Klase politikoak lehengo lepotik burua

Klase politikoak lehengo lepotik burua –

Orain hamar urte eta Okzitaniako Tolosan, gobernatzen gaituen klase politikoari beraien jarduera elitista oker eta ankerra aurpegiratu genion, Yolanda Barcina, orduko Nafarroako Foru Erkidegoko Lehendakariaren figuraren gainean.
Klase politikoak lehengo lepotik burua

10 urte ondoren lehengo lepotik burua darabilte gure lurraldea gobernatzen duten politikariek tartean krisi ekonomiko lazgarri bat, pandemia global bat eta larrialdi klimatikoa zena zibilizazio larrialdi batean bilakatu den arren.

Sinestezina bada ere, ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzen dute, alferrikako proiektu eta azpiegitura xahutzaileak sustatzen eta jendeari errealitatearen larritasuna ezkutatuz. Ferietako hitzontzien gisan unean uneko hitz gakoak, borobilak, dotoreak erabiltzen dituzte, egia ezabatuz. Ibarretxe Lehendakariaren garaietatik modan jarri zen iraunkor edo jasangarri hitza erabiltzen dute oraindik ere barra-barra. Gaur egun, elite ekonomikoen mesedetan diren proiektu eta azpiegitura guztiak omen dira berriztagarri, iraunkor, garbi, berde, ekologiko, despopulazioaren aurkako edo klima aldaketari aurre egiteko modukoak. Berdin dio Urkullu, Txibite edo Sanchez diren. Berdin dio AHTren euskal Y edo Nafar Korridorea diren, Superportuak edo SuperSur-ak.

AHTk bidaiariak eta merkantziak eramanen dituela esanen digute, gezurti halakoek! Despopulazioari aurre egiteko onuragarriak direla proiektuok botako dute aurpegi gogortuan keinu ziztrin bat bera egin gabe, denok jakin dakigun arren AHTa hiri handietan baizik ez dela geldituko herriak baztertuz, despopulazioa handituz eta betiko tren zaharkitua deuseztatuz.

Elite baterako agintzen dute eta elite horretako partaide izan nahi dute, behin politika utzita urrezko jubilazio bat jasoaz, non eta urteetan multinazional horiendako lege mesedegarriak onartuz eta diru publikoak proiektu faraoniko eta alferrikakoetan xahutuz, lagundu dituzten horietan. Gora gu politikariak eta ate birakariak!

Nola uler daiteke bestela, inoizko pandemia handienaren ondoren, eta pertsonak aurrena! lelo entzutetsuaren ostean, EAJ-k europar diru funtsak Petronor-Respsol eta AHTrendako bideratzeko asmoa agertu izana edota Txibitek eta Sanchezek Nafarroari egokituko zaizkion diru kopuruak AHTren Nafar Korridorearendako bideratu nahi izatea.

Sistema kapitalista globalak bere mugak, gabeziak eta krisi ziklikoak geroz eta nabariago erakusten dizkigun unean, zibilizazio larrialdi batean murgildurik gauden momentuan, betiko lez jarraitzeak onartezina izateaz gain, kriminala da.

Tamalez, agintari politiko profesionalek lehengo lepotik burua izaten jarraitzen dute. Eta guk arrapostu, bada baita guk ere.

Klase politikoak lehengo lepotik burua

Zer duzu buruan “Klase politikoak lehengo lepotik burua”-ri buruz

  • josu naberan 2021-11-24 11:08

    Ezin besterik espero, Gorka

    Estatu-erakunde zapaltzaileen erdi-morroi dira (pasiboak), eta Sistema kapitalista oligarkikoaren mertzenario (aktiboak)