Kazetaritza feminista, atzera eta aurrera begira

Kazetaritza feminista, atzera eta aurrera begira –

klitto! agerkari feministatik jasoa.

Kazetaritza Feministako kongresua antolatu du Pikara Magazine aldizkariak, Bilbon. Asko izan dira bertaratu diren kazetariak. Nolakoa izan da kazetaritza feminista historikoki? nolakoa da gaur egun? zein aldizkari feminista izan ditugu? zeintzuk ditugu? zer ari dira egiten kazetari feministak hedabide orokorretan? Zein dira aurrera begira ditugun erronakak? Urriaren 9an hasi ziren jardunaldiak eta 10ean amaituko dituzte. Lehen egun horretan esandakoak jaso ditugu Klitto!n.

Kazetaritza feminista, atzera eta aurrera begiraGu kontzienteki ezagutzera iritsi ez ginen aldizkarien sorrerak kontatu zituzten hasierako mahainguruan: Frida, Emakunde aldizkaria eta Andra. Aldizkari hauen sorreran edo haztean bidelagun izan ziren hiru emakume igo ziren oholtzara. Garaiko egoera nahasian mundua ikuspegi feminista batetik kontatzeko, emakumeei hitza emateko eta ertzetako gaiak erdira ekartzeko ausardia izan zuten. Bakoitzak beretik,  bakoitzak bere modura. Baina ziurrenik beraiek eraiki zituzten, mugimendu feministarekin batera, gaur egungo kazetaritza feministaren oinarriak. Garaiko eskakizunak ere ez ziren gaurko berberak, Fridan esaterako, azaldu dute ez zela bereziki borrokalaria, sentimenduetatik edo zeharka egiten zutela lan feminismoarekin, adibidez, ba omen zuten atal bat autoei buruz hitz egiten zuena, autoek emakumeengana gerturatzeko asmoz.

Andran berriz, eduki feminista eta askeak zituzten, mugimendu feministari lotuta jaio eta hazi zen, izan ere, proiektuaren gorputza osatzen zutenak ere mugimendu feministatik zetozen. Ahalegindu ziren mugimendu feministaren aniztasuna islatzen eta lortu zutela uste dute. Gainera orain berriro jarri dute proiektua martxan formatu digitalean.

Emakunde aldizkariak, berriz, badu bereizgarri bat, besteak ez bezala, instituzionala dela: “Nahiz eta Emakunde aldizkaria aldizkari feminista izan eta hortarako lan egin, mugimendu feministako zati batek deskonfiantzaz begiratzen gintuen eta normala zen”. Zabalpena egitea eta ahalik eta emakume gehienengana iristea zen Emakunde aldizkariaren oinarrietako bat. Besteak beste, Euaskal Autonomi Erkidegoko ileapaindegi guztietara iristen zen aldizkaria: “Aldizari erakargarria egiten ahalegintzen ginen, izan ere, gero ondoan izango zuen Hola! aldizkariarekin lehiatu behar zuen”. Esan beharrik ez dago, hiru aldizkari erreferente hauez gain, beste ugari ere egon zirela garai horretan, asko gainera, mugimendu feministako militanteek sortu, editatu eta banatuak, horietako bat da Geu Emakumeok. Bizkaiko Asanblada Feministatik sortu zen aldizkaria zen, publikoatik azalduzuten haren garrantzia eta kritika eraikitzaile bezala bota zuten mahaian faltan bota zutela.

Bigarren mahainguruan, berriz, emakume  kazetarien sareen inguruan hitz egiten zuten. Bertan egon dira, Gaztela eta Leoneko kazetari feministen sarearen ordezkaria, Genero Ikuspegi dun kazetaritzako nazioarteko sareko ordezkaria eta Eragingune Feministako ordezkaria. Kazetari feministen arteko sareak biltzeko garrantziaz hitz egin zuten hiruek, bakoitzak bere lekutik. Emakumeen ikusgaitasuna, agenda feminista sortzearen garranzia eta kazetari feministen arteko babes sareak eraikitzeko beharra azpimarratu zituzten, besteak beste.

Eragingune Feministako ordezkari gisa aritu zen Maite Asensio. Euskal Herriko komunikatzaile feministen saretze saiakera bat egin dute Eragingune feministaren baitan. Komunikazio alorreko hainbat profesional elkartu dira bertan, eta une honetan egitasmoa geldirik dagoen arren, orain arte egindakoak kontatu zituen Asensiok. Bestalde, galdera-erantzunen tartean, emakume iturriak lortzeko zailtasunen inguruan hitz egin zuten. Nola lortu emakumezko iturriak? “Emakume iturriak parte hartzera konbentzitzeko trikimailu eta galderak pentsatu eta diseinatu; formatu erosoagoak sortu eta tertulia formatuak, esaterako, birplanteatu; eta hauen parte hartzea errazteko baldintzak eman”.

Kazetaritza feminista, atzera eta aurrera begiraAzken mahaingurua komunikazio agentziei lotutakoa izan zen. Conversatorios entre Presentes LGTB hedabidea izan zen lehena hitza hartzen. Hego Ameriketako 10 herrialdetatik idazten dute bertan, eta beraien egoeraren gordina azaldu zuten. Aipatu zuten, besteak beste, Hego Ameriketako LGTB komunitateak 35 urteko bizi esperientzia duela, cis komunitateak duenaren erdia. Kazetaritzaz gain formazio lana ere egiten du Presentes-ek: “Garrantzitsua da guretzat kazetariak eta mugimendu feminista formatzea, uste dugulako batzuetan hanka sartzeak ezjakintasunetik egiten dituztela, eta ez gaiztotasunagatik”. Adibide gisa jarri zuen esaterako, abortuari buruz ari garenean soilik emakumeez hitz egitea, eta ez gorputz haurdunez.

AMECO agentzia izan zen hitza hartzen hurrengoa. Aipatu zuten boletin informatiboak ateratzen dituztela astearte eta ostegunero, eta mundu mailako herri ugaritako korrespontsalen laguntzaz medio orokorrek kontatzen dituzten informazioez gain, inork kontatzen ez dituen horietara iristea dela helburua.  Azkenik, CIMAC-eko ordezkariak hartu zuen hitza. Mexikon emakumeek bizi duten biolentzia egoera, eta bereziki, emakume kazetariek bizi duten jazarpena azpimarratu zituen. Beraien helburua emakumeen narratibei ahotsa ematea da eta emakumeak ikusaraztea: “Emakumeak alboratzen dituen diskurtso bat inoiz ezin da kalitatezkoa izan, kalitatezkoa izateko emakumeak izan behar gara, gutxienez %50a”.

.

Hedabide feministak eta feministak hedabidetan

Bazkal ostean elkartu ginen berriro, tripak eta ahotsak bero. Hedabide feministak igo ziren oholtzara, Amazonas, La Poderio, Pikara eta gu geu, Klitto!. Bakoitzak bere egitasmoa azaldu ostean galdera zuzeni erantzun behar izan zieten. Feminismo andaluzaz hitz egin zuen La Poderiok eta emakume andaluzen ahotsa erdira ekartzeko beharra azpimarratu zuten; lurraldetasunaz aritu ziren Amazonaseko lagunak, eta feminismotik euskaraz idazteko garrantziari heldu zion Klitto!k: “Hautu politiko bat da gure hizkuntza gutxitua aukeratzea, eta ez hegemonikoa. Bada zapalkuntza bat: zure hizkuntzan sortzeari utzi behar izatea”, azaldu zuen Ana Iruretagoyena Klitto!-ko kideak. Denek dituzte aurrera begira antzeko erronkak: prekarietateari aurre nola egin asmatzea, intersekzionalitatea lantzen jarraitzea, horizontaltasuna bermatzea, sareak sortzea, sendotzea, eta noski, kalitatezko kazetaritza feminista egitea. Izan ere, Pikaraz gain, gainerakoen lana militantziazkoa eta borondatezkoa da, horrek dakartzan alde on zein txarrekin.

Azken mahainguruan hainbat kazetari feminista jarri ziren mahaian, denak hedabide orokorretan lanean dabiltzanak: Goizalde Landabaso (Radio Euskadi), Onintza Irureta (Argia), Montserrait Boix (TVE),  Maite Asensio (Berria), eta Patricia Simos (La Marea). Bakoitzak bere hedabideetan dituen errona eta oztopoez hitz egin zuen. Asensiok Berriako estilo liburua nabarmendu zuen eta Berrian erredakzioko kazetari feministez gain beste departamentuetan dauden feministek, esaterako euskara sailekoek, egiten duten lana azpimarratu zuen. Positiboki hitz egin zuen Goizalde Landabasok, nahiz eta, EITBn oraindik lan asko dagoen egiteko, uste du kirolak direla, oraindik ere, atzeren daudenak eta irrati eta telebistako ezberdintasunak ere aztertu ditu: “Gauza asko daude hobetzeko, baina zalantzarik gabe, aurrera pausu nabarmenak ere eman ditugu”. Onintza Iruretak, Argiako barne egitura izan zuen hizpide. Izan ere, duela gutxi aldatu zuten egitura eta orain ez dute zuzendaririk. Horrek, abantaila nabarmenak baditu ere botere harremanak oraindik badaudela nabarmendu zuen. Azkenik, La Marea eta RTVE-ko ordezkariek hitz egin zuten euren errealitateaz. Ezkor hitz egin zuen Montserrait Boixek barrutik eragiteko duen esparru txikiaz nahigabetuta, eta ikerketa kazetaritza ikuspegi feministatik egiteko beharraz, eta oro har, ikerketa kazetaritza egiteko beharraz mintzatu zen Patricia Simon. Azken mezu argia bota zuen Asensiok: “Erredakzioak despatriarkalizatu behar dira. Ezin liteke fakultateak neskez beteta egotea eta erredakziora iristen diren neska gazteek alde egitea”.

Bertsotan bukatu zen eguneko jarduna. Oihana Bartra eta Aissa Intxausti aritu ziren bertsotan eta Andrea Momoitiok esaten duen esaldi bat jarri zien gaitzat June Fernandezek: “Ez da posible kazetaritza feminista egitea, kazetaritza bera patriarkala delako”. Eta horrelaxe bukatu zen jardunaldia, posible den jakin gabe, baina bidea egiteko gogoz.

Kazetaritza feminista, atzera eta aurrera begira

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude