Kazetaritzaren eta negozioaren arteko arrakala

Komunikazioaren negozioa aldatzen ari da, garapen teknologikoak behartuta aldatu ere. Zuzeu, zoro batzuren ideia, iraultza honetatik erditu zen 2009 hurbil hartan, eta bide honetan jaiotzen azkena Naiz.info izan da garai berrietara moldatzeko Gararen apustua. Munduko hedabideak bide berriak urratu nahian dabiltza aspaldidanik. Moldatzen ez dena deuseztatua izango baita, edo jada izan baita. Erraza da ordea, kazetaritza eta negozioa banatzen dituen arrakala sakonak irentsia izatea. Ba al dakigu nora joan behar dugun? Eta norantz goazen?

Iraultza deitu dakiokegu trantsizio beharrean, kazetaritzaren zimendu tradizional guztiak astindu baititu sareak, ia asimilatzeko ere denborarik utzi gabe. Hain justu diskogintzarekin, zinemagintzarekin eta literaturarekin gertatu den era berean. Eta orain nola berreraiki lurrikarak botatako eraikuntza kazetaritzaren eta negozioaren artean sortu den arrakalan jausi gabe? Lehengo oinarriek ez dutenean ematen, lehen aski ziren zutabeek ez dutenean fitsik balio?

Iragarrita zegoen heriotza da kazetaritza profesionalaren negozio molde honena eta nago ofizioak bizi duena ez dela soilik krisi teknologikoa. Informazioaren trafikanteek, mundu mailako lobby politikoek kontrolatutako hedabide erraldoiek, berez demokraziaren garante den kazetaritza desprestigiatu dute burla bihurtzeraino. Eta honen aurrean “aro/ziklo berrian” bestelako kazetaritza “independiente” baten aldarria lau haizetara zabaldu da. Beti bilatu izan den kazetaritza “ona” Soto Garako zuzendariak duela gutxi aipatu zuena elkarrizketa batean.

“Ziklo berri batean gaude, informazioaren demokratizazioa ekar dezakeen kazetaritza berri baten atarian”, esan izan du Ignacio Ramonet Le Monde Diplomatique argitalpeneko zuzendariak. “Dinosauruen desagerpena drama bat izan zen, baina, ekosistema berri eta aberatsago bat sortzea ahalbidetu zuen”. Ramonetek azaldu izan du, nola ari diren sortzen hedabide tradizionalen adinako eragina duten sarean soilik oinarritutako argitalpen berriak, Wikileaks eta The Huffington Post kasu. Hasieran aipatu bezala, honek orain arteko negozio moldea kinka larrian jartzen du. Eta okerrena da inork ez duela dianan jotzen, oraingoz ez dagoela alternatiba sendorik. Iparrorratzik gabe gabiltza noraezean.

Euskal Herri mailan ere, mantso bada ere, eman dira pausuak eszenatoki berrira moldatze aldera. Zuzeu bera Rue89 hedabidea ispilu harturik sortu zen 2009an, soilik sareko oinarria zuen hedabide gisa. Berriak Berriketanekin egin zuen bere apustua eta Gara izan da azkena fitxa mugitzen Naiz proiektuarekin. Baina aztertu dezagun nondik nora doazen tiroak, era sinple eta nahi baduzue ez zehatz batean. 4 eredu:

Lehen eredua iraganekoa da, desagertuta dago. Kapital humano eta ekonomiko osoa paperean eta soilik paperean inbertitzen duen hedabiderik ez dago honezkero. Hedabide askok eta askok ordea, aldaketak asimilatu ezinean 2. eredua ardatz funtzionatzen dute. Hauen lehentasunak papera jarraitzen du izaten, paperetik eta papererako pentsatzen dute eta interneteko bertsioa Copy Paste huts bat da. Testimoniala. Adibide bezala Noticias taldeko egunkariak ditugu. Gara, Berria, El Mundo eta El País 2. eta 3. ereduen artean jarri ditzakegu. Guztiek apusturen bat egin dute sarean (Berriketan, Naiz, Skup eta Orbyt) eta zutabe digitala zein papaperekoa parekatzen dihardute. Argia da akaso, bere astekari kondizioan, 3.eredutik hurbilen dabilena.

Urte batzuren buruan ordea 3 eta 4. ereduak gailenduko dira. Pisu handiena edo osoa zutabe digitalak izango du ezinbestean, euskarri multimediarantz goaz. Enrique Menesesek elkarrizketa honetan bota zuen bere aburua argi: “Paperean egiten den kazetaritza desagertu egingo da”. Ez naiz ausartuko oso osorik arrazoi ematera, viniloaren kasua gogoan, baina oso gaizki ez dabil. Papera egun ezagutzen dugun eran akabo da, bigarren plano batera kondenatuta dago. Kapritxo kontua izatera kondenatuta. Saretik pentsatu beharra dago, sarerako. Zutabe digitalak ezin du bigarren mailako izaten jarraitu, lehentasun bilakatu behar da.

Baina kazetaritzak, bokaziotik asko badu ere, profesionala izan behar du informazioaren kalitatea bermatzeko. Eta informazioren kalitatea bermatzeak jendartearen lehentasuna behar luke, oinarrizko eskubideak jokoan baitaude (informatzeko eta informatua izateko hiritar ororen eskubidea). Are gehiago hizkuntza minorizatu batean mintzatzen den komunitateaz ari bagara. Nola lortu dezakegu bideragarritasun ekonomikoa? Zeintzuk izango dira hedabide baten diru sarrerak munduan zehar nahiz herriz herri dituen korrespontsalak mantentzeko? Zer papel izan behar dute eta zer ardura hartu behar dituzte erakunde publikoek?

aro digitala, berriketan, egunkariak, iraultza, kazetaritza, komunikabideak, naiz, orbyt, prentsa, zuzeu
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

2 pentsamendu “Kazetaritzaren eta negozioaren arteko arrakala”-ri buruz

  • Hasier Etxeberria

    Galdera zailegiak guretzat, Oier, batez ere bi kontu nagusiri lotutakoak baitira zure kezkak: euskara eta kazetaritza.

    Lehenengoari buruz, gero eta bistakoago ageri da euskararen ministerio baten edo antzeko zerbaiten beharretan gaudela, hizkuntzaren aldeko oro koordinatuko duena, inguruko administrazioekin loturak bilatuko dituena, etc. Hainbeste dira arazoak euskalgintzan! Enbor bereko ezpal hain desberdinak!

    Euskaraz den ia ezerk ez dezake berez-berez funtziona, edo bederen, ez telebista batek, ez egunkari batek, ez hedabide digital batek… baina ez eta ere euskarazko eskola batek, unibertsitateak, antzerkigintzak, zinemagintzak, liburugintzak eta oro har, hizkuntzarekin lotutako edozein industriak. Ezerk ezingo luke kalitatez egin aurrera ez badago berorren aldeko erabaki politiko irmo bat, eta horren ondorengo ganorazko babes publikorik. Euskararen Legea egin zen garaian egin zen eta egin zen moduan, gainera. Hura aurrera atera zuen baten bati entzun izan diot, zalantzak dituela gaur egunean halako lege bat aurrera aterako litzatekeenentz. Nire ustez geure herria euskalduntzeko borondate hori berresteko garaian gaude, gizarteak egiazki euskaldundu nahi duen ala ez erabakitzekoan, ezin baita epelkeriak ezartzen digun ezintasunean betikoturik hazi. Izatekotan ere, apurtxo bat gehiago iraun hilzorian, onenean. Erakunde publiko proaktiboak behar ditugu euskararen industriekiko, prioritateak erabaki eta haiek aurrera ateratzen benetan lagunduko dutenak, denentzako kafesne txarra banatzen ibili baino… Ez soilik argazkietan ateratzeko, ohi denez. Baina, en fin, iruzkin soil baterako baino korapilatsuagoa da asuntua.

    Kazetaritzari buruz, ostera, egia da ez dugula guk asmatuko geu baino askoz handiagoek asmatzen ez dakitena. Alabaina, adi egotea behar du izan euskarazko hedabidetxoon ahaleginak, baliabide azkar, malgu eta merkeez euskarazko informazioaren su txikia beti piztuta edukitzen saiatzea, ahal denean sutea eragiteko, ahalik eta bazter gehienetan. Era eta aukera berriak eskainiz euskal irakurleari, berari ere emanez espresatzeko aukera horizontala, eta, zergatik ez, Oier, zeurea moduko ahots berriei lur zorutxo bat ekarriz hankapera…

    Kazetari bikainak, halaber,  betiko kazetaritza idatziaren alde onenez gain, denean beharko du izan on eta pizkor: idazten, argazkiak egiten, bideoak sortzen, digitalak editatzen, sareak maxiatzen… Ahal badu, gainera, bazterrean baino,  plazaren baten erdian, bere lana erakusteko tokia beharko du ukan, berak ez beste inork gobernatuko duena, Zuzeu kasu. Izentxoa egiteko balioko dio, irakurleen artean eta sektorean zer egiten dakien erakusteko, erreferentzia bilakatzeko… Izatekotan hortik eta horrela etorriko zaio lanbidearen sos apurra. Ez beza ukan, baina, euskal kazetari izanik, palazio handitarako ametsik!

    Alde batera, sekula baino zailagoa dauka gaur kazetariak bere lana, baina bestetik inoiz baino gozatsuago ere egin zaio lanbidea, adierazpenerako hainbeste aukerarekin eta autoedizioak damaion burujabetasun itzelarekin. Ez ahantzi, gainera, hedabideen krisi garai honetan, gizartearen historian sekula baino gehiago dela irakurtzen, eta lehenago edo beranduago, aurkituko duela guk baino gehiago dakien norbaitek, geuretzat ere balioko duen ereduren bat.

    Kontua da ordura baino lehen ez hiltzea bidean, mon ami.

     

  • Oier Aranzabal

    Ederra iruzkina Hasier.

    Bai, argiak itzalita gabiltza… pausu bakoitza azkena izango ote den beldurrez. Hurrengo pausuan zuloren batean eroriko ote garen buruari bueltaka. Eskuak luza ibilean; tentuz, ziurrenik tentu gehiegirekin. Ea nor den argiaren interruptorea bilatzen lehena. Ordura arte, hor konpon! Asmatzera denok.

     

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude