Gure buruaren osasunerako

Gure buruaren osasunerako –

Urgull - Gure buruaren osasunerako

Esaten ahal zuen, idatziak esan egiten du, idazle batek esaten ahal zuen Urumea zikinduaren ertzera edo Equitativa eraikin modernistara edo Santa Katalina zubi zabalera edo Frantziako Pasealeku parismodukora, bazterrok denok egiten zutenez bat orain Euskadiko Plaza den Donostiako leku horretan, izen aldaketa adierazgarria zinez 13 de Septiembre zaharrari egin zitzaiona, 1936ko irailak hamahiru zituela sartu baitziren erreketeak hirian fusil tanke txapela gurutze, eta detentebalak edo bihotzdoneak samatik zintzilika zekartzatela euskaditarren arrastoak oro suntsitzeko furian.

Beste bazterrik ez, 13 de Septiembre plazara iritsitakoan dio berak, ez oharkabean noski, itxaropenez beteriko eguna izan zuen menturaz, komunismoaren adiskide egina omen zen alderdiaren norabideaz bestera harturik katoliko zintzoen bandoan borrokatzea erabaki zuen eta jakinik zegoen, zer duda egin, zenbat aukera zituen lekua zehazteko, baina izen huraxe  aipatu. Handik ikusi zuenak hala merezi hain segur, Urgull mendiaren tontorrean Jesusen Bihotz Donearen burua azaldu zitzaion obretako tramankuluen gainetik eguneroko lanerakoan, jainko alde hiriratu zirenen omenezko izena zeukan plazara iritsi zen goiz gogoangarri batean —haien ibilbide bera eginez, auskalo, Mirakurtz kalean barrena—, 13 de Septiembre batek ekarri Sagrado Corazon hura, hau.

Hurrengo egunetan urradura batek gozatu zuen Jose Artetxe idazlearen bihotza, ametituko ez zuen feudalismo erlijioso baten zantzua hartzen zion behealde honetako gorrotoen gainetik goititzen zen estatuari, gerraren ondorioz kristau askok, izan ere, tragedia bezala bizi zutelako garaileek ezarri erlijio-monopolioa. Armetan oldartutakoek bake sinboloak eraiki, fusilatuak besarkatu nahi berak.

Barne gatazka latzaren ondoren, Jose Artetxek osorik eta ezbairik gabe onartu zuen monumentua, prentsak lehen plaman ezarri zion artikuluan defendatu zuen, jainkoaren ukoak ekarria zigun hutsandia betetzera zetorrenez bikaina Urgull gainean sinbolo, begitantzen ahal ez genituen munstro fabulosoak lanean ari baitziren, omen, munduko hirien aurka, ilunpetan.

Munstro fabuloso bat dauka orain alkate Donostiak.

Ez dela Salbera azalduko, jakinarazi du. Apezpikuak, bere lanbideari dagokion zinismo landuan, “errespetatu” egiten dituela, erantzun dio, “atarian geratu nahiago dutenak”. Alkatea ordea ataritik urrun geratu zen, harako pausorik emateke. Ez duela errespetatuko esan nahi izan ote zuen apezpikuak? Korporazioaren segizioa ere ez duela udal ohituretan berriro ezartzeko asmorik. Munta berezia dute egun argiko munstroaren esanek, irakurtzekoak dira, bere koalizioan dauzkan udaletako eta probintziako buruzagiak ikusi baititugu prozesioan, edo “komitiban”, karguen ikurrak berekin dituztela. Eta inposaketa usadio bihurtu delako edo politikarien nonahi egon beharrak lagundu egiten diolako, eliza katolikoa ez da bere kasernetara bildu, Francorekin irten zen kalera eta inoiz baino harroago dabil, zabal, ulertzaile, bihotz doneko. Diktaduraren izendapenak aldatu ziren bezalaxe, zuztarretik kendu behar lirateke leku publikoaren osasuna hondatzen duten usadioak eta monumentuak oro.

Donostiaren jabe dagoen Urgulleko Bihotz Donea, jakina. Donostiako ospitaleak atarian daukan Birjina Mariaren irudi handia, jesuitek bezala saski guztietan erruten zuen Oteizarena, sendatuko gaituzten lekuan ez baina Lourdesko zulo ospelean sartzen garelako haren ondotik, eta onik ez. Azpeitiko San Inazio biak, Loiolakoa eta Izarraitzekoa. Probintzikeriak urrundu egiten digun Bilbo ederragotzeko, bere Bihotz Donea kenduko genioke hari ere. Espazio publikoari sanidadea emanen badiogu mota guztietako santuak elizaratu behar direnez, ez legoke gaizki Okendoren estatuatzarrari ere lur jo eragitea poliki, Ameriketan hainbeste mirari egina izaki. Asko irabaziko luke publikoak, baita espazioak ere.

Donostiako alkatea medikua da eta ulertuko nau.

Motozerrak erreskataturiko multzo hori behar bezala zainduko genukeen eraikina beteko litzateke horrenbestez, zertan erabili asmatu ezin eta agintarien patata beroa edo pipermin gorria bihurtu den Tabakalera: estatuen psikiatrikoa. Eldarnio eta erokeria desberdinen sendategia osatuko litzateke Euskal Herrian ez ezik ludi zabalean ere gure ereduari jarraiki kenduko liratekeen —justuki ala ez bost axola, gu eroriaren alde beti— hainbat estatua aterpetuz. Sendaketa pertsonalizatua emanen liekete pertsonaia gaixotu hauei bihotz doneko ez baina oneko bisitariek —statuae medicus mundi titulu bana irabaziko lukete—, ondoan lasai jarrita elkarrenganako terapia osasungarrian, guk haienak bezala pazientzia handiz jasoko lituzketenez inoren galderak, tristurak, salaketak, frustrazioak. Ospea hartuko luke Donostiak, daukana baino are handiagoa, psikiatria berri baten abiatzea zor izanen litzaiokeenez, eta bidenabar 2016ko Europako hiriburu kulturala izendatzea legez egin zela frogatzeko moduko proiektua erakutsi ahal izanen luke, bakana munduan, esperantza emangarria, irrazionaltasuna —estatuaren arrazoia— erakutsi eta sendatzeko bideak saiatuko lituzkeenez.

Merituak aitortzera, sala baten erdian eritegi-museo berezi honen ideiaren sorreran halako garrantzia izanen lukeen idazle ausarta koka liteke, goiz batean Urola ibaiaren uretan azaldu zelako Azpeitiko karkek, asaldaturik, udaletxera jaso zuten Jose Artetxeren beraren bustoa: frankisten aldeko artikulu ezin zintzoago hura irakurririk, monumentuan lanean jardundako langileek, esker onez, obretako aldamioak kendu aitzin bihotz done hartan muin egin nahi ote zuen, huraxe opari, eskaintza delikatu honek hunkitu, hala dio berak, delikatua eskaintza, eta hurrengo astelehenean igo egin zen, zorabiatu ere bai goi hartan, baina geroztik efigie haren bihotzak bere musu suhar bat gordetzen omen du, idatzia utzi zigun, esana, emana. Egia dateke, gaztelu gaineko morroi horrek atorra saihetsera bildua dauka ezkerreko eskuarekin, bihotza erakusteko. Psikiatrikora, bai, exhibizionista biszerala eta zementu armatuaren musukatzailea.

Horixe, estatuen psikiatriko bat gure buruaren osasunerako eta munduko hirien alde.

 

* * *

P. S. Donostiar guztiek 1950 aurretxoan emandako diruarekin egin omen zen Urgulleko Bihotz Donea. Ez da neke sinestea. Federico Coullaut Valera santuginarena  da. Aste Santukoetan zeukan sona eta, ez da harritzekoa Francoren estatuetan handiena berak egin izana, Ferrolerako, 1968an. Urgullekoaren proiektua Pedro Muguruza Otañok, jatorria Elgoibarren zeukan arkitekto madrildarrak burutu zuen. Muguruza jaunak lan asko egin zituen, mesedeak ere bai, antza, Elgoibarren eta Hondarribian. Berak proiektatu zituen, halaber, 1928ko Bilboko Bihotz Donea (Reinaré en España du berezko izena), eta Guadarramako El Valle de los Caídos erraldoia, munduak dioenez a monument to Spanish facism.

(Artetxerenak: El gran asombro. José de Arteche. SGEP,1971. “El ansia de las cuartillas” atalean)

Gure buruaren osasunerako