Kontseiluak Galesko Cymdeithas erakundearen 50. urteurrenean hartu du parte

Paul BilbaoKontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao Gales-Cymrun-en izan da Cymdeithas yr Iaith Gymraeg (Galesaren Gizarte Mugimendua) erakundearen 50. urteurrenaren ekitaldian eta bertan gizarte zibil antolatuak hizkuntza gutxiagotuen berreskurapen-prozesuan duen garrantziaz egin du ekarpena.
1962an sortu zen Cymdeithas erakundea eta ordutik hamaika ekintza burutu izan ditu galesaren berreskurapenaren alde.
Urteurren-ospakizunaren barruan ostiralean lan-jarduna antolatu zuten eta bertan hainbat herritako esperientziak izan zituzten hizpide: Euskal Herria, Kurdistan, Herrialde Katalanak, Nawat komunitatea… Guztiek azpimarratu dute hizkuntza gutxiagotu baten berreskurapen-prozesuan gizarte zibil antolatuak duen garrantzia eta hartu beharreko protagonismoa. Zentzu horretan Bilbaok egun Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren inguruko azalpenak eman zituen jardunaldian: “Herritarren aktibazioaren eta artikulazioaren beharra ondorioztatu dugu partaideok; finean gure hizkuntzan bizi nahi duen herria motorea da hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan, eta hori Euskal Herrian ez ezik, Galesen ere horrela dela ondorioztatu dugu”.
Larunbatean ekitaldia burutu zuen Cymdeithas erakundeak 50. urteurrena ospatzeko, eta bertan ere Kontseiluko ordezkariak elkartasun mezua helarazi zion erakunde  antolatzaileari. Bilbaok mezu zuzena helarazi zien partaide guztiei: “Gizarte zibil antolatuak du gure hizkuntzen berreskurapenaren giltza, eta gai izan behar dugu gizarte zibil antolatu eraginkorra sortzen. Gizarte zibil antolatuak lortuko ditu gure hizkuntzak berreskuratzeko baldintza sozial egokiak eta horiek eskuratuta, gai izango gara gure hizkuntzetan bizitzeko baldintza ekonomikoa, sozialak eta politikoak erdiesten”.
Azkenik, Kontseiluko idazkari nagusiak bidaia probestu du Galesko hainbat erakundetako ordezkariekin bilerak egiteko. Horietan hizpide izan dute Kontseiluak Euskal Herrian zabaldu den egoera berrian 2012ko maiatzean aurkeztu zituen euskararen gutxienekoak. “Galesko herrigintzak oso interesgarri iritzi dio Kontseiluak aurkeztutako gutxienekoan dokumentuari, eta bat egin dute Euskal Herrian zabaldu den joko zelai berrian Kontseiluak hizkuntza zentralitatea lor dezan egiteko ideiarekin” gaineratu du Bilbaok.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.