Kultura barik pobreak gara

Kultura barik pobreak gara –

*Izenburua Xabier Agirrek Gaztezulon emandako iritzi batetik erauzi dut  

.

Iraultza gailendu zenetik munduan izan diren era guztietako hondamendietan trukean ezer eskatu barik laguntzen aritu diren mediku kubatarretako batzuei irakurri diet elkartasuna ez dela soberan duzunetik ematea, duzuna banatzea baino. Esaldi horregaz bat eginik sumatzen ditut euskal kulturgintzan bidelagun ditudan hainbat kide COVID-­19ak erasan gintuenetik. Duguna elkarbanatzen. Bi  musikarik martxoaren 16an nork bere facebookeko bozgorailutik salatu zuten itxialdia hasi eta berehala etxetik zuzeneko emanaldiak doan eta debalde eskeintzeko hainbat eskari jaso zituztela eta eskari horien falta sumatzen dutela urte osoan zehar. Ordutik gaur arte hainbat hedabide eta sare-­sozialetan COVID-­19a kulturgintzan eragin(go) duen kalteei buruzko hainbat iritzi artikulu, elkarrizketa eta erreportaje argitaratu dira, kulturgintza osatzen dugun eragile  askotarikoen errealitate gordina plazaratuz. Eskerrak eta zorionak eman gura  dizkiet komunikabide horiei, COVID-­19aren aurretik urteetan egin duten eta  konfinamenduaren ondoren egingo duten eran, gure kulturgintzaren hedapenean merezi dituzten baino lan-­baldintza eta baliabide ekonomiko eskasagoekin lanean dihardutenei. Kulturgintza ekosistema gisa ez ulertzetik datoz streaming bidezko emanaldiak eskeintzeagatik bai sortzaile batzuengandik bai zale batzuengandik jasotako kritika negatiboak. Ez baitira gauza bera euskalgintzatik edo bestelako herrigintzatik sortutako komunikabideak, komunikabide publiko bat eta botere neoliberalaren betikotzea eta euskal kulturgintzaren desagertzea desiratzen duen  komunikazio talde pribatu bat. Ez dira gauza bera eta kulturgintzaren ekosistema osatzen dugunok jakin behar genuke bereizten. Urteetan euskal kulturgintza estrategikoki hedatzen aritzen diren kazetari eta komunikabideak gure ezinbesteko bidelagunak dira, kulturgintzaren ekosistemaren ezinbesteko eragileak. Beraiek gure errealitatea zein den azaltzeko plazak eskeini dizkigute eta  guk gure kexa, kritika, aldarri, proposamen, iritzi eta enparauak lau haizetara zabaltzeko baliatu ditugu. Baina, sortzaileok, zaleok, ezagutzen dugu euren egunerokoa? Badakigu zein lan-­baldintza dituzten? Badakigu zenbat langile dituen  komunikabide bakoitzak Euskal Herri osoko kultur adierazpide guztietako  sorkuntza lanen berri emateko? Badakigu erdarazko komunikabideen aldean  jasotzen duten babes publikoa ez dela inondik inora nahikoa?

Koronabirusak eragindako konfinamendua hasi zenetik komunikabide batzuetan plazaratutako iritzi, elkarrizketa, erreportaje eta enparauak sarean eskuratuta dokumentu bakarrera bildu ahal izan ditut. Guztiak patxadaz aztertu ostean, osagarriak datezkeen zenbait gogoeta eta ekarpen partekatu gura nituzke zuekin:

.

Herrikideei kulturgintzaren balioaz jabetzeko eskatu diegu. Babes soziala ments dugu.

Kulturgintzan autonomo gisa lan egiten duen beste musikari batek halaxe zioen: “(…) Izan ditzagun langile arruntek dituzten eskubideak, eta gizartea kontzientziatu dadila; eman diezaiogun arteari merezi duen balioa”. Eta nola ematen zaio arteari merezi duen balioa? galdetu diot neure buruari. Aspalditik eskatzen dugun eztabaida sozial zabal batetik erdietsiko genituzkeen erantzunen zain egon gabe ausartuko naiz ihardestera: sorkuntza iraunkorki sustatuz herritar ororen garapen integralerako ezinbestekoa den adierazpide gisa, sortzaileon baldintza laboralak duinduz, sortzaileoi ganorazko plazak eskeiniz, hedabideetan leku gehiago eginez (horretarako hedabideak indartu behar ditugu diru publikoarekin, kazetari gehiago izan ditzagun kulturarako eta batez ere, lan-baldintza duinekin) eta transmisioaren bitartez (horretarako hezkuntza arautuan kulturgintza jasotzen duen azpi-­kurrikuluma behar dugu, hezkuntza ez-­arautuan ari direnei euren jarduna arautu behar zaie eta aisialdirako eskeintza kulturala esponentzialki biderkatu behar dugu, batez ere gazteen artean bai eta belaunaldiartekotasuna sustatuko duena ere). Industria gisa definitu gaitzakeen gure jarduna soilik ezin daiteke onarpen sozialerako giltzarri izan. Kultur industria sano garrantzitsua da baina ekosistemako gainontzeko eragileak makal badabiltza alferreko inbertsioa da, nori eskeini ez baitu izango. Kulturgintza industria legez ere sano garrantzitsua da eta hori nabarmentzeak ez ditu kulturzaleak sortuko. Eta horixe da datozen urteotarako dugun erronka nagusia: kulturzaleak sortzea da. Sortzaileak izango diren zaleak behar ditu euskal kulturgintzak, amateurrak eta profesionalak. Antolatzaileak izango diren zaleak: herri ekimenetan edota erakunde publikoetan arituko direnak. Kulturgintzaren industriari emanak biziko diren profesionalak bihurtuko diren zaleak behar ditugu. Kultur kazetaritza jorratuko duten zaleak behar ditugu. Etxean, hezkuntza arautuan, ez arautuan zein  astialdian transmisioa bermatuko duten zaleak sortu behar ditugu. Euskaraz  sortzeko, lan-­egiteko, informatzeko eta hezteko grina izango duten herrikideak  behar ditugu. Zertarako? Gure kultur ekosistema iraunarazteko.

Kultura barik pobreak gara
Argazkia: Luzulabo.

Erakunde publikoek hartuko dituzten erabakien zain gagoz. Akaso jarrera  aldatu behar dugu.

Administrazioak, instituzioak, erakunde publikoak kulturgintzaren ekosistemako parte ez balira bezala jokatzen ari garela iruditzen zait, kulturgintzaren ekosistematik kanpo uzten ditugula, etsaiaren lubakian. Horrek menpeko bihurtzen gaitu de facto erakunde publikoei onartzen diegulako kulturgintzarako estrategikoa zer den erabakitzea, zehatzago esatearren, erakunde publikoak gobernatzen dituzten alderdi politikoei. Guk eskatu egiten diegu, eurek erabaki. Eta hori hankasartze endemikoa dela iruditzen zait, hamarkadetan gainditu ez  duguna. Nire uste harroan gure kulturgintza ezin dugu erakunde publikoen esku utzi hain gutxi turbokapitalismoa sustatzen duten alderdi politikoen erabakien menpe. Euskal kulturgintza ekosistema osatzen dugun eragile guztiok auzolanean eta sinkronizatuta salbatuko dugu edo etorkizunean hautaketa naturala ankerki gailenduko da; indartsuak aurrera, ahulenak zulora, horrenbeste erakutsi diguten zaharrekin gertatzen ari dena. Orain, COVID-­19aren larrialdiak gehien kolpatu dituen ekosistemako eragileak babesteko premiazko neurriak behar ditugu. Baina konfinamendua amaitutakoan, 2008an irentsiarazi ziguten krisitik Zaintza Bereziko Unitatean dagoen gure kulturgintza luzarorako osasuntsu iraunaraziko duen Euskal Kulturarentzako Plan Estrategikoa proposatu, eztabaidatu, adostu eta  gauzatu behar dugu. Eta bidean ez Frantziak ez Espainiak ez beste inork oztopo gaindiezinik jar ez diezagun, babes juridikoa behar dugu: Euskararen Lege  eguneratua eta Kulturaren Legea, zeinak jasoko lituzkeen bere baitan  Sortzailearen Estatutua edota Kulturaren Sarbiderako Eskubideen Legea. 2008ko  krisia baliatuz jasan genituen murrizketa bortitzei gehituko zaizkie krisialdi honen aitzakipean arrazoituko dizkiguten murrizketak. Kolpe honen ubelak urteetan iraungo digu.

.

Kulturgintzan eta sakabanatuta gauden eragileon arteko auzolana dateke bidea.

Eta hain zuzen ere shock egoera honek dakarkiguke argitasuna, agian itxaronaldi hau da zain egoteari uzteko behar genuena. Berbarako, inoiz baino azkarrago elkartu dira kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragile batzuk “Zuzeneko arteen batasuna Covid-­19ri aurre egiteko” deritzon komunikatua adosteko (EAB,  Eskena, ADDE, Artekale, Besteok, EZE eta Musika Bulegoa). Mahai-­tekniko bat  osatu dute eta zuzeneko kulturarekin lotutako erakunde publiko eta pribatu oro gonbidatu dute mahai horretan parte har dezan. Luzatu duten gonbidapenari  kulturgintzako ekosistema osatzen dugun ahalik eta eragile gehienek erantzun beharko geniekeela iruditzen zait eta Durangoko Landakon batzartu gintezkeela egoerak baimentzen digun bezain laster. Mahai-­tekniko horretan modu  iraunkorrean lan egingo duen bilgunea abiarazi genezake, euskal kulturgintzaren ekosistemako eragile guztiei irekia, alegia, Euskal Herri osoko eragileak bilduko dituena, ez EAEkoak soilik.

.

Akaso gakoa paradigmaren erabateko aldaketan datza.

Larrialdi honek munduan eta Euskal Herrian milaka lagunek urte luzetan aldarrikatu dugun paradigmaren aldaketa ezinbestekoa dela azalerazi digu, bere gordintasunik aratzenean. Elkarrekin bizitzeko modua aldatu behar dugu, bertikala etzanarazi. Hauteskunde zikloeran arabera erakunde publikoak gobernatzen dituzten alderdi politikoen menpekotasunetik askatu behar dugu gure bizimodua. Kulturgintzari dagokionez, ezin dugu euskal kulturarentzat estrategikoa zer den lau urtetik lau urtera aldatzen diren arduradun politikoen esku utzi, ezin dugu etengabe Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Elkargoaren, Aldundien edota Udalaren erantzunaren zain egon. Ekosistemako  eragile guztiok dugu elkarren beharra. Eragile bakoitzak, bere aldetik jokatzen badugu, eragile bakoitza bere aldetik erakunde publikoetara jotzen badu soilik bere interesak babesteko, oker dago. Atzerakontu bat baino ez da porrota. Kulturgintzarena kolektiborik zaurgarrienetakoa dela nabarmendu dute egunotan  iritzia eman dutenetako gehienek. Gu baino zaurgarriagoa den kolektibo batek Landakon elkartuta arrazoi askorengatik txunditu gintuen. Bat, paradigma aldatzeko euren gaitasunean duten uste osoa. Kulturgintza ekosistema bat garela,  auzolanean eta sinkronizatuta aritu behar garela barneratu eta ekosistematik kanpo sentitzen diren herrikideei ulertarazten badiegu, paradigma eraldatuko  dugu. Goazen ba babes sozial, politiko, juridiko eta ekonomiko horren bila.  Sormena ez dago krisian eta badugu nori ikasi.

.

Idatzi honen bertsio laburtua Berria egunkarian argitaratu zen atzo: Eztabaida Gela, “Kultura geldirik”.

Kultura barik pobreak gara  Kultura barik pobreak gara Kultura barik pobreak gara