Kontuz desiratzen duzunarekin…

Kontuz desiratzen duzunarekin –

Maialen Lizarraldek, Uriolan.

Nire lanaren ajeak (eta burukominak) dira adostasunak sustatzea, horretarako baldintzak sortuz. Kontu oso labainkorra eta korapilatsua da adostasuna talde baten baitan. Ez naiz jarriko hau xehatzen (ez dakit jakingo nukeen ere), baina pertsona edo talde batek bere adostasuna, onespena, baiezkoa ematearen ekintza horri heldu nahiko nioke.

Kontuz desiratzen duzunarekin...Izan ere, (eta adi, gaia sexuarekin lotzera nator, oh-oh) otso-saldo eta Weinstein ezberdinek azkenaldian azaleratu dituzten eztabaiden harira, onespena edo baiezkoa bezalako kontzeptuekin dugun kakanahastea geroz eta argiago dago. Asko eta asko dira baiezko garbi bat zer den eta zer ez den nahasten dituzten izaki erratuak. Baina ez sexu harremanetan bakarrik.

Laurie Penny idazle britainiarrari zor diot adostasun prozesuentzako begirada (eta burukomin) berri hau. Berriki argitaratutako artikulu bikain bateko bere ideia batzuk nireekin nahastuta datoz jarraian. Bertan sexua eta boterearen arteko antzekotasunak azaltzen ditu, herritarren eta emakumeen desioak nola interpretatzen diren lotuz. Ein? Nola?

Hasteko, ardura edo erruaren antzekotasuna dago: gure gobernuen erabaki itsusienetan herritarrak arduradun sentitzen gara neurriren batean, botoaren bidez onetsi ditugulako edo, aldiz, ez garelako ahal bezain beste mobilizatu kontra egon garenean. Joko-arau hauetan, gure nahiak ordezkatzeko daude hor eta argi eta garbi adierazi behar diegu zer nahi dugun. Bestela, gero ezin gara kexatu. Ardura/zama/erru hau sexu jazarpenen biktimek sentitzen duten gauza bera da, hain zuzen ere: bere etxera joan nintzen eta nolabait horrek onespen zantzu bat izan zezakeen / ez nintzen nahikoa oldartu

Erasoaren arduradun eta, beraz, honen konplize sentitzeak nolabaiteko kontrola dugula sinistera garamatza; babesgabetasuna eta botere-ezaren amildegia konpentsatzeko balio du. Sexu-jazarpenen biktimei inolako ardura edo errurik ez dutela ikustaraztea esku-hartze psikosozial egoki baten parte izan ohi da. Aldiz, gobernuen erabakiekin ez dugu aise onartzen mekanismo hori. Izan ere, hartzen dituzten erabakietan apenas eraginik ez dugula jakiteak ikara existentzial masiboa eragingo liguke. Beraz, hobe entzuten gaituztela sinistea, ez? Egin duten hori herritarren nahia dela, “herritarren nahia” delako hori tajuz ezagutzeko mekanismorik egundo ikusteko badago ere.

Jarrai dezagun antzekotasunekin: herritarren eta emakumeen nahia txiklea bezala moldatu eta erabiltzen diren kontzeptuak dira. Ez dakite zer nahi duten. Beti aukeratzen dituzte komeni ez zaizkienak. Insistitu egin behar zaie. Ez dute parte hartzen. Seduzitu egin behar dira.

Nahieran moldatzeaz gain, desioa sortu egin omen daiteke. Horretarako daude neuromarketina, hondamendiak (shockaren doktrina) edo maitasun erromantikoaren propaganda goiztiarra, besteak beste. Desioak moldatzen eta sortzen erabiltzen diren baliabide, denbora eta diru guztia askatasun baldintzak sortu eta jendeak zer nahi duen jakiten eta hori bera ematen erabiliko bagenitu, zer gertatuko litzateke? Galdera honek berak ikara sortzen du. Herritarren eta emakumeen desioa (uler bedi hemen “nahia” etadesira sexuala, bi-biak) beldurgarriak dira. Menperatu behar diren piztia berekoi basatiak. Sar dadila eszenara arrazoiak gidatutako Gizona™, arren, galera kaotiko hau ekiditeko.

Noski, baldintzapenek zikindu gabeko desiorik baden ere, ba ez dakigu. Ziur aski ez. Hau da, inor ez da 100% aske bere nahiak osatzeko orduan, beti dago elkar-eragin bat. Baina bidezkoa eta etikoa dela uste dut pertsonen nahiak merezi duten seriotasunarekin hartzea. Agentzia erreklamatzea eta aintzatestea. Ildo horretan, inoiz baino garrantzitsuagoa da sexu-harremanen baitan gertatzen diren onespen, ezezko eta mugen negoziazioaren inguruko eztabaidarekin ozen eta garbi jarraitzea. Eta busti dezala eztabaida horrek beste guztia, bizitzako edozein alorretan baiezko garbiak identifikatu arte ezer ontzat har ez dezagun. Pertsonala, eta are intimoa, politikoa da azken finean.

Tea erabiltzen du bideo honek sexuari buruz hitz egiteko. Edo politikari buruz ari da?
Kontuz desiratzen duzunarekin Kontuz desiratzen duzunarekin Kontuz desiratzen duzunarekin
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude