Krisialdiko erosketak

Krisialdiko erosketak –

Josu Lopez-Gazpiok Zientzia Kaieran.

Gizakiak animalia arrazionalak omen gara, baina, zenbaitetan ez hainbeste. Konfinamendua hasi zenetik produktu batzuen salmenta asko igo da eta etxeko ohitura batzuk ere aldatu egin ditugu. Martxo hasieratik ikusi zenez, hainbat produkturen kontsumoa modu nabarmenean aldatu da, batez ere elikagaiak eta garbiketarekin lotutako produktuen salmenta asko igo da. Igoera horiek kasu batzuetan azalpen psikologikoa dute, esaterako, ogia egiten ondo sentitzen gara, guk egin dugu zerbait hazten ikusten dugulako. Ba ote dute azalpenik krisi garaietan egiten ditugun erosketek?

Krisialdiko erosketak
Okintzarekiko zaletasuna izugarri handitu da konfinamendu garaian eta askotan kosta egiten da zenbait produktu dendatan aurkitzea. (Argazkia: Pexels)

Konfinamendu garaian askoz elikagai gehiago kontsumitu ditugu etxean eta erosketa horiek fase desberdinak izan dituzte. Konfinamendua hasi baino lehen bunker-erosketak deiturikoak nagusitu ziren, alegia, galkorrak ez diren produktuen erosketa: kontserba-latak, arroza, pasta, esne-hautsa eta antzeko produktuak. Esaterako, esne-hautsaren salmenta %160 igo zen konfinamenduaren hasieran. Hasierako fase arrazional hori pasata, fase irrazionalago bat hasi zen. Garagardoaren salmenta %20 igo zen konfinamendua hasi baino lehen, eta etxean isolatu ostean %80 ingurura igo zen. Oliben eta zorroko pataten salmenta ere ia bikoiztu egin ez eta txokolatea, adibidez, %80 gehiago saldu zen. Hurrengo etapan, produktu kuttunenak gozogintzarekin eta okintzarekin lotutakoak izan dira, bestalde.

Hasieran esan bezala, gizakiak izaki irrazionalak ere bagara eta oso fenomeno berezia gertatu zen konfinamenduaren lehen zatian komuneko paperaren erosketa zentzugabearekin. Oso gai xelebrea da, gainera, komuneko paperarena. Bat batean, komuneko papera inoiz baino beharrezkoagoa bihurtu zen eta bazirudien hori zela gauzarik garrantzitsuena. Sare sozialak hutsik zeuden apalategiez eta komuneko paperez betetako orgez bete ziren. Hori fenomeno berria izan da, nahiz eta ikara uneetan produktu berezi batzuen salmenta asko handitu ohi den. Esaterako, Ameriketako Estatu Batuetako kostan, urakanen garaia iristen denean kakahuete-gurinaren salmenta asko handitzen da. Dirudienez, efektu horrek eta komuneko paperarenak azalpen psikologikoa dauka. Urduri gauden egoeretan zerbait kontrolpean eduki nahi dugu, horrek segurtasuna ematen digulako. Erosketak egitea segurtasun nahi horren adierazlea besterik ez da.

Kasu honetan ez dago oso argi zergatik gertatu den hori justu komuneko paperarekin, baina, baliteke produktuaren bolumen handiarekin lotuta egotea. Dendetako apaletan leku asko betetzen du komuneko paperak eta nahiko deigarria da. Hau da, supermerkatuko apal batean hogei komuneko paper poltsa falta badira, apala ia hutsik dagoela dirudi, baina, hogei lata zainzuri falta badira, ez da hain deigarria. Sare sozialek ere sekulako eragina izan dute efektu horren eragina indartzen.

Sukaldearekin lotutako produktuen kasuan, berriz, irinaren eta legamiaren kontsumoak gora egin du nabarmen. Supermerkatuetan gari-irinaren salmenta eta legamiarena %200 inguru igo da eta zenbaitetan zaila bihurtu da produktu horiek eskuratzea. Antza, postreak, bizkotxoa edo ogia egitea oso gozagarria da guretzat. Sentimendu positiboak ekartzen dizkigu hazten ari den zerbait ikusteak eta, are gehiago, guk geuk eskuz egindako zerbait bada. Familian egin daiteke eta elkartu egiten gaitu. Konfinamendu garaiaren bakardadean, gainera, gozogintzari eta okintzari esker luxu edo kapritxoren bat izatea lortzen da.

Erosketa irrazional horien ondorioz, legamia lortzea zaila bihurtu da eta zenbait lekutan legamia lortzeko beste modu batzuk jarri dituzte idatzita hutsik dauden apaletan. Horren atzean, jakina, kimika dago -biologoen baimenarekin-. Etxean egindako legamia lortzeko nahikoa da 100 mL garagardo, irina eta azukre pixka bat jartzea. Horrela, garagardoan berez dauden legamiak -arruntena Saccharomyces cerevisiae- hazi egiten dira eta hauxe bera erabili daiteke ogia egiteko. Bide batez, beti erabiltzen dira legamia horiek; izan ere, ogia, garagardoa -eta ardoa, bide batez- egiteko legamia bera erabiltzen da. Beno, egia esan hori ez da guztiz egia; izan ere, garagardoa egiteko hainbat legamia mota erabiltzen dira eta, oro har, Ale motako garagardoa da Saccharomyces cerevisiae legamiarekin egiten dena. Ohar garrantzitsu bat, hori bai, ogia egiteko legamiak hazi nahi badira, artisau-motako garagardoa erabili behar da. Merkaturatzen diren beste garagardo gehienak pasteurizatu egiten dira -egonkorragoak izateko- eta hortaz, legamiak hilda daude jada. Etxean legamia egiteko modu gehiago ere badaude, baina, horietan ere kimika eta biologia pixka bat ezagutu behar dugu. Harritzekoa!

.

Informazio gehiago:

Krisialdiko erosketak Krisialdiko erosketak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude