Kualitatiboa kuantitatibo bihurtzeko garaia

Kualitatiboa

  • Egun defendatzen dugun demokrazia-eredua ez dagokio herriari, herriaren gehiengoari baizik. Demokrazia sistema politiko bat da non herriak boterea duela pentsatzen duen. Ehiztari eta ehizatuz osaturiko gizarte batean gehiengoak ehiztariak badira, ehizatuek ez dute ahotsik.
  • Erabakitze eskubidea aldarrikatzeak gehiengoaren –eta ez herriaren- nahia baino ez errespetatzea dakar. Estrategia horrek, baina, independentzia-prozesua indartzea du oinarri, esplizituki hala adierazten ez den arren. Hegemonia lortzea da helburua. Bestela, ez dago aldaketarik.

Erreferenduma ez da demokrazia

Etimologikoki, demokrazia herriaren gobernua litzateke. Abiapuntu horrekin ondoriozta genezake demokrazia adierak lotura zuzena duela gobernuaren erabaki-hartze prozesuan herriak duen parte hartzearekin. Parte hartzea handitzen doan heinean, zilegitasuna handitzen doa eta demokraziaren kalitatea bera ere bai.

Aitzitik, herriaren parte hartze handi batek ez du, halabeharrez, kalitatezko demokrazia esan nahi. Erreferendum guziak ez dira demokratikoak. Honako irudikapen honekin azal daiteke:

Epaiketak publiko bilakatzen dira: herri-epaiketak. Herritarrek ebazten dute pertsona baten errua edo errugabetasuna. Inongo berme judizialik gabe, defentsa eta fiskaltzaren argumentuak aditu eta herriak ebazten du gizabanako baten patua. Demokratikoa da hori? Justua da herriak zuzenbidean arrastorik izan ez arren, epaiketa-eskubide hori bereganatzea? Estimulu irrazionalek eta sentsazionalismoan oinarritutako ebazpen prekarioek ebatziko lukete zigortu nahi denaren patua.

Herriak ebatziko luke, baina ondorioa ez litzateke demokratikoa izango, demokraziak balore moral batzuk ordezkatu behar baititu. Demokrazia liberaletan balore horiek zuzenbide-estatu gisa identifikatzen dira: botere banaketa, legearen aurreko berdintasuna etab.

Demokrazia, beraz, herriaren nahiak errespetatzearekin lotuta dagoela onartzen dugun arren, ez da horretan mugatzen. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, demokratikoa eta antidemokratikoa ona/txarra ezberdintzeko erabili izan da: zilegia/ez zilegia.

Borondate politikoa eraikia da / manipulagarriak gara

J . A. Schumpeter ekonomialariaren arabera, herriaren borondatea fabrikatua da, eraikia. Bere azalpena honakoa da:

-Zerbaitek zuzenean jotzen digunean, orduan bakarrik, jokatzen dugu arrazionalki.

-Politika, naturalki, ez zaio gizarteari interesatzen. Beraz, ez dago borondate politiko independenterik.

-Borondate politikorik ez dagoenez, manipula errazak bilakatzen gara. Aktore politikoek (komunikabideak, alderdi politikoak etab) badakite hori, eta faktore zehatzez baliatzen dira herriaren ahotsa (botoa) alde batera edo bestera bideratzeko.

Katalunia eta erabakitze eskubidea Euskadi eta Nafarroan

Bi azalpen ditugu oinarrian. Batetik, demokrazia herriaren ahotsa dela, baina, beti ere, herriak ona eta txarra ondo identifikatzen baditu. Bestetik, aitortzen da herriak ez dakiela on edo txar hori ondo bereizten ez daukalako kontzientzia politikorik, eta kanpo eragileek (komunikabideek eta propaganda politiko populistak) manipulatu eta intoxikatu egiten dutela borondate hori. Hori hala, esan genezake badirela demokratikoak ez diren “erabakitze eskubideak” edo plebiszituak.

Munduan erreferendum gehien egiten dituzten bi herrialdeakSuitza eta Estatu Batuak dira. Ez nuke esango bi herrialde horiek munduko demokratikoenak direla facto eztabaidaezin hori dela eta.

“Euskal Herrian” (Euskadin eta, agian, Nafarroan esan beharko) erabakitze eskubidea ozen aldarrikatzen den honetan, honako kontrapuntua datorkit burura: demokratikoa da Espainiak Euskadi eta Nafarroako gizartearen zati jakin bati eginen dion errepresio honen jarraipena? Eta demokratikoa litzateke erreferendum hipotetiko batean statu quo honekin jarraitzea erabakiko balu gizarteak? Demokratikoa litzateke, horrenbestean, Akitaniako hiru euskal lurraldeak erreferendum hipotetiko horretatik at uztea?

Katalunia dute ispilu gehienek. Badirudi, burgesiak eta enpresariek Kataluniako prozesua ondo ikusten dutenez, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroari ere ondo etorri ahal zaiela estrategia bera. Funtsean, erabakitze eskubidea aldarrikatzen dutenek independentzia (zeinena?) aldarrikatzen dute; argi dago. Zergatik ez diren ausartzen horrela deitzen? Komunikazio politikoa, andre-jaunok. Galde iezaiozue Pablo Iglesias edota Juan Carlos Monederorino somos ni de izquierdas ni de derechas”diotenean.

Kuantitatiboan aurrera egin ezean, ez dago hegemoniarik. Eta hegemonia barik ez dago aldaketarik. Independentzia aldarrikatzeak antzinako mamuak ekar ditzakeela pentsa dezakete batzuek. Erakargarriagoa dela erabakitze eskubidea deitzea: neutralagoa-edo. Nola uka diezaioke herri bati erabakitze eskubidea? Antidemokratikoa izanik ere, demokratikoagoa omen da erreferendum bat subiranotasuna eskatzea baino. Ez ados egon gintezke, baina argi dagoena da erabakitze eskubidearen aterpea luze eta sendoagoa dela independentziarena baino. Galdetu Katalunian bestela.

Kualitatiboa kuantitatibo bihurtzeko garaia da.

(Jatorrizkoa Zirriborroak blogean)

Kualitatiboa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude