Korrika edo oinez

Korrika edo oinez –

Maite Berriozabal Berrizbeitiak Bizkaiko Hitzan.

Kirola egiteak dopamina eta serotonina jariatzea dakar, eta ongizatea sentitzen omen da. Ariketa fisikoa egin osteko ongizate eta poz horrek kirola egiten jarraitzeko motibazioan laguntzen ei du. Horregatik dabil jendea hara eta hona korrika, bizikletan eta igerian. Batzuk lasterketa eta erlojupekoen erronkari helduta ibiltzen dira euren markak hobetu nahian; eta beste batzuk lehiaren beharrik gabe ekiten diote kirolari. Domeka goiz argitsuetan maillot estudun bizikletadunez betetzen dira gure herrietako bideak, eta beste batzuk gimnasioan aritzen dira izerditan guztiz blaitu arte. Asteburuetan ogia erostera irteten zarenerako menditik bueltan datorrenik ere izaten da.

Batzuek plazerez egingo dute, beste batzuek osteko ongizatearen esperoan, eta beste askok beren burua derrigortuta. Gutako askok burua nekatzen dugu eguna amaitzerako, baina gorputza geldi izaten dugu, geldiegi. Arratsaldeko zazpiak bueltan igerilekura joateak buruko eta gorputzeko nekea orekatzen laguntzen dio askori lo patxadaz egin ahal izateko. Ortuan jo eta ke dabilenak ez du halakoetarako beharrik sentituko, eta gorputzaren nekearen bila ibiltzea arraroa egingo zaio. Paseoan ibiltzea bera ere zentzubakoa egingo zaio lanean edota eguneko jardunean gorputza neka-neka eginda amaitzen duen bati baino gehiagori.

Korrika edo oinez

Kirolaren adiera modu zabalean hartuta, nik ere egiten dut kirola: paseatu egiten dut. Abiaduran arnasa estutzen zaidalako edota kirola egin osteko ongizateaz ahaztuta nabilelako izango da, baina oinez egiten ditut besteek korrika egiten dituzten bideak. Denak ditu bere alde onak eta txarrak, noski. Oinez hara eta hona ibili ondoren burua aireztatuta eta gustura etxeratzen naiz; nekatuta, baina ez leher eginda. Kontua da badituela bere mugak ere. Azkenaldian behin baino gehiagotan suertatu zait lantokitik denboraz estu samar irten eta metrora justuan iristea. Halakoetan, San Mamesko geltokian jaitsi eta jendetzarekin batera egiten dut eskailera mekanikoetarako bidea. Jendea bultzatu barik ahalegintzen naiz besteak baino lehenago iristen eskailera mekanikoetara. Eskailera horien eskuma aldea jendez lepo egoten da, eta, autobusera sasoiz heldu gura badut, ezkerretik aurreratu behar izaten ditut guztiak. Hasten naiz erritmo onean eskaileretan gora, eta eskaileren bigarren zatirako izterretako giharrak tenkatu egiten zaizkit, arnasa estutzen hasten zait eta ahoa lehortzen. Autobusean sartu eta maskara aho barruregi sentitzen dut.

Ondorioak ondorio, momentuz behintzat oinez kilometro batzuk egin eta urte birik behin arineketaldi bat egitearekin konformatzen naiz. 2021ean behar lukeen Korrika izango da 2022an. Giharren nekeak, arnasaren estuak eta gainezka egiten didan emozio zurrunbiloak ohartzerako utziko nau korrikalditik kanpo, baina mereziko du ahalegintzeak. Nahi badut prestatzeko denbora daukadala pentsatuko du norbaitek, eta arrazoi du. Baina korrika baino arinago iristen da hegan eta niri imajinazioak hara eta hona eramaten nau erraz. Neure burua imajinatzen dut albokoarekin berbetan noan bitartean Urkiolan gora korrika. “Iro iro iro, astiro” eta “hemen gaude euskararen alde” oihukatuko dut indarrez, sudurretik arnasten dudan bitartean. Eta bestela Elorrion bueltatxo bat eta listo; azken batean, garrantzitsuena parte hartzea da eta.

Korrika edo oinez

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.