Koldo Izagirre (eta III): “Ez genuen frankismoa horrela errekuperatuko zenik irudikatzen”

izagirre-koldo

Parisen bizi naiz (Susa, 2013) du Koldo Izagirreren (Pasaia, 1953) zazpigarren poema bildumak izenburu. Paris ez eta Donostia du ardatz. Eta hor auzoak eta jendea, kritika eta paradoxa, gaur hiria bihurtu dutena baina batez ere izan zitekeena; finean,iragan ez hain loriatsu bat eta orainaldi hau.

(Hiru zatitan, elkarrizketa bat, Pasai Antxon grabatua, ostiral arratsalde batez. Hirugarren atala da hau.)

(Lehen atala) + (Bigarren atala)

*

Fenomeno klimatologikoek garrantzia berezia dute liburuan. Ausaz eguzkiak poeman euriak zer esanahi ote zuen galdetzen nuen hemen

Errealitate astun eta aspergarri bat, bizia estaltzen duena, herritarrak aldatu nahi dutena. Beren aldarria idazteko idazlearengana jotzen dute, eta idazlea makurtu egiten da errealitate inmediato horretara, idatzi egiten du behin eta berriz. Nolabait, edo nolabait gabe, panfletoak idazten ditu. Agian eskertu egin behar lioke euriari aukera hori eman izana… Panfletoak idazteak badu duintasun bat, duintasunik ez daukana literatura panfletarioa idaztea da. Nire iritziz, literatura panfletarioan, oro har, ugariagoak izaten dira kritikoak eta taxidermistak, idazleak baino.

*

Zehazka kantu bat poeman, langarra aipatzen duzu, dena arautu, legeztatu, antolatzearen aurkako sinbolo gisara.

Zehaztasuna akademizismoa bihurtuko da goiz edo berandu. Poema hori arriskuak hartzeko gonbitea da: ez dakigu nora goazen, baina jar dezagun musika apur bat behintzat. Horregatik esaten du poetak: “ez dakit nondik joan behar dudan etxera / ezin dut neurtu sukarra termometroan”.

*

Liburuan nahi gabe ere, gazte zineten garaiaren eta oraingoaren arteko erkaketa dago.

Bai, bizimodu eroso batera helduak ginen, eta orain, bat-batean, erosotasun hori deseginda, gure gazteek kanpora joan behar dute lan bila eta ezin dute pisurik erosi. Hori oso oraingo kontua da eta baliteke denbora batean luzatzea, agian burgesia ertain edo txikia proletarizatu egingo da. Ez dirudi halere, horren oso kontziente garenik.

Etorriko da zerbait ordea, gazteek eurekin dakartelako indarra eta euren kasara antolatu beharra.

*

Zentzu horretan, bigarren hari bat ere badago liburuan, errebeldiaz-edo…

Habia izeneko poemak, Zuhaitz ideologikoa zuen lehenik titulutzat, eta gero aldatu egin nuen, ebidenteegia izan zitekeelako. Habi metafisiko horrek babesten nau eta gaitu korrontearengandik. Hiru hosto, nahikoa da, korronteek ezin etendako hiru hosto. Heterodoxia apur batek on egingo digu.

*

Orainaldi hau ez den etorkizun baten ilusioan” bizi zinetela diozu poema baten pasartean.

Gizartea ez zegoen era planifikatu batean antolatua, baina autoeraketa oso garrantzitsua zen, ezinbestean. Frankismoaren gainbeheran eta frankismostean indar berezia izan zuen herri mugimenduak. Gero erreformak dena irentsi zuen.

Ezker Abertzalea izan zen lehengo ildoari —bere muga, kontraesan eta arazo guztiekin— eutsi zien bakarra. Parlamentuaz kanpoko politika izan litekeenaren antolamendu bat izan da.

Momentu batean beste gizarte bat posible zela uste izan genuen: ez genuen frankismoa horrela errekuperatuko zenik irudikatzen.

*

Eta hor literatura: motorrak harilkatzen eremu magnetikoak sortzeko” definitzen duzu.

Oso lotua dago eskulanarekin eta lan industrialarekin, etxean ezagutu dudan bobinatzearekin, eta hori izan nuen gogoan idazterakoan: materialak, haien usaina, kobrearen dirdira… Liburua publikatuta gero konturatu nintzen badela Les champs magnetiques izeneko liburu bat, Bretonen eta Soupaulten testuekin, surrealisten aurreneko liburua oker ez banago. Literaturak, eta poesiak bereziki, magia hori sortu behar lukeela uste dut, gure barnearen errotorra abiarazteko indarra…

*

Koldo Izagirrek Parisen bizi naiz liburuan oinarrituriko errezitalak eskainiko ditu. Lehena, Azaroaren 28an, ostegunarekin, Zarautzen, Garoa liburu dendan, 19:30etan.

(Jatorrizkoa nire blogean)

elkarrizketa, jon benito, Koldo Izagirre, literatura, Susa
Jon Benito

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude