Korrikaren ikurrina

Korrikaren ikurrina –

Korrikaren ikurrinaZer egiten du ikurrina horrek lekukoan? Ekintza politikoa ote da Korrika? Nafarroa aldean batez ere, jakina denez, lekukoari itsatsita dagoen ikurrinak ika-mikak sortu  zituen hasiera batean.

Iparraldean ikurrina apaingarri folklorikoa bezala erabiltzen da. Lekukoaren ikurrina ere sinbolo politikoa baino gehiago marka etnofolklorikoa ote  litzateke?

Esanahia politikoa duela esango nuke nik. Baina ez dago garbi zein den esanahi hori. Ikurrina, berez eta izatez, Estatu berri baten independentziarekin loturik dago. Ikurrina, berez eta izatez, euskal nazionalismoari atxikirik dago. Ikurrina, bada, berez eta izatez, independentzia eta euskal nazionalismoarekin estu loturik dago. Korrikaren ikurrina ere bai.

Entzun al dituzue «independentzia» oihuak Korrikan? Nik behintzat, ez; inoiz ez. Ziur nago, halere, Korrikaren parte hartzaile gehienen gogoan independentzia nahia bizia eta beroa dela, eta Korrika aurrera ahala nahi hori gero eta biziagoa, gero eta beroagoa dela. «Euskaldunok independentzia behar dugu. Euskaldunok bizirik eta zutik bizitzeko independentzia behar dugu. Orain, itxaron gabe». Horiek izan zitezkeen Korrikan parte hartzen dutenen sentimendu isilak. Zergatik ez dituzte sentimendu independentista horiek azalarazten?

Ikurrinean bertan dago erantzuna. Lekukoaren ikurrinak euskaldunek independentzia behar dutela aldarrikatzen du. Are gehiago, independentzia horren adiera ere zehazten du:   arrazoi asko egon daitezke independentzia eskuratzeko, baina euskaldunentzat funtsezkoena eta behinenekoa honako hau da: euskara eta euskaldunak salbatzea. Hori da lekukoaren ikurrinaren mezu isila. Euskara eta euskaldunon komunitatea salbatzea da independentzia eskuratzera bultzatzen gaituena, eta independentzia lortzea da euskaldunen premiazko beharra. Hori da, lekukoaren ikurrinaren mezu isila.

Baina, orduan, zergatik ez dira Korrikan agertzen «independentzia» oihuak?

Lekukoaren ikurrinak, alde batetik, euskaldunek independentzia behar dutela adierazten du, baina, bestetik, independentziaren zeregina politikarien kontua dela. Euskaldunek independentzia behar dute, bai, baina independentziaren ardura politikarien zeregina da. «Euskararen alde jo eta su lan egin, euskaldun zintzoa. Hori da zure lana, hori da zure papera. Independentzia eskuratzea gure zeregina da, ordea. Utz ezazu independentzia gure eskuetan», hori dioskute politikariek euskaldunoi lekukoaren ikurrinaren bidez.

Sukaldera bidaltzen gaituzte gure politikariek. Gela nagusian haiek geratzen dira. Euskaldunak, emakumeekin batera, sukaldean geratzera behartuta gaude. Emakumeak matxinatzen dira. Euskaldunok, ordea, zintzo-zintzo sukaldean jarraitzen dugu: Nor gara gu gai horretaz arduratzeko? Nor gure politikariak baino zintzoagoak eta hobeak? Utz dezagun haien esku auzi korapilatsu hori.

Korrikaren ikurrina

FILOSOFO OHIA

Zer duzu buruan “Korrikaren ikurrina”-ri buruz

  • Gustatu zait testua. Dena dela esanahi dut Nafarroan ikurrinaren inguruan batzuen partetik dagoen ezinikusia eta beraz erresumako bandera kontrajartzeko nahiak porrot egingo duelako ustea dudala, izan ere ez dira frankismoaren urte guzti horiek alferrik pasatu. Azpaldidanik zazpi herrialdeak , modu batean edo bestean bere egin baitute guztion sinbolo bihurtuz horrela.