Koskaren gakoaz

Harrigarria egiten da Bordeleko Euskal Etxea mukuru ikustea EUSKARAREN JATORRIA izeneko dokumental baten inguruko eskaintzarekin. Zenbat jende zegoen han bilduta Euskararen Nazioarteko Egunean? 100 lagun? 150 edo gehiago? Eta zeintzuk ziren?

Bordeleko Euskal Etxean

Ikur folkloriko eta kitsch ugariz hornitutako areto handi hartan bildutakoen artean denetarikoak ziren, gehientsuak adinekoak baziren ere: euskara ikasleak, Bordelen bizi diren euskal jatorrikoak, Euskal Herrira oporretan itzultzen direnak, hizkuntzalariak…  Denetarik, baita Cervantes institutuko zuzendari jauna ere, De Basterrechea izeneko nafar adeitsu bat.

Adeitsua bai, baina baita bere lana egiten fina ere, neure hitzaldia baino lehenago pare bat aldiz esan baitzidan hizkuntzaren kontuetan ikuspegi nazi0nalistak eta alderdikoiak nahasten direla sarri. Eta horrelakorik ezin daitekeela onartu, jakina.

Nola xaxatu jende hura guztia Cervantes institutuko jaunarern lokatzatan erori gabe? Begiratu bat eman nien prestatuak nituen apunteei eta inprobisatu beharra zegoela erabaki nuen, ez zidatela balio. Batez ere frantsesez hizketan ez bainaiz oso trebea, eta hango jendetzak frantsesez egitera eraman ninduen, euskaraz behar zuena.

Bordeleko apunteak

 

Arreta neureganatzeko, Nazioarteko Eguna baldin badugu, anormalak garelako dela esanez hasi nintzen, baleak eta pigmeoak bezalaxe. Zoriontsuak nazioarteko egunik behar ez duten haiek! Ondoren, nire iritzirako euskal korapiloaren koska benetan non dagoen argitu nahi nien, baina ez zegoen erraza, bistan denez.

Politika kontuak utzi eta bi anekdota zibil kontatzea erabaki nuen, frantziarrei hainbeste gustatzen zaizkien horietakoak. Euretako bat lehenago ere kontatua daukat. Robbe-Grillet idazle frantziar handiarekin gertatutakoa, alegia, iraindu asmoz nazionalista deitu zidan egun hartakoa.

Bigarren anekdota, Hendaiako farmazialariaren emazterekin gertatutakoa da, behin aspirinak erostera joan nitzaionean:

– Aspirinak, otoi

– Qu’est ce que vous dites? – hots, zer diozu?, erran zidan harritu aurpegi harrigarria ipiniz.

– Aspirinak, otoi – errepikatu nion ooosssooo poliki.

– On va a finir par parler en arabe! – ihardetsi zidan. Alegia, arabieraz mintzatzen amaitu behar genuela (Frantziako Hendaian)

Bordeleko hitzaldira itzuliz, anekdota horrexetan zegoela koska esan nien hango guztiei, eta ez dutela sekula politikari edo alderdirik kontu horri erantzuten ikusiko: nola konpondu behar dugu farmazialariaren eta nire arteko talka zibila bietako batek zapuak irentsi gabe? Berak hauta dezala bere mintzaira, BAINA NIK ERE BAI, zer demonio.

Zer egin behar dugu bi herritar horietako baten eskubideak hankapean ez hartzeko? Nola konpondu talka hori bi hizkuntza hain desberdin direnean tarteko?

Hortxe dago koska guztien koska, nire iritzirako. Eta orain ez bada, beranduago, alde guztiek heldu beharko diote orain nehork heldu nahi ez dion kako horri.

Galderak aireratu ostean isilik geratu nintzen segundo batzuetan erantzuna pentsa zezaten eta, batez ere, hizkuntza-eskubideak kontu zibilak zirela ohar zitezen eta ez  politikoak (soilik).

Beti lainopean dabilen nire gogoeta noraino iritsia zen aitortu nien gero: irtenbidea farmazialariak bakarrik eman dezake, eta ez nik. Horixe esan nien, eta ondoren arrazoitzen saiatu nintzen: bi herritar zibil horiek (farmazialaraiak eta neuk) eskubidea ukan behar dute euren aukerako hizkuntzan mintzatzeko, horixe da koskaren koska.

Hori posible gerta dadin, ordea, bide bakarra dago eta ez besterik: gai ez denak (farmazialariak) bestea (ni) ulertzeko haina ikasi behar du. Hori gertatzen ez den artean, beti izango da gatazka bi herritarron artean edo, ia beti bezala, txikienak (euskaldunak) irentsi beharko ditu zapuak. Biak ala biak lekuko bi (ala hiru) hizkuntzak ulertzeko gai izan arte, baten batek ezin izango ditu bere eskubideak gauzatu.

Zurrumurru lodi-lodia hedatu zen aretoan barna hura entzun zutenean, baina inor ez zen deus esatera galde-erantzunen tenorean.

Hori bai, geroago etorri zitzaidan bat baino gehiago frantses perfektuan, farmaziako anekdota gogortxoa egin zitzaiela aitortuz. Eta milagarrenez egiaztatu nuen trapuan zutela pupua, gaizoek, eta ez guk bezala, pupuan trapua.

 

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)