Korapiloak eta lokarriak

Korapiloak eta lokarriak –

Euskal Herriak marka triste bat eskuratu du: Europan hildako gehien izan dituen herrialdea da bere biztanleekiko proportzioan, Belgikaren atzetik. Gaixotasunak zahar etxeetan utzi du arrasto sakonena. Eremu opakuagoa da, ordea, etxean arreta jasotzen duen jende helduarena. 

Korapiloak eta lokarriak
Arg: Iñigo Uriz / Argazki Press / Berria

Badakigu noren bizkar dagoen zaintza esparru hori: emakume etorkinengan. Osasungintzako profesionala den lagun batek duela gutxi ohartazi gintuen berak lan egiten duen zonaldean koronabirus kasuen gorakada bat izan dela azken asteetan, eta kasu horien gehiengoa oso fokalizatuta dagoela etorkinengan. Asko eta asko dira gela batean bizi diren hiruzpalau-lauzpabost kidetako sendiak, beste hamar, hamabi edo hamabost lagunekin bizitokia konpartitzen dutenak; eta noski, baldintza horietan ze segurtasun neurri mantendu daitezke?

Testuinguru horretan bizi diren emakume askok zaharrak zaintzen dituzte. Kontratu gabe. Beraien lan indarra erosi duenari gaixorik jarri eta lan egiteko baldintzetan ez daudela esaten badiote, ez diote ordainduko. Beraz jana, jantzia eta teilatu bat bermatu nahi izanez gero, emakume hori bere lanpostura joan beharko da, bai ala bai.

Jar gaitezen pertsona horren azalean. Emakume horrek badaki koronabirusean positibo ematen badu, konfinatu egingo dutela, eta beraz, ez duela inongo diru sarrerarik izango: ez baja eta ez ezer, ez baitauka kontraturik. Bikotea lanetik bota badute, familia horien egoera are zaurgarriagoa bilakatzen da.

Beraz, bere ugazabek ezarri dioten baldintza prekarioak tarteko, lanera doa. Zer egitera? Zahar bat zaintzera. Sozialki egoera ahulenean dagoenak zaintzen du osasun aldetik ahulen dagoena.

Pandemiak arazo berriak sortu ditu, eta hein berean, lehenik zeuden arazoak areagotu.

  • Arazo nazionala: “munduko autonomia maila” sendoenetakoa firma batekin desegin dute. Azken 45 urteetan gure herriak bizi izan duen inflexio puntu handienean gaude, eta ez gara estatu bat, ez gara independenteak, ez dauzkagu eskura gure burua gobernatzeko tresnak. Beste batzuk ari dira guri dagozkigun erabakiak hartzen Madrilen eta Parisen, gure kaltean.
  • Klase gatazka: ezberdintasun sozialen arrakala handitu da. Aberats gutxi batzuk aberatsago, eta gehiengoa pobreago aterako gara egoera honetatik. Gizarteko kapa ezberdinek pairatu(ko) dituzte eraginak modu ezberdinean: langile asalariatuak, autonomoak, kooperatibistak, negozio txikietako jabeak, funtzionarioak…
  • Genero zapalkuntza: emakumeak dira gaizkien ordainduta dauden lanak egiten dituztenak, egoera prekarioenean.
  • Arraza: etorkinak dira lan prekarioenak egiten dituztenak, eta hori hezkuntzan, etxebizitzan, osasunean… islatzen da. Baina hona bizitzera datozten herrialde aberatsetako etorkin zuriak ez, e, besteak, morenoak.
  • Gazteak: prekarietatea maila handiagoa da gazteen artean.

Beraz euskal herritarra bazara, langilea, emakumea, gaztea eta ez-zuria, animo Jeronimo. Ezkerreko hankarekin jaiki ez, ezkerreko hankarekin jaio zinen.

Batzuk enpeinatzen dira arlo hauetako bakoitza gai isolatu gisa tratatzen. Denbora pasa ahala geroz eta argiago daukat korapilo bera askatzen duten lokarriaren parte direla.

Korapiloak eta lokarriak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “Korapiloak eta lokarriak”-ri buruz

  • Hona hemen George Orwell ezizenez ezagunagoa den Eric Arthur Blairren unibertso totalitario distopikoari buruzko gogoeta bat: “Distopiak diskurtso ideologikoen kontraesanak bere ondorio muturrekoenetara eramaten dituen mundu bat planteatzen du. Ildo horretan distopiak gure egungo errealitatea aztertzen du gizartea gidatzeko metodo jakin batzuek sistema bidegabe eta krudelak ekar ditzatekela aurreikusteko.
    Adibidez, nazio batek non Estatuaren kontrol zorrotza gauzatzen den gizarte antolatu, zoriontsu eta egokia bermatzeko, erregimen totalitario bat ekar lezake, gizabanakoa erreprimitu eta bere askatasunak ustezko ongi orokor baten arabera ixten dituena.