Kazetariak Twitter berehala erabiltzen hasteko 5 arrazoi

Kazetariak Twitter berehala erabiltzen hasteko 5 arrazoi

Kazetaritza bada zure ofizioa, honezkero Twitter darabilzu. Ezetz? Lasai, oraindik ez da berandu. Twitter efizienteki erabiliz gero zure tresna kuttuna bihurtuko da uste baino lehen. Xehe-xehe horretaz konbentzitzeko 5 arrazoi dituzu hemen.

Kazetariak Twitter berehala erabiltzen hasteko 5 arrazoi

Luistxo Fernandezek Twitter gabeko kazetariei esana da: “Behintzat begiratu begietara hiltzaileari, hil baino lehen”. Alegia, Twitter kazetarien borreroa ei da, baina akatua izan baino lehenago ireki kontu bat. Zorionez kazetari askok bizirik diraute, Twitterrek dagoeneko zazpi kandela piztu dituen arren. Ogibidearen etorkizun apokaliptikoa eta erroboten inperioa gorabehera, hobe zenuke ahal bezain laster oskola kraskatu eta Twitter erabiltzen hastea. Adiskide, horretarako 5 arrazoi dituzu hemen. Desarrazoi zerrendarik irakurri ezean, hobe zenuke kasu egin.

1. Informazio iturri: Egunkariak banan-banan zabaltzeak denbora xahutzen dizu. Hori eragozteko, Twitterreko adiskideek sareko informazioaren galbahe lana egingo dizute, eta zeure behar eta gustuen araberakoa besterik ez zaizu helduko; zertarako hainbeste dilista txorizoa bada jan nahi duzuna? Interesezko gaiez jakinaren gainean egoteko aukera emango dizu, baita artikuluetarako ideiak eskuratzeko ere. Breaking News denak irakurtzen lehenbizikoa izango zara, eta bizkortasun (estresagarrian) jasoko dituzu munduko albiste (berez) garrantzitsu guztiak. Informazioaz bezain beste jantziko zara iritziez: gizartearen termometroa da Twitter, ez herritar guztiena noski, baina kafea hartzen duzun tabernakoa baina zabalagoa izango da lagina. Hori seguru.

2. Erantzunak aurkitzeko: Norbaitek zalantza bat argitu behar dizula? Zure erredakziokideari galde diezaiokezu, edo/eta harria bota dezakezu Twitterren. Adiskide talde sendoa baduzu, laguntzeko prest egongo dira. Erantzunarekin hari bat eskainiko dizute, hortik tiratzea edo informazioa ziurtatzea zeure eginkizuna izango da.

3. Iturriekin kontaktuan jartzeko: Telefono gida mardula begiratu edo e-maila ausaz asmatzen saiatu baino errazagoa duzu Twitter bidez mezu zuzen bat bidaltzea bila zabiltzan iturriari. Twitter zaleak egunero konektatzen dira. Erantzuna 140 karakteretik pasa ezin denez, segituan erantzun ohi da: Bai, ez, tori e-posta, telefonoa hau da. Jada kontaktuan zaude bestela kostata aurkituko zenukeen iturri interesgarri horrekin. Gainera, sasi guztien gainetik (prentsa arduradun guztien gainetik, maitasunez) berehala jarri zaitezke kontaktuan behar duzun gizon-emakume horrekin. Ez duzu norbaitek deia itzuli beharrak eskatzen duen pazientzia xahutuko.

4. Sortutakoa zabaltzeko: Artikulua idazteko laguntzen dizulaa azaldu dugu. Horrenbesteko balioa du Twitterrek sortu duzuna sarean zabaltzeko. Autobonbo dosi egokiarekin gustura jarraituko zaituzte, eta idatzi duzun horrek bestela edukiko ez lituzkeen irakurleak izango ditu. Zortea izanez gero, irakurleen arteko solasa ere eragingo duzu, edo Trending Topic bihurtu. Hobe duzu plater onenak bakarrik proposatzea jarraitzaileei, hurrengoan ere dasta dezaten hainbeste ordu eskatu dizun lana. Zure iturriak txioka lotu badituzu, bidali haie ere artikulua, irakurri eta zabal dezaten, gustuko izan badute behintzat.

5. Irakurleekin hitz egiteko: Jada hitzak ez ditu haizeak eramaten, eta ardurari ezin diozu izkin egin. Ondo egindakoan zorionduko zaituzte, eta gaizki egindakoan kritikatuko. Ez zoratu eztizko loreekin edo mehatxuekin. Ez zara dioten bezain ona, baina ezta hain txarra ere. Hori bai, ziur Twitterretik idazten dizun hori ama baino aztertzaile zorrotzagoa izango dela. Beraz, egon adi esandakoei. Idazteko ahalegina egin badute, izan zaitez abegikorra. Ikasteko, akatsak murrizteko eta onurak indartzeko balioko dizute txiolarien mezuek.

Bai? Twitter irekitzeko prest?… tira, ez da hainbesterako ere. #Diotenez badago bizitza Twitterretik eta kazetaritzatik kanpo ere.

Kazetariak Twitter berehala erabiltzen hasteko 5 arrazoi

kazetaritza, Twitter
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra