Koronabirusak gaixotzen du, lanak akabatzen gaitu

Koronabirusak gaixotzen du –

Koronabirusarekin elkar-bizi behar dugu. Azken urtean sarritan entzun dugu, Iñigo Urkullu lehendakariarengandik sarritan, ia naturalizatu arte. Euria egiten duenean euriarekin bizi behar dugu, eta orain koronabirusarekin bizi behar dugu. Eman dezake esaldi hori saihetsezina den egoera bat dela, baina hautu bat da, hautu politikoa eta, bereziki, ekonomikoa. Europan, sistema produktiboa edonola martxan izatearren, koronabirusaren presentzia ontzat eman dute.

Koronabirusak gaixotzen du

Aurretik beste birus batzuen zabalkundearekin esperientzia izan duten hainbat herrialdek beste hautu bat egin dute, birusa erauztearena, hain zuzen. Herrialde horietan, gaixotasunaren kasu gutxi batzuk topatzerakoan neurri erradikalak hartu dituzte: Auckland bi astez itxi zuten koronabirus kasu batengatik, eta, ondorioz, gaixotasuna askoz gutxiago hedatu da, salbuespenezko neurri iraunkorrak murritzagoak izan dira, eta ekonomikoki garapen hobea izan dute.

Esan bezala, Europan hautua oso bestelakoa izan da, baina hautu oker horretan Euskal Herria txapelduna izan da. Beste herrialde batzuek alarma egoera piztu dute 100.000 biztanleko 50 kasu topatzean, gehientsuenek muga 150 kasutan jarri dute, eta hemen muga 500ekoa izan da azken olatu hau arte; orain 400era jaitsi dute.

Enpresarien eskaerei kasu egin diete, makineria nola edo hala martxan mantendu beharra zegoelako. Gogoratzen orain urtebete Tapia sailburuaren haserrea enpresak bi astez itxi behar zirelako? Langileak eta beren senideak gaixotzea eta, argi esan dezagun, hiltzea ontzat eman beharreko albo kaltea izan da. Txertoen albo kalte moduan erabateko salbuespena diren tronbosi kasu batzuk izatea eskandalutzat hartu dugu; bien bitartean, egunero ehunka pertsona gaixotzea eta horietako asko hiltzea naturalizatzen digute. Hildako horiek guztiak ez dira pandemia baten ondorio saihetsezinak, hautu antiekonomiko baten ondorio saihetsezinak dira.

Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren kutsatzeei buruzko oso informazio gutxi ematen du (hau ere hautua da), baina orain gutxi agerraldiei buruz oso deigarria den datu bat azaldu du Eusko Legebiltzarrean. Hiru pertsona baino gehiago kutsatzen diren agerraldien %70 eta %79 artean lan munduan eman dira (heren bat osasun arloan, beste bat zaintza esparruan eta azken herena lantoki arruntetan). Baina lantokiak toki seguruak omen dira, eta horregatik ez da inongo neurririk hartzen prebentzio neurriak errespetatzen ez dituzten enpresarien aurka. Zenbat isun jarri ditu Jaurlaritzak kalean osasun neurriak ez betetzeagatik? Milaka. Zenbat jarri dira tarte berean lantokietan oinarrizko neurriak ez betetzearren? Bat bera ere ez. Krisi honen hasieran Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu genien ikuskaritza sistema indartu zezatela lantokiak espazio seguruak izan zitezela bermatzeko; oraindik ere esperoan gaude. Badakigu ez dutela neurririk hartuko, herri honetan pairatzen dugun politika ekonomiko bakarra enpresariak limurtzea baita.

Langileon balioa sistema produktiboa elikatzeko dugun gaitasunaren arabera neurtzen da, ez bestela. Izugarria izaten ari da zaintza esparruan langileekin gertatzen ari dena. Orain urtebete emakume hauek beren bizitza arriskuan jarri behar izan zuten, enpresek eskainitako babes neurri eraginkorrena plastikozko poltsa bat baitzen, eta lan-karga jasanezinei aurre egin behar izan zieten beren burua eta beren senideak kutsatzeko arriskuarekin. Orain, urtebete geroago, hainbat zahar-egoitzatan langileak kaleratzen ari dira, urte honetan hildako agureen ondorioz gaur egun lan-karga txikiagoa delako. Hau da bizitza arriskuan jarri zutenei ematen zaien ordaina.

Apirilaren 28an Idoia Mendia agertuko zaigu Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren karietara gomendioak emanez. Gehiengo sindikalarekin lanetik bizirik bueltatzea bermatzeko neurriez aritzeko biltzeari uko egin dio lehendakariordeak; lan osasunaren garrantziaz arituko zaigu, ordea.

ELAn argi dugu gure egitekoa langileen kontrako hautuak aldatzea dela, hori da gehiengo sindikaleko beste sindikatuekin batera apirilaren 28an aldarrikatuko duguna. Ez dugu fenomeno natural bat pairatzen, hautu politikoek hiltzen gaituzte. Koronabirusak gaixotzen du, baina lanak akabatzen gaitu.

Koronabirusak gaixotzen du
Koronabirusak gaixotzen du

ELAko euskara arduraduna

Zer duzu buruan “Koronabirusak gaixotzen du, lanak akabatzen gaitu”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2021-04-26 11:00

    Artikulu honek pandemiaren hastapeneneko beste artikulu batek egin zidan zirrara desagradagarri bera sorrarazten dit. Arrazoiz kritika ditzakegun eta kondena ditzakekun osasun neurri beharbada eskasez haratago dagoela debatearen funtsa.
    Iduritzen zait covida estakurua dela hemen, eta atzean lanaren inportantziaren ideia bera duela zintzurrean trebeska.
    Alta eni iduritzen zait sindikatuak argi izan behar liratekeela ideia horren gainean. Bestenaz ez dute entretenitzen baizik salatzen duten sistema.