Kontseiluak Euskal Herrian Euskaraz erakundeak antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du

Gaur egun, oraindik ere, behin eta berriz salatzen ari garen moduan, euskaldunok gure herrian bertan euskaraz bizi ahal izateko traba handiak ditugu. Kontseiluak euskaraz bizitzearen aldeko apustu argia egin du. Horretarako, baina, gaur-gaurkoz ez dira beharrezkoak diren baldintzak betetzen. Baldintza horiek izatea administrazio ezberdinek oztopatzen dute, Euskal Herri osoan. Beharrezkoa da horiek gainditzeari begira lan egitea. Norbanakoek ildo horretan eragile aktiboak izan behar dira. Beharrezkoa da, euskara normalizatzea helburu izanik, euskararen alde egiten duen euskaltzale orok ere ahal duen neurrian bere ekarpena egitea.; bai egunerokoan eta baita era honetako deialdiak egiten direnean bertan parte hartuz. Euskaraz bizi nahi dugun guztiok, datorren larunbatean hori aldarrikatzeko parada izango dugu Donostiako manifestazioan. Euskaraz bizi nahi dugunok bat eginda, indar handiz bultzatu dezakegu beharrezkoak ditugun baldintzak sor daitezen.

EHEko ikurrak iazko manifestazio batean

Irudia | EHEko ikurrak iazko manifestazio batean | kontseilua | Creative Commons By SA

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.