Kontuz, bizilagunak esnatuko ditugu

Eneko Moby Dick – Argazkilaria: Juan G. Andres

Bikote harreman baten oso antzekoa da. Ohean muxu, keinu edo irri batek deserosotasunaren kristala noiz hautsiko izaten da gakoa, larru joaldia ona izango den ala ez jakiteko. Erabakiorra gozatzeko ala desengainatzeko. Audientziaren eta artistaren artean berbera gertatzen da alajaina. Maitasunaz, morboaz, kapritxoaz edo liluraz ehundutako harremana da bien artekoa eta larru joaldia zuzenekoa. Baina beti dago hasieran kristal madarikatu hori. Hotza.

Aretoa erdi hutsa zela igo zen Eneko Moby Dick bakarlari getxotarra Victoria Eugenia Antzokiko oholtzara. Gitarra akustikoa eskuan, ixilik. Dena zuen aurka. Teloneroa zen, publikoa ez zihoan berari entzutera. Jende multzo handia berandu sartu zen, bigarren kantuaren ostean ozen hitz eginaz, errespeturik batere gabe. Azken tragoa luzatzetik-edo. “Es que no nos dejaban entrar”, ausartu zen esatera bat, Moby Dick-ek kitarra afinatzen zuen bitartean; hain zuzen, eurak, lotsagabeak, jesar zitezen. Mikrofonora hurbildu eta hurrengo abestia hasi aitzin esan zuen: “Que guapa es la impuntualidad.” Une hartantxe, kraxk, hamaika zatitan apurtu zen beira hotza. Irriak eta txalo zaparrada. Enekok, konfiantzaz hitz egingo diogu: Badaki larrutan.

Gordin jo zituen kordak, akordeak, metronomoak deslegitimatuz. Ahotsa bortxatuz. Bere kasa. Aretoaren ixiltasunean, adi, estudiante pisu batean geundela zirudiela pentsatu nuen. Enekok  noizbait jo zuela pisuren batean, afal ostean. Ziurrenik oraindik kontzertu bat bera ere eskaintzeke. Eta igo zitzaiola beheko bizilaguna ate joka, ixiltzeko eskatuz, “batzuk bihar lan egin behar dugu!”. Kontuz, bizilagunak esnatuko ditugu Dick, pentsatu nuen. Ohearen malgukiek zarata ateratzen dute.

Damien Jurado taldekideekin Victoria Eugenian - Argazkilaria: Juan G. De Andres

Damien Jurado taldekideekin Victoria Eugenian – Argazkilaria: Juan G. Andres

Joaldia amaituta oroitu nintzen Damien Jurado entzutera gentozela berez. Azkar esango dizuet ez baitu luzatzerik merezi. Sartu zen txalo artean. Eta jo zituen hainbat abesti, dezente, eta nik oraindik ahotik zeridan gandua ikusten nuen itsasten kristal hotzean. Juradok ez zuen kasik hitz bat bera ere egin. Oso onak ziren taldekideak, ondo jo zuten, baina zerbait gehiago behar da joaldia ederra izan dadin, kasu. Working Titles abestira arte gutxi gora behera izan zen hala. Hortik aurrera desegiten joan zen apurka kristala, berotzen giroa. Juradok ixilik jarraitzen zuen hala ere. Bukatu zen kontzertua baina nik ez nuen bukatu.

Eta errepikapenetan, teloiaren bestaldetik biagra overdosea balu legez atera zen korrika tabladuari bi itzuli emanaz. WTF. Clown-a imitatuz sartu zen audientzia zur eta lur utziaz, eta Victoria Eugeniako jesarlekuen arteko korridoretik txokalak egiten hasi zen korrika. Bai, bai, ordura arte fitsik esan ez zuen Jurado bera. “Bipolarra da”, albotik, “Beltza izan behar da horrela aritzeko lizentzia izateko”, bestaldetik. Orduantxe, jada kontzertua akitua zela, apurtu zuen kristal madarikatua. Joaldi bizkorra izan zen. Bi pieza (Arkansas eta Cloudy Shoesutzi zizkigun, kitarraz eta ahotsaz soilik. Eta berriz pentsatu nuen estudiante pisuarena: Kontuz Damien bizilagunak esnatuko ditugu. Kostatu zaizu gatillazoari buelta ematea.

Damien Jurado audientzia agurtzen - Argazkilaria: Juan G. De Andres

Damien Jurado audientzia agurtzen – Argazkilaria: Juan G. Andres

Damien Jurado + Moby Dick (martxoaren 16an, Victoria Eugenian)

Eskerrik asko argazkiengatik @foteropanico

http://foteropanico.blogspot.com.es

Ekaitza bainuontzi batean