Katu kontuak

ortiz.jpeg

 

Idaztea eta idaztea, behin eta berriz idazten jarraitzea dela dio Juan José Saer idazle argentinarrak. Horixe da idazlearen zereginik behinena haren ustez. Krisi garaian, biolentzia politikoa eta soziala nagusitzen direnean ere, izugarrikeriak egunerokoan aurkitzen duenean habia, idazlearen zeregin nagusia idaztea dela dio. Argentinan behinik behin, halaxe izan dela hori beti. Arlt, Borges, Cortázar, Bioy eta beste batzuen adibideak aipatzen ditu. Tartean da Juan L. Ortiz poeta, munduaren berezko edertasuna, injustiziak desitxuratzen duela esaten zuen huraxe (Argentina 1896-1978).

Munduko gizonik eskuzabal eta ahulena zen Ortiz, argala eta zurbil-zurbila, baina, hala ere, ez zioten barkatzen eta edozein tiranoren aldaketa zegoenean, preso eramaten zuten beti. Hain zen ona, ezen azkenean kartzelako zaindariak joaten baitziren bere etxean utzitako katuei jaten ematera.
Saer idazleak Ortiz idazlearen adibidea darabil zeregin nagusia idaztea dela arrazoitzeko. Bere zoritxarren erdian, beti idatzi baitzuen Ortizek. Poemak sarrien. Adibide ona da, baina niretzako nago gaurko idazlearen zeregin nagusia, idaztea baino, katuak zaintzea ez ote den.

020630

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)