Kazetariak Twitter berehala uzteko 4 arrazoi

Kazetaritza da zure ofizioa eta twitterra duzu? Eta ez dira hamar minutu igarotzen TLa (Timelinea) begiratu gabe? Ez duzu oraindik utzi? Lasai garaiz zabiltza. Twitter ez erabiltzeko 4 arrazoi dituzu hemen.

Kazetariak Twitter berehala uzteko 4 arrazoi
Atzo Iñaki Larrañagak bere blogean esaten zigun zein garrantzitsua den twitter, efizienteki erabilia, kazetariontzat. “Behintzat begiratu begietara hiltzaileari, hil baino lehen”, omen zioen Luistxo Fernanedezek. Bada twitter ez erabiltzeko 4 arrazoi utziko dizkizuet hemen, desengantxatu ezin den txiolari amorratu baten 4 arrazoi. Hiltzaileak, kazetaritza baino, zuek sozialki akabatu baino lehen. Niretzako berandu da, zu akaso salba zaitezke.

1. Informazio itolarria. Goizero etenik gabeko jarioan doan TLa begiratzean hain da informazio ugaria, hain dira azkarrak sareko urak eta hain pausa gutxi izango duzu, ezen, informazio askoz gehiago jasoko baituzu, baina askoz ere gutxiago sakonduta. Are gehiago, “gerorako” utziz gero edukiak… Azkenean titular azkarraren yonki bihurtu arte.

2. Lana noiz amaitzen da? Konturatzerako; mugikorra dela, portatila dela edo beste edozein gailu dela, minutuero begiratu nahiko duzu zure jarioa. Jada lana eta aisialdia ez bereizteraino. Lagunek ere atentzioa deituko dizute, familiak baita ere, afariren batean pantailari begiratzen diozunean. Bikotearekin une erromantiko batean zaudenean, eta @masaenfurecidaren azken txioagatik parre egiten duzunean konturatuko zara gaixo zaudela. Halako batean ohartuko zara, lehen irakurtzeko erabiltzen zenituen ordu haiek, orain sareari hozka egiteko erabiltzen dituzula. Ohartuko zara, jada ez dakizula ondo; erredakzioan zaudenean denbora galtzen zauden, ala etxean sofan botata lanean zauden.

3. Kalean behar du kazetariak. Iturriak saretik jasotzean, notizia twitter jarioan irakurtzean… bertatik albistea ateratzen lehenengo izatean, ahaztuko duzu notizia ez dela berez iristen horra. Kazetariak kalean behar duela jendearekin kontaktuan, ekintza gertatzen den lekuan eta ez erredakzio batean edo etxean pantaila batek aurpegia zuritzen diola.

4. Hegoak VS Egoak. Twitterrek hegoak eman baino, egoak pizten ditu. Eta laster konturatuko zara, badela bataila ezkutu bat, nork lehenago egin azken TTaren inguruko txiste onena, nork komentario burutsuena. Badela jarraitzaile bila itsumustuan ari denik ere. Eta zu ere konturatu gabe joko horretan sartzen zarela, arrakasta birtual horren bila, beste kontu garrantzitsuagoak alde batera utziz.

Gaizto jarri naiz. Ariketa bat egin nahi izan dut Larrañagaren kontrapuntua jartzeko. Jakina da txiolari amorratua naizela, eta bat egiten dudala lankideak atzo idatzitakoarekin. Baina goiko lau puntu hauek ere kontuan izan behar zenituzke, twitterrera sartzera zoazen kazetari horrek. Edo bestela akaso Icarori bezala gertatuko zaizu.

Kazetariak Twitter berehala uzteko 4 arrazoi

Ekaitza bainuontzi batean

35 pentsamendu “Kazetariak Twitter berehala uzteko 4 arrazoi”-ri buruz