Kolaboratzailearena

(Bernardo Atxagaren Trikuarena poemaren sakrilegioa Euskadi Irratiko Arratsean saiorako)

kolabo

Esnatu da kolaboratzailea ohe maindire zikinez jantzitakoan,

eta buruan dituen lan guztiak ekartzen ditu gogora;

gutxi gora behera, lagunek eskatutakoak barne, hogeitazazpi eginkizun.

 

Eta gero pentsatzen du: Argitu al du egunak?

Ni kolaboratzailea naiz, bi  ertzain dabiltza beheko kalean.

Asmamen, Zirrara, Inspirazio, Ideia, Amets,

zein tabernazulotan ezkutatzen zarete?

Bihar da entrega. Hau da nire akabera. Galduta nago.

 

Eta berriro dio: Bihar da entrega. Hau da nire akabera. Galduta nago.

Asmamen, Zirrara, Inspirazio, Ideia, Amets,

zein tabernazulotan ezkutatzen zarete?

 

Ordea ohean gelditzen da bera ere musikari arrakastatsua bailitz,

artean ez baita eguerdia baino, lege zahar batek

galerazi egiten baitizkio eguzkia, zerua eta ertzaintza.

 

Baina gaua dator, joan dira ertzainak, eta kolaboratzaileak,

Asmamen, Zirrara, Inspirazio, Ideia, Amets, 

Ohea utzi eta inprobisazioaren pendizari ekiten dio,

bere pijaman seguru, nola egon baitzitekeen

poeta bat bere liburuaz, Ea-n edo Durangon;

Eta bapatean, zeharkatu egiten du

plagioaren eta alperkeriaren arteko muga,

Zure eta nire irratian sartzen da pauso bakar batez;

Eta nola taxuzko ezer ez duen

azkeneko zazpi mila uneotan leitu,

ez ditu ezagutzen autoexigentziaren neurriak,

ez da ohartzen bere lotsa ezaren nabarmenaz ere.

NIRE KONTRA ESANAK