Konfinamenduko gogoetak

Konfinamenduko gogoetak –

Apirilak 11 ditu. Utretchen edo Leipzigen, jendea kalean ibil daiteke, umeak ere bai; hemen ez. Txakurra baduzu -zelako desfileak egunotan, era guztietako txakurrak; inoiz baino maiteago lau hankako txakurrak, inoiz baino abandonu gutxiago!-, edo erosketak egitera bakarrik, edo lanera eta kito.

Konfinamenduko gogoetakAtzo irakurri nuen Berrian, Utrechen bizi den tolosar batek zioena: “…kalera irten gaitezke. Kontzientzia zibilaren esku utzi dute nola jokatu erabakitzea. Hala ere, ez dabil inor kalean”. Gaur bertan Leipzigen bizi den lagun batek: “Jendea binaka edo taldetxotan dabil. Etxe berekoak badira normal dabiltza eta bestela tarte handixeagoa uzten dute, 1,5 metro. Baina, orokorrean, jendea ikusten da bizikletan, belazeetan etzanda…alde handia dago horkoarekin alderatuta. Helduenak zainduago daude, nik uste”.

Ba, bai, alde ikaragarria dago! Hemen, Espainiako erresumaren menpeko Euskal Autonomi Erkidegoan edo Nafarroako Foru Erkidegoan, umeak etxean eta helduak ere bai, salbuespenezko irteeratxoak salbuespen. Kutsatuen eta ospitaleratze eta hildakoen emaitza kaskarragoak ote dituzte Herbehereetan eta Alemanian? Ez. Alderantziz. Non dago desberdintasuna? Kontzientzia zibikoan?

Kontzientzia zibikoa indartzeko askatasuna ezinbestekoa da, eta eskubideekin batera betebeharrak ere baditugula sentitzeko, eta praktikan jartzeko ere. Kalera atera eta ertzainek edo udaltzainek gelditzen banaute, edo horren beldur banaiz, eta horregatik konfinatuta bizi banaiz, nirea ez da hautu librea, behartua baizik, eta horrenbestez ez dut ez meriturik eta ez errurik, agintarien mendeko txotxongilo bihurtzetik gertu naiz edo bilakatua nago.

Bai, baina, entzuten ari naiz, elkartasunagatik, komunitate solidaritateagatik, etxean geratu behar da: gera zaitez etxean! Gero hedabideetan txalotu egingo dute gure jarrera.

Ez da txalotzekoa, ez baita librea. Txalotzekoa da Utrechen edo Leipzigen, libertatea izanagatik libertate hori arduraz erabiltzea, baina horretarako askatasuna ezinbestekoa.

Aginte handiak (Espainiako gobernua eta botere faktikoak) konfinamendua manatu zuen, eta erresumako autonomia guztietan, etxean konfinatuta. Aginte txikiak, hots, Eusko Jaurlaritzak ekonomia ez gelditu nahi, osasun eta ekonomiaren arteko sokatira; disidentzia neurri gogorragoen alde, Txinakoen, azkar gainditzeko pandemia. Kontua da hilabete dugula jada etxean, lau pareten artean errenditurik ezinbestean. Eta ez jakin noiz bigunduko diren manu zorrotzak. Eta askatasunik gabe, kontzientzia eta ardura zibikoa ere oso maila beherean.

Oro har, agintariek ez-heldutzat gauzkate herritarrak. Hondakinen gaian atez atekoa inposizio onartezina zen -zoritxarrez, borroka politiko okerrenerako aitzakia eta bazka-, eta askatasunean erakutsiko genuen gure kontzientzia zibikoa. Baina gezurra zen, zeren erraustegiaren proiektua jada onartua eta aurrera ematen hasia zen eta egun jada hastear da, herritarren kontzientzia zibiko bikainera apelatzea amarrua eta tranpa baino ez zen. Politika txarra, eta denok pairatuko ditugu politika txar horren ondorio tamalgarriak.

Oraingo krisi sanitarioan alderantziz; askatasuna ia erabat moztera jo da. Bakarka ibiltzea paseoan edo korrika debekatua. Ume txikiekin banaka ateratzea debekatua. Mendira joatea debekatua. Autoan desplazatzea ere bai, nahiz inori kalterik ez egin. Hedabideetan bonbardaketa, etxean gelditzeko eta etxean gelditzeko.

Eroa nintzateke bakoitzak nahi duena egitea aldarrikatuko banu. Ez. Erabilera arduratsua eta solidarioa errebindikatzen dut. Baina askatasun gehiagorekin. Bestela betiereko umetzat hartzea da gu, herritarrok, agintariek hedabide eta polizien bitartez leziatu eta askatasuna ukaturik, azenario pozoitsuarekin kontentaraztea, azkenean txotxongilo bilakaraziz.

Isuna merezi duten jokaerak isunekin zigortu -baita hondakinak nolanahi ateratzen dituztenak ere-, baina herritarrengan uste gehiago izan behar du agintariak -aginte handiak aginte txikia nola irensten duen ere, ezin argiago ikusi dugu egunotan-, askatasun gehiago gero eta kontzientzia zibiko hobea izan dezagun. Ez gara umeak, ume gisa tratatuak izateko!

Nola aterako gara honetatik?, lehengora itzuliko ote gara asko baino lehen ala ezer ez da lehen bezalakoa izango? Ez dut esperantza handirik gauzak hobera edo asko aldatuko direnik. Ez litzateke txarra ipartarrago bilakatzea, eta, besteak beste, hemengo aginte txikiak aginte handira jotzeko apustu ausarta egitearekin batean, gizabanakoen eskubide-betebeharretan eta konfiantza zibikoan ere gora jotzea.

Konfinamenduko gogoetak Konfinamenduko gogoetak

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

6 pentsamendu “Konfinamenduko gogoetak”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-04-13 10:18

    « Kontzientzia zibikoa indartzeko askatasuna ezinbestekoa da, eta eskubideekin batera betebeharrak ere baditugula sentitzeko, eta praktikan jartzeko ere » diozu.
    Pako iduritzen zait gogoeta jartzen dukezula hor behar den alturan.
    Bainan ez ote duzu pentsatzen « eskubideekin batera betebeharrak ditugula lehenik » ?
    Izan ere betebeharrik gabe, eskubiderik ez. Ideia hau da egiazko komunitateen oinarrian.
    Eta Iraultza frantziarra baino lehenagoko gure arbaso lapurtarrak, Herriguziko komunitate tradizional askotan bezala, ideia horretatik hurbilagoak ziren gu baino.

  • “Eskubideekin batera, betebeharrak ere baditugula” esanda, betebeharrak eskubideak bezainbat edo gehiago azpimarratzen dira, nire ustez.
    Artikuluak eman dezake gizabanako-komunitate ardatzean, gizabanakoari leku gehiago egiten diodala, baina nire egonezina beste leku batetik doa: autoritarismo gehiegi sumatzen dut, eta gizartea otzanegi.
    Solidaritatea asko aipatzen da, baina ekonomia, ekoizpena da nagusi, eta horrekin batera autoritarismo larregi. Ez da zuri-beltzeko kontua.
    Eskubide eta betebeharren kontzientzia izateko libertatea ezinbestekoa da.

  • Benat Castorene 2020-04-13 11:21

    “Eskubide eta betebeharren kontzientzia izateko libertatea ezinbestekoa da.”
    Erabat ados horrekin.
    Gehi nezake solidaritatea barneratzeko egiazko Komunitate baten parte izaitea ere ezinbestekoa dela.
    Gehiago ageriko da ere osasuna eta ekonomia arteko auziaren irriskua zehaztu eta mintzen baldin bada.

  • Batetik Bai Herbereetan eta bai Alemanian kondizio obeetan zeudenean hasi zituzten murrizketak. Bestetik askozaz ere gutxiago ibiltzen dira kalean. Baina auzo txiroetan hain ondo betetzen al dira urruntze arauak ?(beste kulturetako asko bait daude).
    Ez da kritika bat, hausnarketa batzuk dira, duda asko bait ditut.

  • Eskerrik asko Iker2 zure ekarpenagatik

  • Koronalipsia 2020-04-15 09:47

    Konfinamendu totalak orain eragin dituen ondorioez kezkaturik daude batzuk… datorrena ordea beldurgarria da: https://www.berria.eus/albisteak/180042/ekonomiak-1930az-geroztiko-erorialdirik-handiena-izango-du-aurten.htm

    Agian hori da bilatzen dutena. Langileak berriz kalean uztea.