Kontseiluak eta Batzen-ek Txillardegi jardunaldiak antolatu dituzte

Txillardegiren jardunaldietako kartela

Esan beharrik ez dago, Jose luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, Euskal Herriaren historia hurbilean oso pertsona garrantzitsua izan da. Horren adierazgarri dira jada jaso dituen eta aurrerantzea ere jasoko dituen omenaldi ezberdinak. Izan ere, arlo desberdinetan egin duen ekarpena benetan aberatsa izan baita.

Baina, nonbait jarri bazuen bere ahalegina, bere ekina, Txillardegik, hori Euskal Herriaren eta batez ere euskararen biziraupenean eta garapenean izan zen. Euskararen normalizazioari Txillardegik egindako ekarpena handia izan da, garrantzitsua oso, berebizikoa. Ondorioz Euskalgintza zorretan da berekin.

Kontseiluko Iker Salaberriak azaldu duenez, “argi dugu jardunaldi xume hauen bidez ez dela berarekin dugun zorra kitatuko. Hori nolabait kitatuko bada, euskaraz bizi nahia euskal herritar guztiengana hedatuz eta euskararen normalizazioan tinko eraginez izango da. Uste dugu, beraz, Txillardegiri gorazarre egiteko modurik onena, lan horietan lagungarri izango ditugun bere ideiak, bere ekarpenak, lau haizetara zabaldu eta horietan sakontzea dela”.

Horregatik Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Donostiako Euskalgintza biltzen duen Batzen-ek jardunaldiak antolatu ditu euskararen eremuan egindako ekarpenak bizi-bizirik diraulea aldarrikatzeko.

Ildo beretik mintzatu da Batzen-eko Jexux Arrizabalaga: “Donostiako Batzen-ek ere jardunaldi-omenaldi berezi honetan parte hartu nahi izan du, besteak beste, Txillardegiren ekarpena Euskal Herri osorako izan arren, Jose Luisek Donostiarekin, bere hiriarekin, harreman berezia izan duelako. Eta noski, gurekin ere, Donostiako Euskalgintzarekin harreman estua mantendu zuen beti”.

“Bere ekarpenak teorikoak ez ezik, praktikoak ere baziren eta orokorrak ez ezik, auzo edo herri mailakoak ere bai. Ezinezkoa da Txillardegiren ekarpen guztiak goiz bateko jardunaldietan jasotzea, baina hizkuntzaren alorrean landutakoen nolabaiteko lagina hartuko dugu hizpide datorren maiatzaren 12an, larunbatean” gaineratu du Batzen-eko ordezkariak.

Antolatzaileek egitarau interesgarria prestatu dute larunbata goizerako: hasteko Kontseiluko Iñaki Lasak Txillardegik euskararen normalizazio prozesuari egindako ekarpen nagusiaz hitz egingo du. Ondoren Imanol Esnaolak glotopolitikaz egindakoak ekarriko ditu gogora.

Jarraian, atseden motz baten ondoren, Xabier Isasik hartuko du hitza Txillardegik hizkuntzen erabilera aztertzeko proposatu zuen eredu matematikoaz aritzeko. Bere ondotik Urko Aiartza ariko da eta beste hizkuntza batzuen normalizazio prozesuen gainean Txillardegik idatzi zituenak laburbiltzen saiatuko da. Eta azkenik, EHEko Unai Larreategik eta Bagerako Dani Goñik Euskalgintzak euskararen normalizazio prozesuan izan beharko lukeen paperaz proposatu zituenak landuko dituzte.

Jardunaldiak Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoan izango dira eta etorri nahi duen orok ateak irekita izango ditu, hori bai, aretoaren  edukiera kontuan hartuta, aldez aurretik jakinaraztea eskertuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Telefonoz 943591200 edo 0559594948 zenbakietara deituz edo idazkaritza@kontseilua.org helbidera idatziz.

euskara, kontseilua, Txillardegi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude