Kudeaketa

makuluakKudeaketa, kudeaketa, kudeaketa. Hala ari dira batzuk, Bilduren hauteskundeetako emaitzen ondoren errezelo eta zalantza barreiatzen. Baina ez da analisi objektiboa: ezintasuna da, amorrua. Subjektiboa, nire iritzi hau bezala.

Hitz malapartatu eta desgraziatua. Aste honetan, bederen. Eta makulua. Makulua, ezintasunean eta galdu izanaren amorruan dabilen hainbatek darabilena. Ezen eta Bildu hauteskundeetan nagusitu eta gero, kontrakantxatik ari zaizkio orain iritzilari eta orojakile hainbat, kudeaketaz berba egiten. Ez bereziki beste alderdietako hautetsiak (batzuk bai), gehienbat hautatu gabe gelditu direnak eta hauen entorno politiko eta mediatikoak.

Bildukoek orain kudeatu egin beharko dituztela erakundeok, eta hori lan handia dela eta egiten asmatuko ote duten errezeloa, beldurra, zalantza. Agintetik gauzak ondo egiteko gai izango ote diren ezezko iritzia. Kudeaketaren jantzia —batik bat Gipuzkoako diputaziokoa— handiegi ez ote duten…

Izan ere, besteak, jeltzaleak eta haien arrimura iritsitakoak eta azken urteetako politikako huntz berri batzuk, eta kargua galdu nahi ez zuten kargudunen inbento hori, H1ekoek, horiek bai, horiek badakite kudeaketan. Areago, putoamoak dira kudeaketan. Are eta oraindik gehiago, kudeaketaren maisu bihurtu dira. Hain onak dira, ezen lortu baitute, besteak beste, kudeaketa gudeaketa bihurtzea. Eta klaro, orain lanik gabe, aholkularitzak kolokatu ezinik, tarta txikiagoa eta lehengoak banatzeko… arazo handia. Haietako askok 30 urte daramatzate kudeaketan, bizitzan kudeaketa besterik ez dute egin. Orain lan egin behar, horixe alukeria!

Eta horrez gain, batzuen kasuan (aste honetan euskal irratiak eta berriketa-guneak eta foro birtualak entzun eta irakurri), askoren kasuan, amorru hutsa da. Ezin dute jasan Bilduk irabazi izana.

Bilduri lantegi handia datorkio orain, dudarik gabe. 1.000 zinegotzi horiek lan egin beharko dute, jakinda milaka hautesle horiek kolore anitzekoak direla, eta erakundeetan jardutea, kudeatzea, ez dela gauza samurra. Inor ez da hori jakinda jaiotzen —salbu eta akaso gure herrietako zenbait deitura ilustreduneko seme-alabak, denok ezagutzen dugu baten bat: edo semea edo alaba eta batez ere herriko deitura ilustrea—, inork ez dakar kudeaketa titulua besapean jaiotzatik,  eta jardunean ikasten da. Ikasi egin zuten lehen jardun dutenek, eta ikasiko dute oraingoek. Batzuk hobeak izago dira, kaskarragoak besteak, oso langileak, langileak, alferrak, huntzak… Denetarik, itsasoan bezala. Denetarik, lehen egon direnak bezala. Gehienak berriak direla, eta oro har taldea desentrenatuta etor litekeela? Kontxo, ez dezagun ahaztu erakundeetatik at eduki ditu zoritxarreko ilegalizazioak, eta eskarmentua izan zitzaketen guztiak aspaldi kutsatuen salara igorri.

Jardun beharko dute, bai horixe, eta oso garrantzitsua da hori eta hautesleak badaki. Bilduren olatuaren erdian —ez dakit inon azpimarratu den, ezker abertzaleko iritzilariak isilik sumatu ditut, tuiterrero eta abarrak barne, eta hauek ere asko dira—, Bilduren puntu oso garrantzitsua izan zitekeen Hernanin emaitzak begiratzea esanguratsua da. ANVk orain lau urte lortu zuenetik soilik 18 boto gehiago, partaidetza eta errolda handiagoarekin. Hautagaiek ere bai, jakina, baina lau urte hauetako jardunak izango zuen zerikusirik. Eta kontrako adibideak ere egongo dira. Batzuk zein besteak, denak kontuan hartu beharko dira.

Baina negartiei, amorratuta dabiltzan horiei, bale esan nahi diet. Utz diezaiotela kudeaketa eta erabaki estrategikoak —orain dena estrategikoa da, arraioa!— eta atzera egitearen kontuarekin errezeloa eta beldurraren kanpaia jotzeari. Eurena jo dezatela.

Kudeaketa! Euskal hitz itsusienen nire zerrendan sartzen dut, Etxepare institutuak lehiaketa antola dezanerako.

Abokatua, editorea, euskal prentsako iritzilaria.

3 pentsamendu “Kudeaketa”-ri buruz

  • Ados Mikel!

    Urduritasunak bultzatuta, gelditzen zaien azken karta jokatu nahiko balute bezala, orain kudeaketarako gaitasuna omen da garrantzitsuena. Guduaketa aipatzen duzu eta iruzurketa eta ustelketa ere gehituko nioke nik, hainbeste kezkatzen dituen alfonbra gorriari darion iruzur eta ustelkeri usaina azken urteotan hedatu besterik ez baita egin gure herrietan. Horretaz gain, azken urtean EAJ-k erabili duen Batu Gaitezen ildo abertzalearekin zer egin ez dakitela ere nahiko agerikoa da. Baina nire amak dioen bezala “donde manda patrón no manda marinero” eta demokrazia formalak hori du, herritarrak bozkatu eta Pasaiako portua eta Errausgailua egin nahi dutenak hurrengo gobernuak erabaki! To demokrazia!
    Oharra: Hernaniko datua egia da eta Usurbilekoa antzekoa dela gehituko nioke nik. Baina bi ñabardura ere egin beharko lirateke nire uste apalean, bietan gehiengo absolutua lortu du Bilduk eta ezker abertzalea egon den beste alkatetza guztietan igoera oso oso handia izan da, horra hor Bergara edo Oiartzuneko adibideak. Eta hori ere onartu beharko litzakelakoan nago.

  • Amonamantangorri 2011-05-27 17:05

    Nafarroan “que vienen los vascos” esaten dute, eta Gipuzkoan honezkero jendeari beldurra sartu nahian dabiltza. Dinosaurio sobietikoak omen dira Bilduko hauek, aspaldi zaharkitu zen ideologia baten ordezkariak. Giputzok aza eta baba janez biziko zarete, almazen publikoetan komuneko paperik gelditzen ote zaien galdezka, Kuban bezala, Josus mattea.

    Ez da bakarrik Pasaiako superportua, erraustegia, hiru aurrezki kutxen bategitea… Hamarkadaz hamarkada jositako interes-sare guzia kolokan jarriko luke botere-aldaketa honek.

    EAJk ez dio Bilduri ezer emanen. Diskurtsoan sartu “responsabilidad” eta “estabilidad” bezalako hitzak, eta aurrera.

  • Gari Garaialde 2011-05-27 17:45

    Ados orain arteko adibideei erreparatu beharraz zabiltzanean, eta Hernaniko datua esanguratsua izan daiteke Ezker Abertzalearen kudeaketa eredua aztertzeko. Hernanin, Bilduk boto gutxi irabazi ditu. Errolda jaitsi baina partizipazioa igo egin da: Partizipazioa 102 bototan igo da eta Bildu ANVrekin konparatuz 18 boto.
    Baina Hernani azken lau urtekoan zer izan den kontuan hartzen badugu, hernani=atez-ate ekuazioa ateratzen zait neri. Gerra irekia eta bizia izan da bertan. Usurbil eta Oiartzunen ere bai, eta bertako botoak begiratzen baditugu, antzeko zerbait gertatzen da: EAtik eta beste lekuetatik boto gutxien jaso dituzten herriak dira. Noski, zaborbiltze sistema ere herria kudeatzea da eta badirudi atez-atekoak kontrario dexente dituela (beste arrazoin batzuk ere egongo ziren).
    Baina gauza bera egin dezakegu beste herriekin:
    Zer gertatu da Azpeitin?
    Lehen 2 urteak ANVk kudeatu zituen eta gero EAJk hartu zuen herriaren kudeaketa.
    Zer gertatu da Azkoitin?
    Ni baino zaharragoa den Pipik, pipak jaten zituenetik EAJk kudeat du herria.
    Zer gertatu da Donostian?
    Barcelonan Olinpiadak egin baino pixka bat lehenagotik PSEk kudeatu du (beste batzuen laguntzaz) hiria.
    Zer gertatu da Pasaian?
    Utzi dioten bakoitzean Ezker Abertzaleak kudeatutako herria.

    Ezker abertzaleak kudeatu dituen herri batzuek ez dute igoera handirik jaso, baina beste batzuek kudeatutako hiri batzuetan, beste horiek beherakada jaso dute.
    Ezker Abertzaleak orain arte herri andana kudeatu ditu eta ez dute beste edonork izan zitzakeen kudeaketa arazoez gain beste kudeaketa arazorik eduki. Orain ere kudeatu egingo ditu, ahal duen bezala.
    Bukatzeko, ez da ahantzi behar Bilduren barruan Eusko Alkartasuna ere badagoela eta inork ezin du haien kudeaketa ahalmena dudatan jarri, orain arte beste guziek hartu izan baitute kudeaketa laguntzaile bezala…