Agertu, aldarrikatu, asmatu: kulturaren estrategiak konfinamendu garaian

Agertu, aldarrikatu, asmatu: kulturaren estrategiak konfinamendu garaian –

Gorka Bereziartua Mitxelenak Argia aldizkariko Boligrafo Gorrian (apirilaren 12an).

Agertu, aldarrikatu, asmatu: kulturaren estrategiak konfinamendu garaian
Zarauzko Garoa liburu-dendak irakurleekin harremanetan jartzeko modu berria entseatuko du konfinamenduan pasako den Liburuaren Egunean.

Martxoko eta apirileko programazio kulturalak paper bustia bezala desegin dira. Itxita daude liburutegiak, liburu-dendak, geratzen diren disko denda apurrak, zine eta kontzertu aretoak, museoak, galeriak, antzokiak, kultur etxeak, dena. Eta badirudi konfinamendu egoerari aurre egiteko estrategiak astez aste berritzen direla kulturan lan egiten dutenen artean.

Lehen momentuan agerzaletasuna izan zen ideologia nagusia: streaming kontzertuak, bideo-konferentzia bidez egindako solasaldiak edo etxetik atera gabe museoetara egin daitezkeen bisita birtualak, besteak beste –ikus-entzunezko plataformen katalogo amaiezinetan murgil eginda, han eta hemen agertu diren film eta serie onenen rankingak ahaztu gabe, noski–.

Gero, egoera luzatu ahala, beste joera bat ikusten hasi gara, ostiralean eta larunbatean sare sozialetan deitutako itzalaldi kulturalean gorpuztu dena. Iragartzen ari diren hekatonbe ekonomikoaren aurrean administrazio publikoen aldetik ez dago neurri zehatzik kulturan diharduten langile askorentzat eta, hortaz, segur aski, zentzu handiagoa dauka aldarrikapen kolektiboak, problema bakarra etxean geratzea balitz bezala jokatzeak baino.

.

Publikoarekin harremana berrasmatu

Hirugarren tendentzia bat ere sumatzen hasi da: irudimena estutuz, egoerak permititzen duenaren barruan, kultur-bizitza berreskuratzen saiatzea edo konfinamendu-ostea prestatzea.

Horren adibide da Hendaiako mediatekak asteazkenetik aurrera egingo duena: aspaldiko printzipio bati segituz –Mahoma mendira ez badoa, mendia doala Mahomarengana–, etxez etxe mailegatuko dituzte liburuak eta bestelako argitalpenak, aurretik egindako eskariei erantzunez. Arriskuak gutxituko dituzte eta mediatekak ematen zuen zerbitzu publikoaren parte bat, gutxienez, berreskuratu ahal izango du Lapurdiko herriak.

Zarautzen berriz, Garoa liburu-dendak ekimen berritzailea jarri du martxan: aurten Liburuaren Eguna normaltasunez ospatzerik izango ez denez –lehenbiziko aldiz egongo da itxita Garoa egun horretan–, galdetegi bat proposatu diete irakurleei. “Emango dituzun erantzunetan oinarrituta liburu bat aukeratuko dizugu”, azaldu dute. “Behin ditxosozko berrogeialdia amaituta, liburu-dendatik pasa eta zure liburua jaso ahal izango duzu”. Aukeraketa pertsonalizatu horrekin, liburu-saltzaileen aholkulari funtzioa indartuko dute, Amazon bezalako erraldoiak konpetentzia desleiala egiten ari diren une honetan.

Agertzea, aldarrikatzea, asmatzea. Horiek eta gehiago ere beharko ditu kulturak, krisi honen eraginez laster etorriko diren “beharrezko sakrifizioen” zerrendan lehenbiziko postuetan egoteko aukerak ez baitira gutxi.

Agertu, aldarrikatu, asmatu: kulturaren estrategiak konfinamendu garaian

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.