Kukuak makur jo dio

Kukuak makur jo dio –

Kukuak makur jo digu guztioi. Baina kukuak makur jo dio, batik bat, sistema kapitalistari: COVID-19ak jokoz kanpo harrapatu du; eta gure “erregea” biluzik dagoela ikusi ahal izan dugu.

Kukuak makur jo dio

Kukuak makur jo dio

Ondrak atera beharko

Ondrak (urtebetetze-mezak), ez martxoko  txoriarentzat, jakina, baizik kukuak biratuta aurkitu dituenentzat.

Batzuek behintzat garbi ikusi dugu, oraingo une historiko honetan, gure mundu pribilegiatu hau, bere globalizazio-bokazio eta guzti, ez dagoela prestatuta ate-joka daukagun apokalipsi-fase berriari aurre egiteko. Oraintxe da ezkerraren eta bere alternatibaren ordua. Hauteskundeez haratago, bere ikuspegi globala plazaratzeko unea eta aukera.

Jauzi kualitatiboaren itxaropena.

Eskerrak eboluzioaren garapenean jauzi kualitatiboak gertatzen direla. Fisika eta biologia mailan gertatzen direnean,“kaos edo katastrofe egoera” deitzen diote. Baina giza historian ere gertatzen da halakorik: nork pentsa zezakeen, kasu, Kaukasoz iparreko estepatik Europarantz mugitu ziren nomada arioek zibilizazio autoktonoak eraitsi eta gaur egun daukaguna ekarriko zigutela. COVID-19 da inork aurreikusi ez duen egoera. Gainera, Marlaskaren agindupean “diktatzen” ari diren neurriak, kaos eta kontraesanez beterik,txiste bihurtu dira gizarte-sareetan.

Dena dela, batzuek badugu susmo nahiko ere: krisi honi betiko eliteak etekina ateratzeko asmoa duela. Hots, euren sistema berrantolatzeko asmoa. Gogoratzen “re-estructuración” hitza?

Dena dela, aldaketaren zain gaudenontzat, bada aski aldaketa-zantzurik. Batetik migrazio masiboen atarian gaude, haien lurralde guk geuk suntsitu ondoren. Horri, mehatxu guztien ama den klima aldaketa gehitu behar zaio, bere ondorio kalkulaezinekin. Gehi prekarioek osatzen duen gizarte-klase hazkorra. Egur-meta nabarmena aurreko guztia, jauzi kualitatibo bat gerta dadin.

Hazkunde sostengarria ala des-hazkunde sostengatua?

Planeta eraman dugun puntura iritsita, suizida litzateke “desarroilismoa” mantentzea. Desazkundea (Ekonomia Ekologikoa) ordea, sistema kapitalistaren hondamena litzatekeenez, aberatsen %1 horrek (Estatu Sakonak) pobreen sarraski masiboa erabakiko du, haren esku uzten badugu gure patua.

Guk geuk erabaki behar dugu etorkizuna, dauzkagun baliabide guztiekin. Teknologia ez dago gure esku, zoritxarrez: horra erronka: elikadura, energia eta teknologiaren burujabetza. Baita COVID-19arena. Eta ni neure buruari galdezka: ba ote dago hainbat arlotako burujabetza horiek lortzerik nazio burujabetza barik?

Azkenez, gauzen inperio honetan berebizikoa dugu gizatasuna eta izatasuna (natura) xedetzat hartzea, eta gu geu ere bizimodu xumeagoz bizitzera egokitzea. Beharko gainera: COVID-etik pobre pila bat sortuko da berriro, ekonomi krisiak paganoek ordaintzen baitituzte. Bestalde, oraingoan zeozer argi  ikusi bada, zera da: Pribatua/Publikoa binomioan, Publikoa behar dugula eta Globala/Lokala binomioan, eredu Lokala.

“Globalizazio” ospetsuak porrot egin du.

Kukuak makur jo dio

Gautegiz-Arteaga. Saiakeraegilea eta itzultzailea. Zamora-apaiz kartzelako