Kirol, kultura arloko eta euskalgintzako hainbat lagunek Anoetara joateko deia egin dute

eragile desberdinen babesa jaso duteGaur, kirol, kultur, euskalgintza… arloko hainbat lagunek Hamaika gara ekimenarekin bat egiten dutela adierazteko agerraldia egin da. “Ekimenarekin bat egiten dugula adierazteko, batetik eta herritarrak bertan parte hartzera deitzeko, bestetik”, esan du Ainhoa Bakero futbol jokalari ohiak.

“Hemen bildu garenok, bat egiten dugu; bat egiten dugu ekimenaren filosofiarekin, parekidetasunaren alde gaude, Euskal Herriko selekzioaren alde eta euskaraz bizi nahi dugu. Jon Maiak ekimenerako egin duen manifestuak jasotzen du hori guztia, guk atxikimendua emango diogu eta herritarrak hori egitera gonbidatu nahi ditugu”, esan du Bakerok.

Jon Maiak idatzitako manifestua Realeko jokalari den Esti Aizpuruk irakurri du:

Ekainaren 23an gure joko zelaia zabaltzera goaz. Gure hizkuntza hesirik gabeko eremua dela erakutsiko dugu, gure herria mugarik gabea nahi dugula. Jolastu, jokatu, jauzi, korri egingo dugu edozeinek bezala, gure hizkuntzan. Galdu, irabazi, erori eta jaiki edozein selekzio bezala, baina euskaraz. Aukerak sortu, huts egin, asmatu, eman, kendu, jaso, ospatu edonork bezala, gure koloreekin eta euskaraz.

Batzen gaituenaren alde egingo dugu, eta talde gisa joango gara, hamaika, milaka lagun, denok aho batez denok joko berean, denak hizkuntza bera ahotan, buruan, bihotzean eta zangoetan. Korri, hitz egin, amestu, jokatu, jolastu, herri bat talde bihurtua, euskaraz.

Ekainaren 23an euskal selekzioak eta euskarak ez dute izango ezikusiarena egiten duten epailerik, ez jokoz kanpo utziko duten marrazainik, ez eta inork ikusten ez duen faltarik. Egun horretan, galdu ala irabazi, gu izango gara. Garen bezalakoak, jolasean, jokoan, erortzean, jaikitzean… selekzio bat, euskaraz.

Egun horretan gure ezbaia, gure auzia, ez da emaitzaren araberakoa izango. Egun horretan harmailak betetzen ditugun neurrian irabazi egingo dugu. Gure nahia, ametsa, asmoa, mezua zangotik zangora, ahotik ahora pasako dugu, airean irudiak eraikiz, nik zuri, zuk hari, lepoa altxa, pasa, hartu, hutsunera bidali, nor dagoen libre antzeman, eskatu, bota, gelditu, aukerak sortuz…

Ekainaren 23an irudimena erabiliko dugu, gogoa, grina, ilusioa. Gorputz, aho eta bihotz. Garen bezalakoak azalduko gara, garen bezalaxe hitz eginez, gure koloreekin, herri egiten gaituena jantziz: euskara.

Egun horretan ez dugu etsairik izango joko zelaian. Arerioa lagun izango dugu, gure bidelagun, guztiak berdinak garela ikusten, ikustarazten lagunduko digu, ez garela inor baino gutxiago, edonorekin lehiatu, jokatu edo jolastu dezakegula erakusten lagunduko digu.

Gure hizkuntzaren geroa eta gure selekzioen onarpena dago jokoan eta ekainaren 23an, Anoetako futbol zelaian etorkizuna irabaztera aterako gara beste behin ere. Denok batera, hamaika, milaka, euskaraz!

Irakurritako testu honekin bat egin nahi duen orok, http://www.hamaikagara.com webgunean egin dezake.

Amaitzeko, deialdia gogoratu dute: ekainaren 23an da zita. Egun osoko egitaraua prestatu dugu. Goizeko 10:30ean hasita, Porrotx eta bere lagunak, janaria eta edaria egun osoan, DJ Bull-ek jarritako musika… Arratsaldeko 15:00etan hasita, Anoeta barruan kantaldia egongo da, Anje Duhalde, Alex Gatibu eta Aiora Amaiurrekin eta 16:30ean Euskal Herria-Eslovenia emakumezkoen futbol partida.

Sarrerak lortzeko, bide desberdinak daude; internet bidez http://www.hamaikagara.com eta http://www.barrabarra.eu/ webguneen bitartez. Hiriburuei dagokienez, Baionan Kalostrape ostatuan; Bilbon Kalderapekon; Donostian Erniope tabernan eta Aratz erretegian; Gasteizen Hala bedi tabernan; Iruñean Iruñazar tabernan. Hainbat herrietan ere lor daitezke: Arrasateko Monten, Azkoitiko Olaberrin, Azpeitiko Etxe zurin, Beasaingo Kuluskan, Bergarako Deportivon, Eibarko Manuelen (Juanito), Elgoibarko Lanbroan, Hondarribiko Enbatan, Irungo Real Union tabernan, Lasarte-Oriako Arkupen, Legazpiko Aitxuri jatetxean, Oñatiko Aloña Mendin, Ordiziako Olanon, Orioko Salatxon, Tolosako Xanti kirolaken, Zarauzko Joe-n, Zumaiako Algorrin eta Zumarragako Hutsen.

Informazio guztia lehen aipatutako http://www.hamaikagara.com webgunean topa dezakezue.

Hamaika garelako, ekainaren 23an bat egingo dugu Anoetan!

Hamaika gara manifestuari atxikimendua eman dioten hainbat lagun:

KIROL ARLOA:

Arrauna: Juan Mari Etxabe (Urdaibai), Ibon Urbieta (Orio)

Atletismoa: Naroa Agirre, Mikel Odriozola

Automobilismoa: Angela Vilariño, Andrés Vilariño, Ander Vilariño

Boxeoa: Iban Estebez

Errugbia: Oskar Astarloa, Iñaki Laskurain

Eskalada: Irati Anda

Futbola: Javier Exposito (Euskal Selekzioaren entrenatzaile ohia), Mikel Labaka (Rayo Vallecanoko jokalaria) Manix Mandiola (Eibar entrenatzaile ohia), Bittor Alkiza (Errealeko oinarrizko kirol zuzendaria), Jose ANgel Iribar eta Ritxi Mendiguren (Athleticeko jokalari ohiak), Mikel Aranburu, Tiko Martinez, Iker Sarriegi

Herri kirolak: Iñaki Azurmendi (aizkolaria), Altzo ( segalaria), Iñaki Perurena (harrijasotzailea)

Pilota: Asier Olaizola eta Abel Barriola, Kepa Peñagarikano, Patxi Zeberio

Txirrindularitza: Leire Olabarria, Eneritz Iturriaga, Mikel Astarloza, Haimar Zubeldia eta Txomin Perurena

KULTURA eta EUSKALGINTZA:

Jon Maia (bertsolaria)

Maialen Lujanbio (bertsolaria)

Julio Soto (bertsolaria)

Angel Mari Peñagarikano (bertsolaria)

Martxelo Otamendi (Berria egunkariko zuzendaria)

Ainara Lasa (Berria taldea)

Lore Erriondo (UEU)

Oskar Elizburu (AEK)

Igone Lamarain (EHE)

Joxe Mari Auzmendi (Hik Hasi)

Anjel Alkain (aktorea)

Pello Zabala (eguraldi gizona, frantziskotarra)

Ana Urkiza (kazetaria, unibertsitateko irakaslea)

Dabid Anaut (euskara teknikaria)

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

4 pentsamendu “Kirol, kultura arloko eta euskalgintzako hainbat lagunek Anoetara joateko deia egin dute”-ri buruz

  • Aupa, hasteko, esan behar dut manifestuarekin ados nagoela. Bat egiten dut euskaraz bizitzeko aldarriarekin, eta baita euskal selekzio ofizial baten aldeko aldarriarekin ere. Baina hilaren 23ko partida hau nesken taldeari dagokiola ikusita, horrekin lotutako aldarriak falta direla uste dut.
    Emakumeek futbol arloan bizi duten egoera ez da gizonezkoen parekoa, ezta gutxiago ere! Ez dituzte baldintza berberak, ez da berdin baloratzen…etabar etabar.
    Hori dela eta, egun honetan (bereziki) emakumeen eta parekidetasunaren aldeko aldarria ezinbestekoa dela iruditzen zait, eta manifestu, prentsaurreko, iragarki eta abarrak ikusita, asko harritu nau inon ere arlo hori jorratu ez izanak.
    Milesker, ta ondo izan!

  • Morea, besterik gabe parekidetasunaren exijentzia egitea, mekanismo automatiko gisa, ez da erreala.

    Esan nahi dut, emakume futbolariak noski daudela gizonezko futbolariak baino gutxiago errekonozituta eta ordainduta; baina, hala ere, emakume horiek gizonezko kirolari asko (ping-ponglariak, esgrimalariak,..) baino askoz gehiago daude errekonozituta eta ordainduta. Dena da oferta eta demanda, eta ez da sexu kontua.

    Edurne Pasaban ez dago Oiartzabal bezain errekonozitua? Josune Bereziartu ez dago Usabiaga bezain errekonozitua? edo Oihana Blanco… edo…

    • Nik ez dut uste mekanismo automatikoaren kontua dela. Emakume futbolariak ez daude rekonozituta zuk diozun bezala. Emakume futbolari askok utzi egin behar izaten dute ezin dutelako bertatik bizi, eta lana eta futbola uztartzera heltzen ez direlako. Hori gizonezkoekin gertatzen al da? Maila jakin batetik aurrera nik dakidala ez.
      Eta hobeagoak eta txarragoak beti egongo dira, arlo guztietan. Nik honekin ez dut esan nahi emakume bat bera ere ez dagoenik errekonozituta kirol munduan. Baina oraingoan nesken futbol selekzioaz ari gara, eta nik hor bete beharreko hutsuneak ikusten ditut, horri buruz hitz egin dut, ez emakume kirolariei buruz orokorrean.
      Ni futbolaria izan nintzen, eta neska naiz, eta nahiz-eta klubean ez geunden bigarren maila baten ikusita (hasiera baten), detalle asko bizi izan ditut eta igarri izan ditut neska izateagatik guk ordaintzen genituenak. Beraz, ez dut uste parekidetasunaren exijentzia hau mekanismo hutsagatik bota dudanik.

      • Ba nik uste dut baietz, mekanismo hutsa dela salatzea emakumeak ezin direla futboletik bizi eta gizonezkoekin ez dela hori gertatzen “maila jakin batetik aurrera”.
        Mekanismo hutsa da emakumezkoen eta gizonezkoek futbolak maila guztietan parekatuta ez daudela salatzea.
        Nik baditut lagun kirolariak eta ez ditut telebista eta periodikoetan ikusten, emakumezko futbolariak bai ikusten ditudan bezala. Baina normala da, ulertzen dute zein den egoera. Kirol denak ez daude parekatuta, eta kirol kategoria denak ez daude parekatuta.

        Oferta eta demanda. Noski, lan egin behar dugula parekatze bidean? Konforme egon gaitezke. Bai ni, bai zu, eta bai nire lagun kirolaria.
        Baina perspektiba galdu gabe.