O.Garcia: “Herritarrak ahalduntzea eta pertsonen konpromisoa lortzea ezinbestekoa da”

Elhuyar Aholkularitzak antolatuta, HerriArte mintegia egin genuen atzo Markina-Xemeinen, Lea Artibaiko Garapen Agentziaren eta Igorreko, Berrizko, Lekeitioko eta Ondarroako udalen laguntzarekin. Mintegiaren helburua izan da, parte-hartzea eta tokiko garapena ardatz hartuta, udala herritarrengana hurbiltzeko izan diren esperientziak gizarteratzea eta trukatzea, eta parte-hartzean oinarritutako kudeaketa arrakastatsua izateko gakoak identifikatzea. Oihana Garcia Elhuyar Aholkularitzako teknikariak egin du mintegiaren sarrera, eta ezinbestekotzat jo du parte hartzeko prozesuetan “herritarrak ahalduntzea eta pertsonen konpromisoa lortzea”.

Jarraian, Bizkaian izan diren hainbat esperientziaren berri eman dute. Beñat Alzola Igorreko alkateak eman dio hasiera esperientzien txandari “Igorre, parte hartzean sakonduzhitzaldiarekin. Igorren zeuden hainbat ekimen parte-hartzaileetatik abiatuz, hainbat gairen inguruko partaidetza-prozesuak jarri dituzte martxan. Prozesu horien bidez, “Udalaren kudeaketan herritarren parte-hartzea bultzatu” nahi dutela esan du, eta bide horretatik jarraitzea dutela helburu, prozesuak zer emaitza eman duen ikusita.

Ondoren, Orland Isoird Berrizko alkateak hartu du hitza, eta herritarrekin hondakinen kudeaketa nola landu duten azaldu du. Konpostajearen bitartez hondakin garbia jasotzea zuten helburu Berrizen. “Lehenengo gauza izan da herriko indar politiko guztiak ados jartzea, gaia politikoki erabiltzea saihesteko” adierazi du. Asmo horrekin, Udalak hartu zuen ekimenaren ardura, aholku-batzorde bat eratu zuen eta ekimenaren aurkezpen publiko bat egin zen, non parte hartzeko aukera eman baitzitzaien herritarrei. “Emaitza oso positiboa izan da, eta, zenbait alderdi hobetu beharra badago ere, oso maila oneko konposta egitea lortu dugu, herritarren inplikazioarekin”.

O.Garcia: "Herritarrak ahalduntzea eta pertsonen konpromisoa lortzea ezinbestekoa da"Azkenik, Ainara Basurko Lea Artibai Garapen Agentziako kudeatzaileak, Argia Ituarte Ondarroako alkateak eta Ainhoa Lopez Lekeitioko alkateordeak hartu dute hitza. “Eskualdearen garapen ekonomikoa herritarren parte-hartzean oinarrituz” izenburupean aurkeztu dute beren esperientzia. Herri bakoitzak bere proiektua osatu eta gero, proiektuak bateratzea izan dute helburu, eskualdean izan den gainbehera ekonomikoari modu eraginkorragoan aurre egiteko. Hain zuzen, Ondarroako Udalak “OND2020 etorkizuna erabaki” proiektua abiarazi du, bi sektore nagusi identifikatuta: arrantza-industria batetik, eta merkataritza-turismoa bestetik. “Herritarren parte-hartzearekin egin nahi dugu bidea. Horregatik, liburu zuri bat eskaintzen dugu, denon artean idatziko duguna”, adierazi du Ondarroako alkateak. Lekeitioren kasuan, berriz, “hiri-antolakuntzarako plan orokorra eta garapen ekonomikorako plana bateratu dituzte proiektu parte-hartzailea eraikitzeko. Horretarako, “hiru ikuspegi hartu ditugu kontuan: orokorra, gaikakoa eta auzoetatik eratorritakoa”, adierazi du Lopezek. Bi proiektu horiek bateratuta, “eskualde mailako planteamendu bat sortu nahi dugu”, esan du Ainara Basurkok.

Esperientzien berri eman eta gero, hausnarketarako unea iritsi da, eta, besteak beste, udalen kudeaketan herritarren parte-hartzea bultzatzeko gakoak zein diren identifikatu dituzte: beharrezkoa da parte hartzeko eredua eta sistemak definitzea (parte hartzeko jarduera noiz, norekin eta zer gairekin lotuta egingo den, loteslea den, iritzia emateko den, erabakigarria den…), herritarra subjektu aktibo eta politiko gisa ulertzea, herritarrak gerturatzeko eta gertu sentitzeko mekanismoekin asmatzea; herritarrek dituzten eskaerei erantzutea, eta konfiantza ematea —horrela, euren konpromisoa lortuko da prozesuetan integratzeko eta, ondorioz, herriaren kudeaketan integratzeko—; bestalde, prozesuak martxan jartzeko ezinbestekoa da adostasun politikoa, eta herritarrei konpromisoa erakutsi behar zaie; azkenik, komunikazioa ere oso beharrezkoa da prozesuak bizirik daudela azaltzeko eta, azken finean, arrakasta izan dutela erakusteko.

Partaideak pozik atera dira saiotik, eta etorkizunean gaiaren inguruan gogoeta egiten jarraitzeko asmoa azaldu dute.

O.Garcia: “Herritarrak ahalduntzea eta pertsonen konpromisoa lortzea ezinbestekoa da”

Gizartearen hainbat esparrutan, eraikuntza kolektiboan lan eginez, hobekuntza lortzeko zerbitzuak eskaintzen dituen aholkularitza gara. Parte-hartzean eta berdintasunean oinarrituta egiten dugu lan, eta hizkuntza gutxituei tratamendu egokia eskaintzen diegu.