Komisiorik gabeko txistuak

Komisiorik gabeko txistuak

Atzo Ilunben egon nintzen, eta tentsio une handiena ez zuten bertsoek eman.

Komisiorik gabeko txistuak

Sari banaketan Kutxabank fundazioko ordezkari bat igo zen oholtzara Unai Agirreri zegokion garaikurra ematera. Uste dut Kutxabank-eko fundaziokoa zela, baina ez kasu gehiegirik egin. “Bank” esan baino lehenago Ilunbeko dezibelioek ia teilatua lehertu zuten. Txistuak, garrasiak, oihuak…

Bazirudien saria eman eta gero bankuaren ordezkaria iritsi zen lekutik itzuliko zela, baina ez; mikrofonora zuzendu zen. Festa bermatuta, beraz, eta noski, dezibelioek berriz egin zuten gora. “Eskerrik asko ez dakit zer fundazioari hau egiteagatik, eta beste elkarteari…”. Ez zen pitorik entzuten. Dirudienez, txapelketa antolatzeko jarri duten diru kopuruak oholtzan momentu horretan publizitate minutu baterako eskubidea ematen zien. Hala ere, momentuan uste nuen hor amaituko zela ikuskizuna. Ezta pentsatu ere, onena hastear zegoen.

Errieta egiten hasi ez zen ba! Milaka laguni!

“Igotzen garen bakoitzean hau jasan behar izatea…”, “Kutxa beti egon da euskararen alde…”, “zuek, txistuka ari zareten horiek”... Ostia. Tipoa milaka laguni kontra egiten. Finaleko agurren tartean, zirrara eta zoriona azalean daudenean. Ikaragarria. “Txistuak jo dituzute bainan maite zaituztet oraindik” esatea falta zitzaion.

Momentuak txio ugari utzi zituen.

Captura3 Captura5 ZZ Captura4

Kutxabank-ek diruz lagundu du bertso txapelketa. Oso ondo. Babesleei tartea eskaintzen zaie beti, eta Bertsozale Elkarteak baloratu edo onartu behar izan zuen agurren momentuan bankukoek hitza hartzea. Primeran. Jende asko nazkatuta dago bankuekin, eta txistu egin diote ordezkariari. Bikain.

Kutxabank estatuan irabazi gehien lortzen ari den bankuetako bat da, eta aldi berean, etxe kaleratze gehien egiten dituena EAEn. Saria eman beharrean, bankuko ordezkariak jaso behar baluke, nik badakit zein izan beharko zen oparia. Sagardogile Elkarteak Jon Maiari bere pisua sagardotan eman zion bezala, Kaleratzeak Stop plataformak bankuko ordezkariari bere pisua malkotan eman beharko lioke.

Normala da diru asko jarri ondoren Kutxabank-ek hitza hartu nahi izatea. Normala da jendeak bankuei txistu egitea. Lekuz kanpo egon zena ordezkariaren jarrera izan zen, milaka pertsonei nik ez dakit zer lezio eman nahian. Gainera, ez da hainbesterako. Jaso zituen txistuak komisiorik gabekoak dira, hutsalak, ondoriorik gabekoak; eurek bidaltzen dituzten gutunak ez.

Panorama ikusita Denis Itxasok maisuki jokatu zuen. Inor ohartzerako igo eta jaitsi zen oholtzatik, bat baino gehiago penatan utzita.

txistuak

* Ilunbeko argazkia, Igor Eguren Izagirreri hartua da.

Komisiorik gabeko txistuak

bertsolari, ordoki, txapelketa, txistuak, zuhaitz

22 pentsamendu “Komisiorik gabeko txistuak”-ri buruz

  • Ez nator bat 2015-12-22 08:50

    Ez nator bat artikukuarekin eta nire argudioak ematen saiatuko naiz.

    Nola izango da ba “normala” Bertsolari Txapelketa bateko finalean, berau diruz lagundu duenari txistu egitea? Ohikoa izan daiteke, baina normala ez.

    Bertsolaritza ez da futbola, ez da zirkua. Bertsolariak, epaileak, gai jartzaileak, bolondresak, zaintzen ditugu, errespetatzen ditugu, goratzen ditugu. Zer gutxiago, beraiek egiten baitute posible txapelketa. Ez dira bakarrak ordea. Txapelketa posible egiten duten babesle batzuk berriz, gehiago ala gutxiago gustatu, txistuka hartzen ditugu.

    Beste kontu bat Kutxako ordezkariaren jokabidea izan zen. Mesede baino, kalte egin zion dirudienez. Horrekin ados egon ninteke, baina hori gutxienekoa da. Okerrena da, “sermoi” hura bota ez balu, inork ez lukeela artikukurik idatziko gaiaren inguruan. Entzungorrarena egiten jarraituko genuke. Eta hori -ere- ez litzateke normala, larria baizik. Alegia, beharrezkoa izan dela bere jokabidea, gaiaren larritasunaz jabetu gaitezen.

    Izan ere, batzuk Kutxako ordezkariari txistu egiteko duten eskubide bera dute beste batzuk, Getariko txakolin elkarteari -adibide bat jartzearren- egiteko, gorroto duen bertsolariari,  edo atsegin ez duen epaileari egiteko. Dirua ematen duen Udalaren arabera, batzuk edo besteek egingo lukete txistu. Bertso txarrei txistuz erantzuteko eskubidea ere badute. Nahiago izaten dute ordea, txistu egin baino, txalorik ez jo.

    Era berean, aipatu nahi nuke, txistu egiten dutenek deseroso sentiarazten dituztela -batzuk jomuga bihurtu ere bai- Txapelketa posible egiten duten pertsonak. Horiek guztiak, eta elkartea bera ere bai. Elkartea ere pertsonek osatzen baitute.

    Amaitzeko, bi kontu:

    Azken txapeldunak elkarrizketa batean honakoa erantzun du Kutxako ordezkariak jasotako txistuen harira: “Bertsolari bezala, eta orokorrean esanda, gure helburua kantatzea da, plazak edukitzea, eta nik ez dut plazak ematen dizkidaten horiei esker ona adieraztea besterik.” Nik txalotu egin dut, baten batek txistu egin behar lioke koherentziari eutsiz.

    Azkenik, Txalo zaparrada bat eskaini nahi nieke, dirua Kutxabanken, altzariak Ikean, lana CAFen, erosketak Carrefourren eta sakelean Iphonea eduki, eta txistu egin zutenei. Egongo dira eta -gutxi- batzuk. Bejondeizula.

    • Erabat ados lehenengo iruzkinaren bukaerarekin.” Koherentzia” handia erakusten du ASKOK herri honetan gaizki ulertutako ezkertiarrarena eginez, kontsumitu beharraren kontsumitu beharraz egunerokotasunean, eta honelako abaguneetan itxurakeria negargarria azalduz.
      Ados Edurrekin ere, kultura demokratikoa falta dela esatean. Nazka ematen dit Kutxabankek, nazka gainerako bankuek. Antzeko sentimendua dut alderdi politiko gehienentsuekiko, edota aisialdirako tenplu bihurtu diren merkatalguneekiko. Txistu egin ohi dutenek Fiaren dituzte beraien aurrezkiak? Bejondeiela ahal dutenei! Beraien bozka alderdien programak irakurri eta konparatu ondoren erabakitzen ote dute? Ez al dute Espainiako pertsonarik aberatsenaren kontu korrontea handitzen laguntzen Zara, Springfield eta antzekoetan erosketak egiten? Decathlongo arropak non eta zein baldintzatan egiten diren jakinda ere, bertan ez dute erosketarik egingo, ezta?
      Nik nahi nuke, baina ez ditut baldintza hauek guztiak betetzen ahal.

  • Edu Ardo Inda 2015-12-22 10:00

    Joder! Zer da hau! Oholtza ordaindu dutenei txistuka bertsolari final batetan? Ikusi beharrekoak!
    “nik ez dut plazak ematen dizkidaten horiei esker ona adieraztea besterik.”
    Ba ikusleek ez. Non dago arazoa ba?
    Ah portzierto, euskal herrian ez dut uste jende asko “bibafranko”ka aritu zenik honek horren beharrezkoak ziren urtegiak eraikitzeagatik, ala? Eta Frankori zergak ordaintzen zizkioten eh, eta bere ejerzitoan soldaduska egin, eta bere eskoletan ikasi…
    Ba kutxabankekin berdin. NOTEJODE.

    • Arrazoi. Oain hartu txistulari koadrila eta segi Sakanako Mankomunitatea, adibidez, erreboluzioan izenean kontratu ezin prekarioagoak egiten dituztenei txistu egitea, otoi.

  • Neu ere han izan nintzen eta guztiz lotsatuta sentitu nintzen. Ohikoa bilakatu da gurean bestela pentsatu/jokatzen duen nornahi jazartzea, irainka eta txistuka hartzea. Neu ere bankuen jokabidearen aurka nago, baina pertsona bakar batek ez du erakunde bat ordezkatzen eta larunbateko bertso finalerako dirua jarri eta saria ematera joan denak ez du halakorik merezi.
    Ez dugu kultura demokratikorik herri honetan, hori da benetako arazoa.

  • Kutxa fundazioko ordezkari gisa joan zen Antonio Campos. Alegia, Kutxabanken heren baten jabe izateagatik lortutako etekinen zati bat gizarte ekintzara bideratzen duen ordezkari gisa. Tartean, bertsolaritza eta beste hainbat jardun sozial eta kulturazko. Kutxabank beraren erabaki, jokamolde eta komisioetan Campos jaunak duen zeresana hutsaren hurrengoa da.

    Campos bera urtetan izan zen, nik dakidala, Euskal Herriko ikastolen lehendakari. Txistu jo zutenetako askok zerbait zor diotela pentsa liteke agian. Edo ez, baina Campos ez da etxegabetzeak egiten dituen tipo gaizto maltzur bat. Mikrora prosaz hurbilduta ez zuen asmatu, nik uste, baina milakak txistu jo zioten bezala, beste milakak ez zioten txistu jo. Eta esango nuke, asko, tartean neroni, deseroso eta triste ere sentitu ginela.

    Bankuak gaiztoak dira, maltzurrak. Zenbat Kutxabanken bezero ez ote zegoen Ilunben larunbatean? Eta Bizkaiko txapelketetan Josune Ariztondori txistu jotzen diotenak (batzuk Ilunben bertan zeudenak) nola zuritzen dute Aldundiaren ordezkariari txistu jotzea? Adierazpen askatasuna ondo dago, beharrezkoa da. Baina errespetu pittin bat izatea ere txarra ez da. Bankuei kritikak bertsotan egiten dituztenak gehiago maite ditut nik txistulariak baino.

    Bestalde, non daude une horretan Euskal Herriko beste bankuak eta sponsor izan daitezken enpresa handi eta ertainak? Non daude bertsolaritza laguntzen ez duten erakundeak, baita zenbait publiko ere, eta euren ordezkariak?

    Dirua eskaintzen dutenei eta babesa ematen dutenei txistu jotzea, errespetu falta behintzat bada. Eta niretzat behintzat ulergaitza. Publikoak eskubidea du horrela jokatzeko…, baina nik isiltasuna hobesten dut. Laboral Kutxaren arrastorik ez zen izan oholtzan, ezta Errioxako ardoaren, Ikearen, Carrefourren edo Hotel Londresen arrastorik ere.

    Ah, eta inoiz Andoni Egaña edo Bernardo Atxaga moduko bat proposatzen badute Kutxa Fundazioko ordezkari gisa (Gurutze Gorria, Caritas eta beste egon litezken gisan), txistu jo aurretik Wikipedian begiratu.

  • Edu Ardo Inda 2015-12-22 11:16

    Benga, han zeudenen gehienek etzekiten nor zen tipo hura, etzioten berari txistu egin, kutxabanki baizik. Ez nahastu gauzak txistuen helburuari izen bat jarrita.
    Baina argi dago horrenbesteko etxe kaleratzeen bidez lortutako etekinen zati bat eta horrekin batera banku beraren irudia txuritzeko estrategia onesten duten pertsona asko daudela.
    Bukatzeko, itzela Kutxabank Gurutze Gorriaren eta Caritasen mailan jartzearena, benetan.

  • Gora Euskadi txistulari 2015-12-22 11:32

    Txistuak ez ziren etxe kaleratzeengatik izan. Kaleratze edo ez kaleratze, -bank edo ez -bank, Kutxari beti jo izan zaio txistu bertso txapelketetan. EAJko edo PSEko ordezkariei beti egiten zaien bezala.

    Dena dela, aizue, zilegi bada pertsona/erakunde bati jende batek txistua jotzea protesta adierazteko, zilegi izango da ba pertsona/erakunde horrek jende horri bere iritzia adieraztea, ez?

    PD: ez da Ilunbe, Illunbe da.

  • Kutxa Fundazioaren patronatuan jende ezberdina dago. Hau ez da banku bat, banku fundazio bat baizik, banku baten zati baten jabe dena (Kutxabank da bankua, nagusiki BBKren fundazioaren esku dena). Eta bai, gizarte erakundeek bertan ordezkaritza dute.

    Barka bekit Eduardok bere ustea ur-ardotu badiot baina Kutxa fundazioko kideak nor diren Googlen begiratu azkar bat “inda”, ikusiko du Alzheimerraren aurkako Gipuzkoako elkarteak ordezkaritza duela oraintxe fundazio horretan, Koldo Aulestiaren bidez.

    Eta aurretik Gurutze Gorria egon zen, bai, konparaketa ez zen ausaz egina. Eta Caritas ere egon liteke, nola ez, gizarte erakundea den aldetik. Are gehiago, gauzak zer diren, Bertsozale Elkartea berari egokitu dakioke Kutxa Fundazioko patronatuan esertzea, pentsa.

    “Interes kolektiboen ordezkariak” deitzen dira eta erakundean ordezkaritza dute. Estatutuetatik hitzez hitz “notario aurrean egindako zozketa bidez hautatuko dira, aurrezki-erakundean kontua irekita duten erakundeen artean”.

    Baina lasai, Eduardo, segi txistu jotzen nahi baduzu. Adierazpen askatasun osoa aitortzen dizut.

  • Beharbada hau dena amaituko da txistuak jasotzen dituzten guztiek dirua jartzeari uzten diotenean. Orduan bai festa!

  • Edu Ardo Inda 2015-12-22 14:03

    Aupa Joseba, segi, segi zurikeriaren bidetik eta nahi badezu, konparatu itzazu kutxa banku fundazio izan aurretik zuen kontrol soziala eta oraingoa, EAJren neurrira eraikitakoa “a golpe de poltrona”.
    Ah, elkarte bat patronatuan zozketa bidez sartzen uzten dutela eh? Gabon gauean mahaian esertzen uzten den gizajoaren antzera, itxurakeria latza.
    Baina segi, Frankok urtegiak egiten zituen bezala Kutxabankek dirua jartzen du bertsolaritzan eta gainera, patronatuan elkarte bati lekua uzten dio! Arraiua!
    Hurrengo txapelketan kutxabanki txalo zaparrada eskeini ondoren “bibafranko” batzu bota, hari urtegiak zor dizkiogu eta.
    P.D: Interes kolektiboen ordezkariak notario aurreko zozketa bidez aukeratuak. Harrapazank!

  • Ea Ulertu dudan, Kutxabank dirua jartzen duenez ezin zaio txistua jo? Kutxabanken dirua badezu ezin dezu txistua jo?
    Noren diruarekin ordaintzen du Kutxabank edozer? Nola sortu zan kutxabak ta zertarako? Nola lapurtu dute Kutxabank? Ze kutxak lapurtu dizkigute.
    Orduan ezin dira kexatu lapurren aurren papur batzuk jarri dituztelako?
    Kutxabank dohainik eraman dute batzuk, edozein kontroletik at utzi, milaka milioko balioa duen kutxa ta gure ekonomiarentzako ezinbesteko tresna.
    Baina dirua jarri dutenez txapelketarako…..

  • Gora Euskadi txistulari 2015-12-22 15:43

    Etxe kaleratzeengatik ez ziren bezala, txistuak ez ziren izan Kutxa > Kutxabank prozesuagatik. Lehen komentatu dudan bezala, Kutxari beti jozen zaio txistu, sektore batek bere antagonistatzat duen eredu bateko erakundea delako. Antagonistatzat dituen alderdikoei ere txistu jotzen dien bezalaxe txapelketa guztietan. Besterik da baloratzea txistuekin on edo gaitz egiten den, eta, bereziki, zeri edo zeini egiten zaion on edo gaitz.

    Eta, noski, jakin badakite beste sektore batekoek antagonistatzat dituzten beste sektore edo alderdiei ez zaiela txisturik joko.

    SUgar, ulertuko duzu dirua Kutxabanken edukita Kutxabanki txistua jotzea nahiko xelebrea ere gertatzen dela. Eta ez du balio “denak ditugu inkoherentziak” erantzutea.

  • Bakoitzak nahi duenari jotzen dio txistu, noski. Baina Kutxabanken apurrak ez ditu beste ezein erakunde pribatu edo publikok jartzen; Kutxabankek jartzen ditu. Edo Kutxa Fundazioak, auskalo.

    Antonio Camposi txistu egin zioten, bai, Kutxa Fundazioko ordezkari gisa. Eta berdin eginen zioketen Alzheimerraren aurkako taldekoari, Kutxa Fundazioko kide gisa joan balitz (zozketaz, bai, gizajo txiro gonbidatuaren gisan). Eta Euskitze bat hartzen badute ahozkotasunaren kultur erakundeko ordezkari, bada Euskitzeri ere txistu, zer arraio. Eta noski, Euskal Erdiko lehendakari Iñigo Urkullu joan balitz, bada zer esanik ez, lotsagabekeria handiagorik! Antagonikoak gara eta txistu jotzea da gure adierazpen askatasuna.

    Kontua da, gero, Bertsozale Elkarteak diru eske joan beharko duela Kutxara, Aldundira edo auskalo nora. Eta orduan, lotsa puntu bat izango duela akaso, aitortu beharko duelako bertsozaleen zati bat (ez guztiak) txistuzaleak direla, norekin eta euren zaletasuna sustatzen duten erakundeekin, noiz eta final batean sari bat banatzera doazenean.

    Eta hori egingo dute The North Face txamarraren barrutik (GKE oso ezaguna eta Bertsozale Elkartearen laguntzaile fin ezaguna).

    Antagonismoak zeu eraman zaitu, Edu, Franco eta Antonio Campos alderatzera. Ez da makala.

    Bestalde, zenbat txalo ez ote dioten jo txistulariek, adibidez, Carlos V-ri Realaren golen bat ospatzean… Hurrengoan hari eskatu beharko liokete akaso laguntza ezein helburu sozialetarako.

  • Zuhaitz Ordoki
    Zuhaitz Ordoki 2015-12-22 17:55

    Kaixo guztioi!
    Ez nator bat: argudio zerrenda ona jarri duzu mahai gainean. Ez zait iruditzen Elkarteak jomugan sentitu behar lukeenik, eta hala bada, pena bat litzateke, ez baitzen hori txistu egin zutenen asmoa. Kontua da herritar gehienok ez dugula askotan izaten Kutxako ordezkari bat aurrean, eta halakoetan, ba amorrua irtetzen da. Zure iritziak zer pentsatua eman dit, eta bistakoa da ez dela toki egokiena; eta arrazoi duzu, “sermoia” bota ez balu nik entzungorrarena egiten jarraituko nuen. Banketxeek jasotzen dituzten txistuak ez dira buruhauste handia izan niretzako. Bestetik, txapeldunaren iritzia aintzat hartzekoa da; bere kokapena eta nondik erantzuten ari den ere bai. Azkeneko parrafoan erabat ados nago zurekin, ia. Ez daukat iphonik, baina hain txarra al da ba? Duela urte batzuk ezkertiarrei kontraesanak bilatze aldera mugikorra izatea egozten zitzaien. Marxismoak ez du Iphona kritikatzen; Iphona egiteko produkzio katea langileena ez izatea baizik.

    Ibantxo: hori da izpiritua! Kontraesanak aurkitzea eta barneratzea da aurrera egiteko modua. Gako handi bat eman duzu: alternatiben eaikuntza. Erraza da Kutxabanki txistu egin, eta Fiare zer den ere ez jakitea.

    Edur: txistu bankuari egin zitzaion, ez oholtzako pertsonari. Kutxabank bezala funtzionatzen duten erakundeei desadostasuna agertu behar zaie. Herri honetan ez dago kultura demokratikorik, erabat ados. Jendea dago etxerik gabe eta etxeak jenderik gabe. Bestalde, niri iruditzen zait finalean gertatutakoak “morbo” puntu bat daukan eztabaida sortzen duela. Kaleratze kasu baten inguruan idatzi banu lepoa jokatuko nuke ez nituela hamabi iruzkin topatuko.

    Joseba: ordezkariaren profila aurkeztu diguzu, baina ez zen hori txistu egin zutenen jomuga. Bankuak gaiztoak dira, eta maltzurrak. Oso. Pentsa, bat baino gehiago balkoitik behera jauzi egitera bultzatzeraino. Txistu egin zutenen artean Kutxabankeko bezeroak egoteak agerian uzten duena alternatiben eraikuntzaren beharra da. Nik, zu bezela, isiltasuna hobesten dut; gehienbat, ez dakidalako ez bertsotan eta ez txistu egiten. Hurrengoan, txistuen ordez isiltasun osoa egongo balitz, ohiu egin gabe asko adierazi ahalko litzateke. Oso interesgarria da Fundazioaren deskribapena, kontutan hartzekoa; hala ere, txistuak Kutxabankentzat ziren, ez zait iruditzen inor errudun sentitu behar denik Caritas edo Alzheimerraren aurkako taldea iraintzen ari izan balitz bezala.

    Gora Euskadi txistulari: Ordezkariaren azalean egongo banintz, ez dakit nola jokatuko nukeen. Nik testua irakurri eta martxa egingo nuen. Baina beharbada eztarriko zaina puztu eta maldizioka hasiko nintzen, nork daki.

    Amaitzeko, iruditzen zait hemendik atera dezakegun onena alternatiben aldeko eraikuntza dela, tartean, jendea heriotzeraino itotzen ez duen banku baten ereduarekin. Ideia ugari plazaratu dituzue, eta eztabaidak zer pentsatua eman dit. Mila esker.

  • hainbeste bertso aditu ikusten ditudanez, nire ezjakintasunari puntua jarri nahi diot. demarako gaia, bertso elkartea diruz laguntzen duten erakundeek bertso txapelketak baldintzatzen dituzte? gaiei dagokienez esan nahi dut adibidez, kutxabankek dirua jartzen badu zaila izango da kutxabanken pribatizazioaren lapurreta (biztanle guztiongan eragina duena, gai erabilgarria beraz) bertsotarako gai izatea… (nire esperientzia pertsonalean ikusi ahal izan dut nola euskal kulturari diru laguntzak ematea marketing arduradunen bulegoetan erabakitzen den enpresa pribatu askotan)

  • Enpresa pribatuek marketing ikuspuntutik (ere) babestuko dituzte kultur eta gizarte ekimenak, edo sentiberatasun soziala dutelako, edo gainera obligazio legala (kooperatiben kasuan). Baina enpresak dira, ez GKEak.

    Dena den, nik uste babesleenak, bertsolaritzan, zorionez ez duela baldintzatzen ez gairik, ez bertsolarien jardunik. Ohikoak dira bankuen kritika egiten duten bertsoak, adibidez, artez eta dotore. Bizkaian Aldundiko ordezkariari eskua ukatu zion txapelduna ere izan zen. Hortaz, bertsolariek baliatzen dute adierazpen askatasuna.
    Txistulariena baino dexentez gustagarri eta zorrotzagoa, bestalde.

    Autozentsurak harrapatzen ote dituen bertsolariak… eurek esan beharko dute. Baina gaietan eta, etxegabetzeak eta nahiko ohikoak dira, nik uste.

  • JON SARASUARI ESKERRIKASKO BIHOTZ BIHOTZEZ, nolabait barruan izan eta ateratzen asmatu ez dugunon ahots izatearren.

    http://www.bertsoa.eus/eu/bertsoa-albisteak-ficha.asp?idAlbistea=2768#.VnpLRmD_bTl.facebook

  • Edu Ardo Inda 2015-12-24 13:06

    Neri larriena iruditzen zaidana kutxabankek dirua jartzen duelako berari txistu egitea egokia ez dela pentsatzea da.
    Talonario bidez erositako zurikeria dosiak. Inbertsio earra alajaina!

    Hurrengoan Ciudadanosek edo Intereconomiak babestu dezala txapelketa, ala?

    P.D: Frankorekin alderatu inor? Urtegien metafora ezin ulertu akaso?

  • “Mini faxismoa”rena kenduta, ia ezer ez diot ulertu Sarasuari. Txistuen kontra dagoela deduzitzen dut, baina igual kontrakoa da. Oso liosoa.

  • Sarasuarenak 2011koak dira. Bo. Jexux Murua ez da edonor. Ea berak azalduta hobe ulertzen den. Txistu jotzea libre, hori ez dago salgai. Baina Athletic babesten duenean ez ditugu berdin entzuten ta Aldundiari ere jotzen zaizkio tartean Garitanoren bat ez bada, beharrik.
    txistu ozenenak akaso Fiaretik jo behar

    http://ataria.info/tolosaldea/1450779965677

  • Ez ditut bankuak maite, ezta gorrotatu ere. Nik oso garbi ikusten dut: bertsozale elkarteak ez diezaiola diru- laguntzarik eskatu eta Kutxak ez dezala babestu inongo txapelketarik. ‘Txistularien’ perfila zein den aspalditik dakigu bertso-txapelketetara joaten garenok: pozik geratuko dira, ezta? Euskal kulturak ez su merezi horrelako erabilerarik. Tira, Giputxistango kontuak. Eguberri on guztioi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude