Kukutza III errekaldeko altxorra

5962171105_5228bd9da6_oOraindik gogora nezake nola txikitan, iluntzeetan, auzokoak plazan biltzen ginen, eguneko gorabeheretan eta antzinako pasadizuetan zehar gora eta behera jolasean norbera bere irudimenean zehar. Gaur egun ordea, iluntzearen lanbroekin beraien argi apala nahasten duten farolez apaindutako kaleetan, gure urratsen hotsak baino ez ditugu entzuten.

Hala eta guztiz ere, kalearen amaieran, bada txoko bat, gaztetxe bat, non ametsak egi bihurtzen diren. Kukutza III du izena. Urteetan zehar, Bilboko Errekalde auzoa aberats bilakatu duena. Han ez da auto garestirik ez luxuzko etxebizitzarik ikusten, baina auzokideak ugaritasunean bizi dira. Batzuk antzerki saioetan pertsona ezberdinen bizitzak bizitzen, beste batzuk txirrindu bilketan haur etorkinek eskolarako joan-etorria egiteko garraio merke eta egokia izan ditzaten, badaude ere animalien eskubideen alde bazkari beganoak prestatzen dituzten sukaldariak, gure dastamenarentzat gozamena sortzen eta bide batez, herritarren ekonomian laguntzen, menuak benetan merkeak direlako.

Hauek bezalako milaka adibide daude, Koblakari malabaristen elkartea, Kukutza eskalada taldea, etab. Guztiak aipatu nahi nituzke, baina ezin, Kukutza III gaztetxean egiten den guztia hain denez handia, espazio hau auzoko benetako kultur etxe bilakatu da. Errekaldeko bizilagunen ametsik goxoenak egi bilakatu ditu, eta horregatik dira horren aberatsak, euren altxorrik handiena gaztetxea delako.

Guretzat ere, hacktibismoaren ikuspuntutik, Kukutza III gaztetxea espazio eta pertsona komunitate oso maitatua da, eta beharrezkoa. Beti hartu izan gaituzte primeran eta ekimen ugari egin ditugu bertan, auzokideen laguntzaz. Ikastaro ezberdinak (Debian GNU/Linux, datu baseak, autodefentsa digitala), KKKP-ak, software libredun ziberkafea sortu, hardware tailerrak…

Egun hauetan ordea, bizkarrezurra hotzikara zorrotz batez zeharkatzen digun mamua dabil auzokideen artean, eta auzokideak ez garenon artean ere. Cabisa eraikuntza enpresak Kukutza III gaztetxea bota nahi du. Epaileak eman dio Ertzaintzari desalojo agindua. Egun hauek dira gogorrenak, ez dakigulako noiz etorriko den polizia gu hemendik ateratzera.

Errekaldeko altxor handiena suntsitu nahi dute, auzoa txirotu. Tailer eta ikastaro ezberdinak, sukaldea, barazki jantoki herrikoia, eskalada taldea, ziberkafe librea, haurren txokoa, eta barruan dagoen guztia makina erraldoi baten palaz jo eta hauts bihurtu nahi dute. Auzoaren benetako bihotza desagerrarazteko ahaleginetan ari dira. Azken urteotan bizi izan dugun eredu demokratiko eta ekonomikoaren islada besterik ez da hau. Haurrak eta Kukutzan bizi direnak kalera eta auzokideen ilusioak zakarrontzira bota nahi dituzte, beno, birziklapen edukiontzietara. Ez dezaten pentsatu ba pertsona gaiztoak direnik.

“Kukutza ikutu bez!” esaten genuen, eta gaur diogu ez direla pasako. Gu barruan egongo gara, beste denekin, gure espazioa defendatzen, nahiz eta atxiloketa eta kalte fisikoen mehatxupean egon. Azken finean, Kukutza III da iluntzeetan auzoko plazan zegoen nire barneko haur hura esnatzen duena, berriz ere, auzokide, lagun eta senideen artean sentituz bere burua.

3 pentsamendu “Kukutza III errekaldeko altxorra”-ri buruz