Kuartelik ez, Donostia eta mundua desmilitarizatuz

Kuartelik ez, Donostia eta mundua desmilitarizatuz –

Donostialdea oso leku aproposa da bizitzeko. Negu eta uda epelak, itsasoaren ertzean, mendiak hurbil, ur edangarria urte sasoi guztietan…

Kuartelik ez, Donostia eta mundua desmilitarizatuzHistorikoki eta aspaldi-aspalditik, Gipuzkoako Beterri eskualdeko lurralde gehienak, lur komunalak izan ziren. XX. mende arte “Zilegi mendiak” izenaz ezagutzen ziren lur eremuek jatorrizko antolaketa kolektiboaren zantzuak erakusten digute. Beterritarrek, Euskal Herriko gainontzeko bizilagunek bezala, zorrotz eutsi nahi izan zioten eredu kolektiboari.Baina garai horretan ere gaur egungo praktika espekulatzaileen aurrekariak topatu daitezke.

Sistema juridiko bat irauli egiteko sarritan, tamalez, bortxa erabili ohi da, eta horrela gertatu da lurralde hauetan. Errege, jauntxo, soldadu eta enperadoreak gurera hurbildu zirelarik, menpean hartu nahi izan zituzten zelai, ibai, erreka, portu eta basoak. Leku estrategiko tentagarria izanik, Donostiak patu gaizto bat pairatu zuen mendetan, gotorleku izaera, alegia.

Gotorleku izateak menpeko egoera ekarri zion Donostiari eta gerra guztien jopuntu bilakatu zen. Triskantzarik ezagunena balizko aliatuek sortutako 1813ko sutea izan zen, hiria birrindu eta behin betiko mapatik ezabatuta geratzeko zorian utzi zuena.

Donostiarrok, aldiz, patuari aurre egitez, zoriaren norabidea lanaz eta kemenaz aldatzen dela jakitun, behin eta berriz hiria berreraikitzeari ekin zioten, euren berezko izaera langile, kaxkarina eta alaiari eutsiz. Ideia horri tinko helduz, harresia eraistea erabaki zuen udalak, behin betiko gotorleku izaerari uko eginez.

Zoritxarrez, beste gerra batzuk ere etorri ziren, eta gerra karlisten ondorioz sortutako krisi ekonomikoan jauntxoen esku geratu ziren lur komunalak. Gauzak horrela, 1926ean Espainiako Ejerzitoak orube bat erosi zuen Urumearen ertzeko Loiolan “Zilegi mendien” pribatizazioaren ondoren partikular baten esku geratu zen eremu horietako batean, eta Flandesen jarritako “pika” bailitzan, “Tercio Viejo de Sicilia” kokatu zen bertan.

Militarrak Loiolan kokatu aurretik, 5 urte lehenago Donostiak ejerzitoari erosi behar izan zion Urgull mendia, eta denboran atzerago eginez, Alderdi Eder herritarrek erabili zezaten beste diru kopuru bat ordaintzeaz gain Ondarretan tiro eremua eraikitzen utzi zion Udalak armadari; Udalak hondartza berreskuratu nahi izan zuenean Miramonen lurrak eman behar izan zizkien militarrei (XX mende amaieran Goikoa Jauregiaren jabetza udalera pasatzeko operazioaren barne birkalifikazio baten bidez espekulatzeko erabili zirenak). Hau da, eraikuntza militarrak erdigunetik atera eta lurrak erabilpen zibiletara bideratzeko ibilbide malkartsuan, orduko Gerra Ministerioari etengabeko diru ordainketa eta lur truke dinamika batean sartu behar izan zen udala.

Aurki Loiolan eraikitako kuartel horrek erakutsi zuen bere xedea, 1936an Franco eta Molaren Estatu-kolpearen alde lerrotu baitzen. Donostiar zibilek Amaran barrikadak altxatuz eta kuartela inguratzen lortu zuten Loiolako soldaduek amore ematea. Larrutik ordainduko zuten donostiarrek askatasunaren alde borrokatu izana, frankistek hirian sartzean sekulako sarraskia egin zuten eta. Hala eta guztiz ere, sasi guztien gainetik, Donostiak eutsi dio desmilitarizazio prozesuari: Mola Generala ospitalea gaur egungo epaitegia bihurtu, Gobernu Militarra zeneko eraikina udal bulegoak hartu dituen Goikoa jauregi… poliki-poliki eremu eta eraikuntza militarrak desagertzen ari dira gure herritik, eta orain 2021an, Loiolako Kuartelari iritsi zaio txanda.

Aditzera eman denez, Loiolako kuarteleko lurrak Udalaren eskuetara pasako dira. Donostiako Udalak eta Defentsa Ministerioak batzorde tekniko bat eratu dute, eta bere egitekoa izango da “akuartelamenduen lursailen hirigintza-aprobetxamendu posibleen balorazio zehatza egitea”, bai eta “eremu horretako etorkizuneko hirigintza-plangintzari lotutako gaiak aztertzea ere”. Hau da, militarrek jasoko duten dirutza eremu horren erabilera urbanistikoen arabera erabakiko da. Eta bestalde, Defentsa Ministerioak adierazi du Urumearen beste aldean 150 metrotara kuartel berri bat eraiki nahiko lukeela.

Jakin badakigu kuartela kentzeko eskaera aspalditik zetorrela, eta Hipikako aukera beti hor egon den arren ejerzitoak etengabeko oztopoak jarri ditu azkeneko 30 urte hauetan, beste aitzakien artean, diru gehiago eskuratzeko mugimendu espekulatibo berri bat egin nahi zuelako. Kuartela behin betiko desagertzea oso berri ona delarik, ezin dugu onartu, ordea, berriz ere, Udalak ejerzitoari dirua ematea. Eten dezagun katea. Historian zehar gehiegi luzatu den desmilitarizazio prozesuan aipatutako lur eta eraikuntza horiek guztiak zibilontzat berreskuratzeko sobera ordaindu da. Ez gaude inongo ejerzitorekin zorretan eta oraingoan ez genuke xoxik ere ordaindu behar militarrek Loiolako eremua uzteagatik.

Gehiago esango genuke, bada garaia Donostia eraikin militarrik gabeko lurralde desmilitarizatu gisa aldarrikatzeko, eta eraikuntza zein eremu militar guztiak esku zibil eta publikoetara pasatzeko, Hipika bera eta Lore Toki tartean. Gure aurretik hemen bizi izan diren donostiarren oroimenez, hainbeste gerra eta ezbehar pairatu dituztenak omenduz, herri langile, alaia, xede zuten gure arbasoak gogoratuz, intsumisoek zabaldu zuten bideari helduz, eta batik bat gure ondorengoei etorkizun duina eta bideragarria utzi nahi diegulako, Donostia desmilitarizatu behar da, ofizialki eta erabat.

Donostia izan dadila munduak behar duen desmilitarizazio prozesurako aurrekari bat, gerrak gaitzetsi egingo dituena; gatazken konponbide baketsua bultzatuko duena; armagintza uxatuko duena, gerren ondorioz erbesteratuentzat Harrera Herria izan dadin…Kuartel zaharrik ez; kuartel berririk ez; ez hemen, ezta inon ere. Donostia desmilitariza dezagun; Euskal Herria desmilitariza dezagun, mundua desmilitarizatzera goaz.

Kuartelik ez, Donostia eta mundua desmilitarizatuz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude