Kultur aniztasunaren ertzak eta biribilak

Kultur aniztasunaren ertzak eta biribilak –

Aniztasuna mosaiko bat da. Ertz zorrotz eta biribilak ditu. Argi-ilunen artean ortzadarraren koloreak ateratzen zaizkio aniztasunari. Dinamikoa da, desberdina dena integratu nahi du, aberastasun gisa ikusten du bestea eta begirunez tratatzen du. Hala eta guztiz ere, gatazka iturri nagusia da bizi garen munduan. Estatuen logika uniformeak zein erlijio eta ideologia garbizaleek zerikusia dute horretan. Gatazkak bizi gaitu usu, bortizki bizi ere.

Kultur aniztasunaren ertzak eta biribilak
Ilustrazioa: Mirta Toledo

Kultur aniztasunak arlo ugarirekin du lotura: identitatea, hizkuntza, lurraldetasuna, generoa, ingurumena… Uniforme bihurtzeko joerek, komunitate bat diskriminatu nahiak, eta horiei aurre egiteak, ekartzen dute talka eta gatazka. Gizartea kohesionatzea izanik helburu, gatazka beste era batera kudeatu behar da. Ohitura, sinesmen eta pentsamendu asko eraldatu behar ditugu. Euskaldunona bezalako kultura gutxiagotu batetik ikusita mundua, mehatxuak aukera bihur daitezke.

Herriak isolaturik bizi izan ziren garaiak pasatu dira: gurpila, garraioa eta teknologia asmatu eta garatu diren garaian bizi gara.

Herrien arteko harremanek forma ugari ezagutu dituzte historian zehar. Lurra lantzen eta animaliak ehizatzen hasi zenetik, nomadismoa, bake eta gerrateak, kolonialismoa eta inperialismoa, sistema ekonomikoek eragindako pareko edo menpekotasun egoerak genero, klase eta herrien izaeran.

Erdi Aroak, bi industria iraultzek eta murgilduta gauden iraultza teknologikoak etengabe uzten dizkigute mezu ekonomikoak, klimatikoak, energetikoak, sozialak… munduaren garapenari aurre egiteko presta gaitezen.

Sistemak berak (globalizazioak, gerrateek…) sortutako immigrazioari hesiak jarri nahi zaizkion bitartean, Euskal Herria prozesu bikoitzean murgilduta dago. Batetik, barrura begira, bere kultura eta hizkuntza mantendu eta munduratzeko. Bestetik, kanpotik datozen kulturei bide emateko, bai immigranteen integrazioaz, euren kultura errespetatuz, baita bestetik datozen ekimenak bideratzeko ere: nazioarteko jardunaldiak, ikerketak, museo erakustaldiak, eta, oro har, teknologiaren garapena eta gizarte-harremanak.

Gaia konplexua da, zalantzarik gabe. Tradizioa mantendu eta gaurkotzea. Mestizajearen eta asimilazioaren artean interes sozioekonomiko asko tartekatzen dira, ezin baitugu ahaztu gai hauen atzean mundua eta giza harremanak kudeatzeko interes desberdinekin topatuko garela.

Jarrera integratzailea naturara eta ingurumenera ere hedatu behar da. Izan ere, antropozentrismoak bide ilunetatik garamatza. Ikuspegia zabaldu behar du gizakiak bere burutik harago, espeziearen barnean eta beste espezieekiko errespetuz arituz. Ikuspegi espazialagoa landu behar du, gainera, natura eta ingurua kontuan hartuz.

Eduki dezagun garbi, hala ere, kultura eta hizkuntza aniztasuna dibertsitate biologikoa bezain beharrezkoa dela, eta, ondorioz, bateratzaile izateko asmoz, hurrengo belaunaldiei transmititu beharreko ondare komuna.

 

Hizkuntza aniztasuna, immigrazioa eta euskara

Azken bi hamarkadetako immigrazio fluxuak jatorri atzerritarreko biztanleria ugaritzea ekarri du, eta Euskal Herriko biztanleriaren %10-15 hartuko du gaur egun. Horrek berak hizkuntza ugari ekarri ditu. Kultura eta hizkuntza ohiturak zehatz ezagutu eta gaia behar bezala kudeatzeko, azterketa eta protokoloak beharko lirateke.

Oraingoz biztanleriaren datu estatistikoetatik ateratako ondorio orokorrak ditugu, eta horrek hipotesiekin lan egiteko aukera bakarrik ematen du; potentzialki hainbat hizkuntzaren jabe dira pertsonak, baina haien ohiturak eta erabilera ez ditugu ezagutzen.

Horiek horrela, ondorioztatu da Euskal Herrira 120 hizkuntza baino gehiago iritsi direla immigrante berriekin (arabiera, amazigera, errumaniera, portugesa, mandarin txinera, kantonera, wolofera, fula, serere, frantsesa, jorubera, igboera, hausa, urdu, punjabera, Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako herrialdeen gaztelania…). Horiez gain, jatorrizko estatuetan gutxiagotuak dauden beste hizkuntza batzuk ere badira: kitxua, aimara, guarania, nahuatl… Eta, kopuru txikiagoan, honako estatu hauetatik etorritakoen hizkuntzak: Ukraina, Alemania, Erresuma Batua eta Errusia. Era berean, aintzat hartzekoak dira beste erkidego batzuetatik etorritakoek ekarri dituzten hizkuntzak: galegoa, katalana…

Immigrazio hori nagusiki arrazoi ekonomikoetan oinarrituta dago. Datu demografikoei dagokienez, jatorri atzerritarreko biztanleen artean emakumeak eta eskolatze garaian dauden ume zein gazteak dira nagusi. Horrek lan-munduan eta hezkuntzan euskararen biziberritzeak duen garrantzia nabarmentzera eramaten gaitu. Era berean, etorri berrien harrera protokoloek duten garrantzia azpimarratu behar da. Protokolo horietan euskararen biziberritzearen atala jasotzea ezinbestekoa da.

Testuinguru anitz horretan, komunitateak protagonismo berezia hartzen du, ezin baita soilik administrazioen esku utzi gutxiagotutako hizkuntza eta kultura baten biziberritzea; ikusi delako, halaber, herri jardueren bidez hiztunak irabazten direla.

Aurreiritziak ere gainditu egin behar dira. Hizkuntza batzuk ez dira beste batzuk baino zailagoak; hizkuntza batek ez du hitz egiteko modu bakarra; hizkuntzen arteko harremanek ez dute kalterik sortzen. Irauteko gakoei dagokienez, kopurua baino garrantzitsuagoa da hizkuntza komunitatearen gaitasuna aniztasunean (Papua Ginea Berriko hizkuntza aniztasunean ikus daiteke hori, adibidez).

Hizkuntza eta kultura aniztasuna zerbitzatuta dago. Ez da egoera berria, betidanik izan da hizkuntzen eta kulturen arteko topaketa. Baina gero eta konplexuagoa da, ugaritu egin delako biztanleriaren jatorria. Sukaldaritza onaren sona duen herriak osagai horiekin guztiekin sukaldean aritzen asmatuko du harmonian bizitzeko, ziur. Euskararen biziberritzeak erronka berriak eta handiak ditu.

berriarentzat egindako kolaborazioa

Kultur aniztasunaren ertzak eta biribilak Kultur aniztasunaren ertzak eta biribilak Kultur aniztasunaren ertzak eta biribilak

Berrikuntza eta kulturgintzako eragilea

6 pentsamendu “Kultur aniztasunaren ertzak eta biribilak”-ri buruz

  • Etorkinen gehiegizko etorrera euskararentzat jasanezina da.

  • Globalisten gehiegizko etorrera irakurleontzat jasanezina da.

  • Egunkariak eliteen bozgoragailu bilakatu dira. Euskaldunontzat zer eta kolonialismo gehiago eskatzen duen artikulu hau adibidez. Inork eskatu du? Euskaldungoaren kezkaren bat asetzen du? Ezer interesgarria edo modu dibertigarrian komunikatzen du? Ez, bai ala bai irentsiarazi nahi diguten zerbait da bistan denez.

  • Kultur aniztasuna gusto txarreko nahaste borraste bat bertzerik ez da,deskulturazio prozesu batean murgildu gaituzue gure iritzia galdetu gabe,benetan guria zen bertako kultura eta europa mailan goi mailako kultura deitzen zena galtzeko zorian daude zuen kultur aniztasuren esker.
    Demagun labana bat daukagula,aski fina,zorrotz eta polita,bere lan ederki asko betetzen duena.
    Xafla eta kirten aldatu ezkero, jarraitzen al du labana bera izaten?

  • Ergo…kultur aniztasuna = kultur aldaketa, eta ez hobera preziski.

  • Eragilea? Uste dut eragin aditzaren erabilera sobera eragin duela. Kultur, zer kultur? Pakistaneko, Txinan, Afganistanen, Indian, Kanadan, Txilen, Estatu Batuetan, Balutzostanen eta Euskal Herrian ikusi nahi zintuzke kultur jotzaile.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude