Zer egin-asmo dute PSE, PP eta UPyDk kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko?

Paul-konts-dekretGasteizko Legebiltzarrak, erdibideko zuzenketa onartu du gaur goizean kontsumitzaileen eta erabiltzaile euskaldunen eskubideen inguruan. Kontseiluko idazkari nagusiak agerraldia egin du Legebiltzarrean gaiaren inguruan Kontseiluak duen iritzia plazaratzeko. Eta enplazamendu zuzena egin die zuzenketa onartu duten alderdiei, argitu dezaten zer egingo duten hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen.

“Lotsagarria eta iraingarria zaigu Eusko Legebiltzarrera etorri behar izatea gure eskubideen urraketak betikotu dituzten erabakiei buruzko eztabaida entzutera”, esan du Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, Legebiltzarreko osoko bilkuratik irten denean. “Are onartezinagoa da Autonomia Erkidego bateko Legebiltzar batean euskaldunon oinarrizko eskubideen urraketak sistematizatuko dituzten erabakiak hartu ahal izatea”, gaineratu du.

Osoko bilkuran hitz egindakoa demagogia hutsa izan dela esan du Kontseiluko idazkari nagusiak. Legeak zehapenak jasotzen zituen, orain, zehapen horiek baliogabetu dira. Eta horren haritik galdera egin du Bilbaok: “Nola uler daiteke Legebiltzarrak lege bat onartzea eta lege horrek jasotakoa berma dadin onartutako neurriak bertan behera uztea? Oso argi dugu: Hau ez da lege bat, hau homilia bat da. Lege-urraketen aurrean neurriak aurreikusten ez duen Legeak ez baitu inolako baliorik. Norbaitek ulertuko al luke zehapenik gabeko trafiko-legea?”

Kontseiluak bizikidetzaren aldeko apustua egiten duela esan du idazkari nagusiak, bai hizkuntzen arteko bizikidetzaren alde eta baita hiztunen arteko bizikidetzaren alde.

Gaur Legebiltzarrean hartutako erabakia atzerapausoa da Kontseiluaren aburuz. “Progresibitateaz mintzo izan dira urteetan. Arian-arian, progresiboki bermatuko dira euskaldunon eskubideak. Kontseiluak egin duen Kontsumitzaile eta Erabiltzaile Euskaldunen Dekretuaren betetze mailaren azterketak, progresibitate hori “hutsala dela agerian utzi du. Emaitza ikusi dugu eta ez duela eragin positiborik izan ondorioztatu dugu”, azaldu du Bilbaok.

Bestetik, gaurko bilkuran PSE alderdiak aipatu du “seduzitu” egin behar dela. “25 urte daramatzagu seduzitzen. Zer egingo dute hemendik aurrera PSE-k, PP-k eta UPyD-k, orain arte egin ez dutena eta seduzitzeko balioko duena? Enplazamendu argia egiten die Kontseiluak hiru alderdi hauei argitu diezaguten zer den egin asmo dutena. Zer neurri hartuko dituzten herritarron hizkuntza-eskubideak berma daitezen jakin nahi dugu. Euren erantzuna nahi dugu”, esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Horrekin lotuta, “hogeita bost urtetan ikusi ahal izan dugu enpresen borondatea ez dela inondik inora ere nahikoa izan euskaldunoi eskubideak bermatzeko. Eta horrelako erabakiekin euskaraz bizi nahi dugun eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugun herritarrekiko errespetua, tolerantzia… desagertu egiten da. Erabaki honen ondorioz eremu soziekonomikotik herri honetako berezko hizkuntzan bizi nahi dugun herritarrak baztertu nahi dituzte”, adierazi du Paul Bilbaok.

Erabaki honen aurrean, Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi du “bai Kontseiluak eta baita euskaraz bizi nahi dugun herritar guztiok, euskaraz bizi ahal izateko lanean jarraituko dugu, tinko. Hizkuntza-politika eraginkorrak abian jartzeko garaia da. Herritarrek behin baino gehiagotan adierazi dute euskaraz bizitzeko duten nahia, baina horrek, administrazioen aldetik bermea behar du”.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Zer duzu buruan “Zer egin-asmo dute PSE, PP eta UPyDk kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko?”-ri buruz