Konstituzio plaza

Konstituzio plaza –

Konstituzio plaza
Arg: Iruñeko Udala

Enrique Maiari esker, Iruñeak, Donostiak bezala, badu bere Konstituzio plaza. Orain, metropoli forala Gipuzkoako hiriburua bezalakoa izan dadin, hondartza baizik ez zaigu falta. Tira, hondartza, Zinemaldia, Beldur Astea, zinema aretoak alde zaharrean eta euskaldun kopurua handitzea. Baina Konstituzio plazarena lehen pausoa da, eta ez nolanahikoa, Iruñeko biztanleen behar oinarrizkoak asetzera etorri dena.

Harrigarria da Espainiako konstituzioa fetitxe bihurtu izana nork eta duela berrogei urte Espainiako lege berria gaitzetsi zutenek –UPN, gogora dezagun, konstituzioaren kontra sortu zen–. Edo apika ez da hain harrigarria, nondik begiratzen zaion. Konstituzioa ez dute defendatzen agian ahalbidetzen ahalko lukeenagatik, baztertzen duenagatik baizik. Konstituzioa oztopo, traba, harresi, muga den neurrian interesatzen zaie. Debekua den neurrian: ezin da monarkia kritikatu edo, are gutiago, deuseztatu, konstituzioan bildua dagoelako; Katalunian ez da erreferendumik egiten ahal, konstituzioak onartzen ez duelako; ez da zilegi independentzia nahi izatea, konstituzioak Espainiaren batasuna babesten duelako.

Estatuko hizkuntzak babestu eta bulkatu egin behar direla ere bildua dago Espainiako konstituzioan, baina halere euskaldunen hiri buruzagiko alkateak ez du plaza berriaren plaka euskaratzeko lanik hartu. Toki egokian bederen paratu du: Baluarteko plazan. Hori ere ustezko modernitatearen fetitxea izan zen eta da, baina, konstituzioak bezala, ez du balio balio beharko lukeen horretarako. Ibiltzeko, alegia.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko otsailaren 1ekoa]

Konstituzio plaza

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.