Kobrea paperean

Kobrea paperean

Idoia Zengotitabengoa Lakak Diru RGI izenaz ezagutzen den diru sarrerak hartu ditu ahotan (DBE euskaraz) Lea Artibai eta Mutrikuko Hitzan.

Zentzu komunez, antza, 650 euroko diru laguntza nahikoa dela uste dugu herritarrok norbanako bat bizi dadin, bataz besteko alokairu errenta 879,9 euro den herri berean. Eragiketa ekonomiko hauen emaitzek dutenetik, bizitzea posible izatea zail ikusten da. Bizi baino gehiago, irautea bera ere bermatzea zalantzan jartzen duen sosa da.

Eta galdetuta, hori omen herriaren iritzia. Eta orain zer?

Ez naiz ni izango dena delakoa izan jendartearen zentzu komunaren joera, galdetzea, ariketa demokratiko bezala, zalantzan jarriko duena. Alderantziz, egiteko osasungarri hau zabaldu behar genuke zentzu askotan. Baina munduari begiratzeko darabilgun ikuspuntua –hitz ederra– aldatu beharrean gaudelakoan nago, edo, behintzat, oinarrian badu zerbait kezkatzen nauena. Eta hau ez da edonolako testuinguru batean gertatzen.

Europan, eta zentzu batean munduan, kapitalaren logikak bizitzaren logikari gain hartu dio. Eta gu ez gara salbuespen bat. Euskal Herri aurreratu honetan ere, pertsonak kutxazainetan hiltzea erreala da –ez zilegi, baina bai erreala–, itsasoan itotzen uzten ditugu bizi bila datozenak, horko edo besteko esplotazio eta gerra egoerez gure ekonomiaren hazkunde terminoetan aritzen gara, lan prekarietate egoerak bizitza bukatzera eramateraino estutzen gaitu (2 aste honetan!)… Hauek ez dira fikzioa, errealitatea dira, gure errealitate dira.

Eta nork galtzen du bizitza eta kapitalaren arteko talkan?

Zentzu eta esperantzaren kolapso antzerako batean gaude nolabait: instituzioak –ezagutzen genituen formetan bederen– zilegitasun eta egonkortasun faltan dira; eta frustrazio sozial orokortuaren lerrokatzean asmatu duen eskuinak, pentsamendu ardatzak joera erreakzionarioetara mugitu ditu. Egungo munduak filosofikoki gutxi du  justiziatik.

Baina mendebaldeko askatasunaren ulermen guztiz indibidual eta erdi jainkotiarretik harago, badago justizia sozialaren –eta, beraz, injustizia sozialaren– kontzientzia kolektibo bat. Eta hau ere zentzu komunaren parte da. Zentzu komun justu eta demokratiko honen hegemoniarako –uste orokortua izateko– bidea egin behar dugu ezkerretik. Normala dena eraikitzearen aldeko borroka. Etorkizunean emango diren artikulazioetan, intersekzioak eta subalternitateak zeharkatuz ematea. Euskaraz, berdintasunaz, zaurgarritasunaz, kolektibitateaz, justizia sozialaz, burujabetzaz… lives matter terminotan aritzea.

Kobrea paperean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.