mario Fernandez-ena izan da, Groucho Marx-ek esango lukeen bezala, la parte contratante de la primera parte

Bizitzaren puntu honetan, erratuta egon naitekeen arren, ez naiz inortaz fio. Are gutxiago batzuei eta besteei, euren ikuspuntua azaltzen hasi aurretik, egiaren (edo gezurraren) parte bat baino ez direla esaten ari antzematen diedanean.

Ez dut argudiorik pribatizazioa ona den ala ez epaitzeko, ez eta pribatizazioa baten aurrean gauden ala ez esateko. Ez dut argudiorik kutxek bete duten gizarte arloko lana kolokan dagoen ala ez epaitzeko, ez eta gizarte arloko lan hori oraindik bizirik ote dagoen esateko. Ez dut argudiorik, laburbilduz, gertatzear dagoenaren alde ala kontra nagoen erabakitzeko.

Ziur dakidan bakarra da, gure sasoian, jaiotzen ginenerako, atxitxek eta amumak kontu bat irekitzen zigutela garai hartan Caja de Ahorros Vizcaina edo Caja de Ahorros Municipal de Bilbao zirenetan. Uste dut, gainera, sasoi hartan 100 pezeta ingresatzen zizkigula kutxak berak; duela lau urte eta piko adur-zapi bat ekartzera etorri zen klinikara neska atsegin bat.

Ziur dakidan bakarra da, gure sasoian, koskortzen hasten ginenerako, Sukarrietako kolonietan egonaldiak egiteko aukeraz gozatzen genuela. Gaur eguneko umeak aisialdi kanpusetan eman behar dute izena. Hemen bai pribatizatu dela, erabat, negozioa eta inork ez du bere ahotsa horren aurka altxa.

Ziur dakidan bakarra da, ekonomiaz ezer jakin gabe, aspaldi konturatu nintzela gure sasoiko kutxa haiek banku bihurtuta zeudela. Agian, horregatik atera nituen, duela sei bat urte edo, nire sos apurrak hogeita hamar urte lehenago irekitako kontu korronte hartatik. Norbaitek lapurretan egin behar badit, behintzat, aurpegira begiratu eta banku bat naiz, eta zuri lapurretan egitera nator diostan bat izan dadila.

Agian, hori da kontu honetan guztian garbi aterako dugun bakarra. Eta agian, orduan bai, berriz eramango ditut bueltan nire sos apurrak zeuden tokira. Bitartean, arteaz eta 8-10 urteko umeek arteaz plazaratzen dituzten iritziez gozatuz jarraitu nahiko nuke.

Ego dixi.