Kometaren heldulekua (Filosofia eta bertsolaritza II)

Kometaren heldulekua –

Filosofia eta bertsolaritza (I)

Filosofia ikasteko orduan, izugarri laguntzen du bertsolaritzak. Beste ariketa batzuek ere bai, noski, hala nola irakurtzeak, egunerokoa idazteak, instrumenturen bat jotzeak. Burmuineko gune berezi bat pizten zaio ezustean nerabeari atzamarrak partituran irakurritakoaren arabera mugitzen ahalegintzen delarik, irakurketa eta interpretazioa eskuen bitartez sinkronizatzen dituelarik. Orobat, gai baten inguruan irudiak eta ideiak asmatu eta doinu eta hitz neurtuetan tolestera entseiatzen delarik, diziplina eta autokontrola sormenaren abiapuntu eta euskarri. Hori dena primeran datorkio Filosofiaren ikaskuntzari.

Ikasle ditudan bertsolariak ez dira bereziki langileak, ia beti alderantziz; emaitza bikainak izaten dituzte ordea, azterketetan azkar bezain originalak direlako, hizkuntzarekin duten harreman sakona lagun. Gogoangarriak izan dira Filosofian Iker Uriarte, Nerea Amparan, Ane Lastra, Lore Barrena, Sergio Serrano, Nagore eta Aitor Beitia, Ander Oleaga, Unai Egaña eta Anertz Muniategi bertsolariak.

Kometaren heldulekuaIndartsua da bertsoaren zein filosofiaren moldagarritasuna inguruko ia edozer erabiltzeko elikagai gisa. Unai Iturriagarenaz gain komikiarekin, esanguratsua da halaber Maddalen Arzalluzen harremana Doraemon katu kosmikoarekin, edota Nerea Ibarzabal Lazkao Txiki eta Pernando Amezketarraren marrazki bizidunak ikusiz bertsozaletu izana txikitan, eta Harry Potterren inbokazioa Miribillan; gogora dakarte nola baliatzen zituen Gilles Deleuzek tenisa, txikiteoa zein B serieko filmak, edota Clément Rosseten eta Tintinen arteko lotura estua. Filosofiak ez dakigunari buruz dihardu, baina dakiguna oinarri hartuta; gaur egun, batez ere Biologia eta Ekonomia. Era berean, bertsotan, oinarri material mugatu batetik aireratzen da irudimenaren jolas mugagaitza. Fantasia eroa eta azpiegitura trinkoa horrela biltzeak egiten du bertsoa hain liluragarri.

Matematikan eta Fisikan ikasleek klase partikularrak izaten dituzte ikastetxetik kanpo. Filosofiakorik ez dago, bertso-eskolak betetzen baitu zeregin hori. Filosofian konpontzen ez den ikasleren bat daukadanean, bertso-eskolara joateko aholkatzen diot. Gurasoei ere bai. Asmamen indefinitua hitz eta neurri zehatzetan mamitzeko trebetasuna lantzen duen gazteak nabarmen jotzen du aurrera Filosofia eta Historia bezalako ikasgaietan, zer esanik ez Euskaran; are Biologian.

Filosofia eta bertsolaritza (III)

Kometaren heldulekua