Kortaren omenetan, nondik jaten dugun jakin

Kortaren omenetan, nondik jaten dugun jakin –

Amatiñok bere blogean.

Abertzaletasunaren aldetik orain arte baino garrantzi gehiago eman beharko diogu ekonomiari. Alegia, Herri honen biziraupena segurtatzen ahaleginduko bagara, behingoz jabetu beharko dugu zein garrantzitsua den Herriaren etorkizunerako enpresak edukitzea, euren kapitalarekin eta bertako egituratze-sistemekin. Nondik jaten dugun galderari erantzun konpartitu bat emateko gauza izan beharko dugu. Joxe Mari Korta zenari egin diezaiokegun omenaldirik handienetakoa.

Kortaren omenetan, nondik jaten dugun jakin
2000.08.08

Diktaduraren hondarrean,  Donibane Lohitzuneko kafetegi-terraza batean, zerga-iraultza ordaintzeko asmorik eza ari nintzaiolarik arrazoitzen, eskalearenak egiten ziharduen ETAren buruzagi ezagunak zera esan zidan zintzo samar, eskuzabal eta onbera antza: “Guk ez dugu inor hil ez ordaintzeagatik”. 25 urte geroago, berriz, demokrazia normaldu samarrean eta egungo euskal herri-erakunde berberak indarrean zirela, ETAk Joxe Mari Korta erail zuen (2000.08.08), eta ez,  Joxe Marik berak ez ordaintzeagatik, gainerako enpresariei ez ordaintzeko esate hutsagatik baizik.

Hogei urte geroago, zalantzarik ez ETAren inkisizio-zentzuak eta mafia-logikak erail zutela Gipuzkoako enpresarien presidentea; baina, aldi berean, ezpairik ere ez da, egoera beltz hark ez zukeela hainbeste iraungo euskal gizartearen parte handi batek ez ikusi egin izan ez balu eta, are gutxiago, oraindik ere, hogei urte geroago, indarkeria hura salatzeko sekula momentu egokirik aurkitzen ez duten jarrerek ameto eman izan ez balute.

Beti ere atzera begira jarraituko ez badugu, aukeran dator Xabier Barandiaranek “Joxe Azurmendiren Kongresuan” proposatutakoa (Nazio edukiak eta naziogintzaren etorkizuna Euskal Herrian – 34. minututik aurrera). Alegia, euskal herritarrok -eta hiritarrok-  aurrera egingo badugu, “nondik jaten dugun galderari erantzun konpartitu bat emateko gauza izan behar dugula”.

Beste modu batez esanda, abertzaletasunaren aldetik orain arte eman zaion garrantzia baino gehiago eman behar diogula ekonomiari. Hau da, Herri honen biziraupena segurtatzen ahaleginduko bagara, behingoz ohartu beharko dugula zein garrantzitsua den Herriaren etorkizunerako enpresak edukitzea,  euren kapitalarekin eta bertako egituratze-sistemekin.

Auskalo, enpresariei gizartearen parte izatea ukatzen dien abertzaletasunak etorkizunik izan ote dezakeen egungo munduan; eta, nago, enpresariak gutxiesten, arbuiatzen, mespretxatzen eta erdeinatzen dituen abertzaletasuna nekez izan daitekeela benetan abertzale. Beste zerbait izango da segurutik, eta, behar bada, oso garrantzitsua gainera, baina ez abertzalea.

Kortaren omenetan, nondik jaten dugun jakin

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

7 pentsamendu “Kortaren omenetan, nondik jaten dugun jakin”-ri buruz

  • Ez ote dituzte enpresaburuek, oro har, euskara eta euskaldunak gutxiesten, arbuiatzen, mespretxatzen eta erdeinatzen?

  • Pello Santxez 2020-08-12 09:34

    “Auskalo, enpresariei gizartearen parte izatea ukatzen dien abertzaletasunak etorkizunik izan ote dezakeen egungo munduan” dio Amatiñok.
    Hortaz, EAJ ez ei du abertzaletzat jotzen.
    Ze, noiz izan dute enpresariek presentzia eta botere handiagoa EAJ agintean denetik baino? Urkulluk eta bere gobernu osoak enpresari handien eta multinazionalen aginduetara dihardu eta itsu-itsuan!

  • Bete-betean asmatzen du artikuluan. Ezker abertzalea beti kaka ereiten herri honetan. Noiz desagertu behar da zuen ideologia zikin hori? Orduan ere gaizki, eta gaur egun ere gaizki, lekuz kanpo. Beri gaizki.

  • Euskaraz aritzea botere erdaldun antieuskaldunen eskumakil herrestatua izateko, ba al dago gauza zitalagorik?

  • ETAren hasieratan euskara garrantzitsua izango zen agian baina bigarren partean, euskaraz ez zekien militantez beteta zegoen eta euskara bost axola zitzaien, degeneratutako jendaila zen, besterik ez. Gutxi gorabehera gaur egun ezker abertzalearen parte handi bati pasatzen zaion gauza bera, euskara dela gutxienekoa. Adibidez CAF bezalako enpresa bat gorrotatzen duena ez da ez abertzalea eta ez ezer, zaborra soziala baino ez.

  • Esandakoa, ipurjale herrestatu hutsa. Amatiñoren segizioko gizagaixo pipertu bat, edo Amatiño bera!

  • Jose Mari Korta, abertzalea, ekintzailea eta heroi bat izan zen. Herri honetan horrelako jendea behar dugu, esparru guztietako ekintzaileak, punta-puntako jendea, Euskal Herria iraunaraziko dutenak eta beste nazioen pare jarriko dutenak. Jende ausarta, euskal gazteentzako idolo berriak.