Kontrastea

Bihotza eskuetan emana
Bihotza eskuetan emana

Erabatekoa da pasadizo bien arteko kontrastea. Tenpluko lege-maisuei buruz buru, kontuz ibiltzeko esan dio Jesusek jendeari. Sasikoa da horien erlijioa: beren osperako baliatzen dute eta jenderik ahulena ustiatzeko. Ez dira horiek miretsi beharrekoak, ez zaio jarraitu behar horien ikasbideari. Bigarren pasadizoan, emakume alargun pobrearen keinuari begira dago Jesus eta ikasleei dei egin die. Emakume honengandik ikas dezakete, bai, lege-maisuek sekula irakatsiko ez dieten zerbait: Jainkoarekiko guztizko fedea eta mugarik gabeko eskuzabaltasuna.

 

            Zorrotza da lege-maisuen kontrako Jesusen kritika. Herria Jainkoagana bideratu ordez, beren ospearen bila dabiltza, jendearen atentzioa deitu nahi dute beren izen handiaren bila. Gustukoa dute «harro jantzirik ibiltzea», jendearen agurraren eta begirunearen bila. Sinagogako liturgian eta jai-otorduetan «ohorezko jarlekua» eta «lehen eserlekua» nahi izaten dute.

            Bada, ordea, Jesusi min handiagoa ematen diona aintzat eta begirunez hartuak eta agurtuak izateko ume-jarrera zoro horrek baino. Jainkozaletasun sakonaren itxurak egiten dituzte jendaurreko «otoitzaldi luzeez»; baina beren izen erlijioso horretaz baliatzen dira emakume alargunen eta Bibliaren arabera izaki ahulenak eta babesgabeenak direnen bizkar bizitzeko.

            Hain juxtu, emakume alargun horietako batek jarriko du agerian gidari erlijioso horien erlijio ustela. Alargun honen keinua oharkabea izan da guztientzat, baina ez Jesusentzat. Emakume gajoak bi txanpon bakarrik bota ditu eskaintzen dirutegira. Baina Jesusek berehala dei egin die ikasleei, zeren nekez ikusi baitute tenpluko ingurunean behartsuekiko bihotz erlijiosoagorik eta solidarioagorik.

            Alargun hau ez dabil ohore eta izen handi bila; ezkutuan eta apal dihardu. Ez dabil inor nola ustiatuko; aitzitik, duen guztia eman du, beste batzuek behar izango dutelako. Jesusen hitzetan, beste inork baino gehiago eman du, zeren ez baitu eman sobera duenetik, baizik «bizitzeko duen guztia eman du».

            Ez gaitezen oker ibili. Jende xume baino bihotz handi eta eskuzabaleko hau, baldintzarik gabe maitatzen dakien hau, da Elizan dugun alderik hoberena. Jende hau da mundua gizatarrago egiten ari dena, Jainkoa baitan benetan sinesten duena, Jesusen Espiritua bizirik mantentzen duena beste jarrera erlijioso sasiko eta interesatu batzuen artean. Jende honengandik ikasi behar dugu Jesusi jarraitzen. Jende hau da Jesusen antzekoena.

 

Jose Antonio Pagola

 


BERRI ONAK Sare Ebanjelizatzailea

Pobreek gaituzte ebanjelizatzen. Bidali hau

 

 

 

2009ko azaroaren 8a

Urteko 32. Igandea (B)

Markos 12,38-44

ebanjelioa, Gehitu etiketa berria, Nazareteko Jesus

Aita nuen Pagola; ama, berriz, Elorza. Nere izena, Jose Antonio. Añorgatarra naiz sortzez. Nazareteko Jesusen Berri Onaren muina eskeini nahi dut astean behin. Hau katalanez, gazteleraz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta portugesez zabaltzen da munduko plazara. Zuk zeuk har dezakezu orain euskaraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude