Katolikoa Banintz (Baldintza Lantzeko Eta, Bidenabarkoan, Ikasleak Doktrinatzeko Testu Aproposa)

Unibertsitatera joateko lehen belaunaldia izan naiz gure etxean, eta gurasoak, normala den bezala, arrunt kontent ziren. Segur aski horregatik animatu ninduten ikastaro hartan parte hartzera: curso de introducción a la universidad zuen izena; mintzaldi sorta bat, Nafarroako Unibertsitate pribatuan. Ikastaroak bi jende multzo zituen helburu –baina horretaz sarriago ohartu nintzen–: Opuseko jendea eta jende inozoa. Ni bigarren multzokoa nintzen –inozoen taldea, hain zuzen ere, lagun bakarrekoa zen, nik neronek osatua–, eta zer gertatzen ari zen jakiteko zantzu franko baziren ere –aurkezpenetan, izena erran ondotik “zenbat anai-arreba zarete?” zen galdemodu ohikoena, eta “bederatzi”, “hamar”, “hamaika”, are “hamalau” ziren ihardespen aski susmagarriak–, nire zentzu araknidoak lotsagarriki egin zidan huts –edo beharbada geroxeago egin zidan atxiki armiarma atomiko hark, ez dakit seguru–; izan ere, inozoen taldean nahiko uste hedatua zen Opusekoa izatea jende zaharraren kontua zela, inolaz ere ez hemezortzi-hemeretzi urteko jende gazte bipilaren kontua. Nolanahi ere, han ezagutu nituen gazte batzuk arrunt atseginak ziren, historiazaleak edo artezaleak edo literaturazaleak, eta fitekara lau eguneko bidaia bat egitea proposatu zidaten: Madrilera –Pradoko museoa ikusteko–, Toledora, El Escorialera. Eta nik, zalantza batzuk banituen ere, hondarrean baietz.

Sei ginen furgonetan, denak gazte, denak mutil, eta gurekin ez zen apezik heldu. Iruñetik berrehun kilometrora, hamaiketakoa hartzera gelditu ginen; ogitartekoak bedeinkatu eta gero –zentzu araknidoa, zertan zenbiltzan?–, batek erran zidan Iruñean gauza bat aipatzea atzendua zitzaiola: bidaian, museoak eta hiriak ikusiz gure kultura aberastu bidenabar, erretiro espirituala ere eginen genuen. Furgonetan bueltan, arrosario bana atera zuten sakelatik –jakitera, izebari eskatuko niokeen bat, baina, azaldu dudan bezala, txango hura egoki egiteko funtsezko informazioa falta izan nuen–; ez dakit erran beharrik baden, baina nik ez nekien arrosarioa errezatzen; banekien, ordea, otoitz luzea zela, eta, hortaz, playback-a egiten nuen bitartean, beldur nintzen ez ote ginen Madrileraino otoizka joanen.

Ez, ordu erdiren buruan misterioa guziak erranak zituzten –ez dakit misterio loriatsuak edo mingarriak: aspergarriak bai, behinik behin–, eta itaunketa etorri zen orduan: ea zer edo zer ba ote nekien Opusi buruz –baietz, nik, uzkur–; ea gauza txarrik aditua nuen Opusen inguruan –baietz, berriz ere, are uzkurrago–; bada, entzunak nituen gauza txar guziak –zein ziren zehazteko eskatu ez bazidan ere– gezur zirela –bidaia hartara ni engainatuta eraman izana entzunak nituen gauza txar haiek guziak mitoak zirela frogatzeko manerarik hoberena ote zen galdegitekotan egon nintzen, baina, nire tolesgabean, pentsatu nuen igual ez zela zalantza hura argitzeko unerik aproposena–. Bidaia borobiltzeko, meditazioa ere egin behar izan genuen. Eskularru-kaxatik –vulgo guanteratik– Josemariren Bidea atera eta, bertze ordu erdi batez, batek esaldiak irakurri –konparaziorako: “Jauna, erakuts iezadazu ezetz erraten!”–, eta gainerakook horren inguruan gogoeta egin behar genuen –nire hausnarketa, esaldi horren harira: ezetz erraten jakinen banu, etxean nintzateke orain, goxo-goxo, eta ez santujale hauen artean–.

Bidaia hura, hala eta guziz ere, arras interesgarria izan zen; agindu bezala, Toledon Grecoren etxea bisitatu genuen, baita Madrilen Pradoko museoa eta Sorollaren etxea ere, eta El Escorialen ere ibili ginen. Baina, batez ere, lau eguneko esperientzia hark balio izan zidan konturatzeko katolikoen gustuak eta interesak eta nireak arrunt diferenteak direla. Musikan, adibidez: gazte haietarik bat Mecanozalea zen, eta kasete bat behin eta berriz entzunarazi zigun –Mujer contra mujer kanta, halere, kendu egiten zuen beti; Cruz de navajas, berriz, sakonki aztertzen zuen, gure balizko zalantza guziak argitzeko asmoz-edo. Nolanahi ere, ez zuen sekulan nire duda bakarra argitu, Mecano paratzen zuen aldioro nik “zergatik?” galdegiten bainion nire buruari, “beharrezkoa da hau? Egin dezagun berriz otoi, faborez”–. Justizia sozialari dagokionez ere, arras ikusmolde desberdinak genituen: Madrilgo semaforo batean, eskale bat ikusiz –zaharra, zikina, botila bat eskuan, nekatu itxura zuela–, “hori zer da, sistemaren biktima bat?” erran zuen batek, bertzeek irri egiten zuten bitartean. Historian, nola erran, ez ginen preseski alde berera lerratzen: bidaide batek azpimarratu zigun amak errana ziola Los Caidos ikustera joan behar genuela preziso, eta hara abiatu ginen.

Katolikoa Banintz (Baldintza Lantzeko Eta, Bidenabarkoan, Ikasleak Doktrinatzeko Testu Aproposa)Iruñeko katolikoak aztoratuak dabiltzan egun hauetan, berriz ere ohartu naiz nire kezkek ez dutela deus ikustekorik haien kezkekin. Ni katolikoa banintz, segur aski mindua sentituko nintzateke artista batek ostia kontsakratu batzuk erabili dituelako bere performance batean, pederastia hitza osatzeko; baina, katolikoa banintz, minduagoa eta kezkatuagoa sentituko nintzateke jakinda urte luzetan zein izan den elizaren jarrera –parrokietako apez anitzena, apezpikuena, Vatikanoko presidentearena, vulgo aita sainduarena– pederastiari dagokionez. Katolikoa banintz, biziki poztuko nintzatekeen iraganean noizbait Iruñeko kristau txit zintzoak karrikara atera izan balira erratera aski zela, onartezina zela pederastia ezkutatzea, eskandalagarria zela apez lizun umezaleak sekretuan elizatik elizara aldatzea, lazgarria zela biktimei isilik egoteko eskatu izana, jasanezina zela adieraztea gehiegikerien milaka kasu haiek kasu bakartuak zirela. Katolikoa banintz, nire fedekideez harro sentituko nintzatekeen, change.org-en eskaera batean 20.000tik goiti sinadura bildu izan balute, “emazteki batek abortatzea larriagoa da, apez batek haur bat bortxatzea baino” erran zuen apezpikua zigortu edo kanporatu edo eskumikatu zezaten eskatzeko. Katolikoa banintz, beharbada haserre edo triste sentituko nintzateke Iruñeko Erorien monumentuko aretoko erakusketaren kariaz, baina uste dut jende anitzek eskertuko lidakeela sumindura berbera –edo sumindura horren erdia, edo, zer arraio, sumindura horren laurdena– adierazi izan banu eraikin horretako bereko kriptan hilero, Iruñeko apezpikuaren baimenarekin, Sanjurjo eta Mola jeneral kolpezaleen alde egiten diren mezen kontura. Pentsatuko nuke, Iruñeko katolikoa banintz, Abel Azconaren opiltxoen profanazioa dela-eta nire asaldura sinesgarriagoa litzatekeela, Madrilgo San Fermin de los Navarros elizan Francoren eta Jose Antonio Primo de Riveraren alde egin den elizkizunak pixka bat sikiera aztoratu izan banindu, eta sare sozialetan adierazi izan banu ez dela zilegi toki sakratu bat gerra zibil bat ekarri zutenak omentzeko baliatzea. Opuseko jendearekin –katoliko ortodoxoekin alegia– bidaia bat egin nuenetik banekien, baina orain berretsi dut katolikoa banintz, zinez kezka bitxiak izanen nituzkeela. Segur aski horregatik ez naiz katolikoa.

Katolikoa Banintz
Abel Azcona, artea, eliza katolikoa, kristauak, ostiak, pederastia, performancea, salaketa
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

16 pentsamendu “Katolikoa Banintz (Baldintza Lantzeko Eta, Bidenabarkoan, Ikasleak Doktrinatzeko Testu Aproposa)”-ri buruz

  • Ok, oso ondo esanak. Orain, zalantza hau planteatzen dizut: nola apaiz batzuk pederastak diren, onargarria da “pederastia” hitza ostiekin idaztea: nola musulman batzuk ISISen aldekoak diren, izango al du potrorik Azkonak Coran mordo bat hartu eta “terroristak” hitza idazteko? Seguru baietz. Itxoiten gaude perfomancea.

  • Erlijio, dogma eta liturgia kontuak gaizki ulertzen eta era bihurrian praktikatzen dituen fanatiko asko dago (ondo ulertzerik egonez gero, noski), baina hori haien arazoa da. Bueno, gurea ere bai, ikusi denez, baina esan nahi dudana da haien harrikada konpontzerik ez dudala.

    Ni afera guzti honetan kezkatu nauena da azkenean beti gizartearen konponente laikoak egin behar duela urrats bat atzera, “hain gauza pertsonal eta sakona” den erlijioaren Ngarren astuneriaren aurrean.

    Alkatea bera ere (alkate hau, gainera) ez da, ba, atera artistari bere lana errekontsidera dezan eskatzera. Baina zer demontre da hau. Alkateak udaltzainak jarri behar zituen artelana babesteko, (azkenean lapùrtu egin dute, eta ez da ezer pasa), eta udaltzain horiek alde egiteko esan behar zien erakusketa areto publiko batean manifestazio (erlijioso) ez dakit alegal/ilegal baina bai molesto bat egiten hasi ziren horiei. Tabakalerako edozein aretotan dozena bat lagunekin San Sebastian Martxa errezitatzen hasiko banintz belauniko aurki izango nituzke udaltzainak mesedez ez molestatzeko eskatzen. Eta normala. Aldiz, fraile xelebre horri eta bere akolitoei ezin zaie ezer esan. Erlijioa dago tartean, ibil gaitezen kontuz eta errespetuz, arren eta otoi.

    Eta berdin dio kristau edo musulman, gizarte laikoak ez badu espazio publikoa defendatzen, uneoro eta irmoki, ez badie argi uzten kristau edo musulmanei (edo dena delakoei) beren sineskeriek ezin direla irizpide izan gizarte bizitza publikoa arautzeko… gauzak ez doaz batere ondo.

  • Pruden Gartzia 2015-11-25 18:46

    Artikulu negargarria, nire uste apalean.
    Ez dakit zerikusirik duten egileak Opus Deirekin izan dituen esperientzia pertsonalek eta eztabaidagai (omen) den arazoak.
    Martxa honetan beste norbaitek ijituekin edo moroekin izan dituen esperientzak ere kontatuko dizkigu. Edo, hartara jarrita, emakumeekin izan dituenak (horiek ere latzak eta traumatikoak izan daitezke). Egiazkoak eta berdaderoak guztiak, zeresanik ez. Eta horren izenean justifikatu nahi izango du…. zer?

    • ta beste bat 2015-11-25 20:54

      Artikuluaren mamia azken paragrafoan dago. Ondorioak ez ditu anekdota (edonola ere esanguratsu) horretatik ateratzen.

    • Santi Leone
      Santi Leoné 2015-11-26 03:03

      Artikulua negargarria iduritu zaizu: nik ezin dut deus horren kontra, zerbait publikatzen denetik norbaiti edo inori ez gustatzeko arriskua onartzen baitugu. Testua ez duzu gustuko, zer eginen diogu. Zure zintzotasuna, nolanahi ere, eskertzekoa da.
      Egiten duzun interpretazioaz, ordea, bai erraten ahal dut zer edo zer. Testua irratsaio baterako da, eta uste dut -eta kolaborazioa eskatu zidatenek ere hala uste dutelakoan nago- entzuleak umorea eta ironia eskertzen dituela. Opusekoekin izandako abenturaren narrazioa ororen gainetik estrategia bat da, gaia aurkezteko balio didana. Bidaia hartako esperientziatik, halere, ez dut ondorioztatzen katolikoek gertatzen ahal zaien guzia merezi dutenik. Bidenabarkoan erranda: ez dut sobera ongi ulertzen arrazismoarekin eta matxismoarekin egiten duzun paralelismoa, baina komentarioari demagogia puntu bat igartzen diodanez, utzidazu ni ere demagogoa izatera eta gogoraraztera maiz erlijioa izan dela jarrera arrazisten edota matxisten sorburu -lehendabiziko Ama Saindua hautatzen dutelarik, abisatu, faborez-.
      Artikuluan, Pruden, ez dut deus justifikatu nahi izan, batez ere ez baitut uste Abel Azkonaren erakustekak justifikaziorik behar duenik. Nik egin dut katolikoen erreakzioaren -bai, nahita hautatu dut erreakzio solasa- zurikeria salatu, ez baita gauza bera.
      Uste dut Marguerite Yourcenarren Adrianok erraten duela kristauek ulermena amore ematearekin nahasten dutela. Arrunt enpatikoa naizenez, nik ulertzen dut, xarmantki ulertu ere, katolikoen ikuspuntutik Azkona Kristoren gorputzarekin aritu dela jostetan. Baina ulertzeak ez du erran nahi eztabaida honetan ikuspuntu horrek nagusi izan behar duela onartzen dudanik; eta irakurriaren ulermenean zailtasun pittin bat baduzula ikusten dudanez, badaezpada ere azpimarratuko dut: EZ DUT INOLAZ ERE ONARTZEN katolikoen ikuspuntua automatikoki ontzat eman behar dugunik eztabaida honetan. Ateoa naizen honendako, Abel Azkonak opiltxo batzuekin osatu du pederastia hitza, ez jainko baten haragiarekin. Nire ikuspuntu bikoitzari esker, Azkonaren probokazioa ulertzen dut -bai eta katolikoen haserrea ere-, eta, aldi berean, ogi puxka horiekin Azkonak nahi duena egiteko eskubide osoa duela onartzen dut. Akaso filmetan bezala, ohartxo bat jarri behar zuen artistak: performance honetan jainko bakar batek ere ez du oinazerik sufritu. Pederastian, artean erran dezadan, sufrimenduak -ez alegiazko jainkoenak, egiazko adingabeenak baizik- benetakoak izaten dira: katolikoen sumindura ostietan zentratu izanak -eta ez pederastiaren probleman- agerian uzten du Elizaren zurikeria, eta hortaz, Azkonaren lanaren balorazioa zernahi izanda ere, aitortu behar da bete-betean asmatu duela.
      Bada hirugarren ikuspuntu bat: performancearen bidez eta erakustekan zuten tokiari esker, ditxosozko ostiek artelan baten estatusa zuten; eta nik zinez eskertuko Joseba Asironek hori ulertu eta ostiak ebatsi zituen “heroia” lehenbailehen salatuko balu -Lizarrako karlismoaren museotik bonet bat ebasten badut, zapi baliogabe bat ari naiz hartzen edo pieza historiko bat?-.
      Polita da sinesmenei eta errespetuari buruz mintzatzea, baina hemen, Iruñeko eta, hedaduraz, Nafarroako testuinguruan, botere lehia gordin bati buruz ere ari gara solasean. Katolikoek eskubide osoa dute minduak sentitzeko, eta min hori hainbat tokitan adierazten ahal dute -euskaraz jakinez gero, Zuzeun berean-. Badute eskubidea boikota egitera deitzeko, badute eskubidea otoizka aritzeko, badute eskubidea munduaren akabera iragartzeko, baina nire uste harroan ez dute inolako eskubiderik errateko Iruñeko jendeak zer ikusten ahal duen eta zer ez. Azkonaren inguruko polemika hau indar erakustaldia ere bada, eta nik, arrunt enpatikoa izanda ere, ez dut ulertzen udalaren jarrera -bertze zenbait kontutan gobernuaren jarrera ulertzen ez dudan bezalaxe-. Bertze erantzun batean batek dioenarekin erabat ados nago: udaltzainek otoitz eta traba egitera joandakoak aretotik kanporatu beharko lituzkete, baina, nonbait, alkateak arte kritikariarena egin nahiago du. Guzion lehendakaria eta guzion alkatea izateko obsesioak bultzatuta, iduri luke azkenean guzionak izanen direla, botoa eman zietenenak izan ezik. Baina, tira, hori bertze kontu bat da.

      • Pruden Gartzia 2015-11-26 17:38

        Tira, Santi, eskerrak nire “zintzotasuna” aipatzen hasten zaren, gero ” irakurriaren ulermenean zailtasun pittin bat baduzula” gaineratzen baduzu ere. Eta ez dut aterako bi kontsiderazio horiek lotuta edozeinek atera dezakeen ondorioa, ez baitaukat inorekin haserretzeko gogorik.

        Baina gauza bat da ez haserretzea eta beste bat zurekin huntaz edo hartaz debatitzen hastea, debatetan, normalki, mota horretako baieztapenak onartzen ez direlako. Nik behintzat ez daukat onartzeko asmorik, eta uste dut ulertuko didazula.

        Hala ere ohar orokor bat, polemika asmorik gabe: nik iritzi bat eman nahi izan dut blog honetan agertu den artikulu baten gainean, besterik ez. Ez dut iritzirik eman nahi izan Abel Azkonaren erakusketaz, ezta katoliko batzuk (ez guztiek, gogora dezagun, musulmanekin antzeko kasuetan egiten dugun bezala), katoliko batzuek, esaten nuen, izaten ari diren erreakzioez.

        Eta ez daukat gogo handirik horretaz idazteko. Gai konplikatua da lau lerrotan tratatzeko, eta giroa, gainera, guztiz gaiztotuta sumatu dut.

        Azken ohar bat egingo dut, hala ere, inork ez dezan pentsa iritzi propiorik ez dudanik edota ezkutatzen naizenik: dakidan apurraren arabera (eta oso gutxi dakit) Asiron alkatearen jarrera txalogarria eta eskergarria iruditu zait; aldiz, beste askoren jarrerak edo adierazpenak, negargarriak. Beste modu batean esanda: nik uste dut bizikidetza zaintzea dela alkate batek daukan zeregin garrantzitsuena, eta hori inoren fede kristau, musulman, judu edo laikoren gainetik jartzen dut.

        Bide horretan ari bada, nire txaloa izango du Asironek. Eta besterik ez dut esateko.

        • Santi Leone
          Santi Leoné 2015-11-27 06:19

          Bi kontu bertzerik ez, labur-labur erantzuteko:
          1. Sinetsiko didazu ala ez, baina nire lehen erantzuna publikatu eta berehala damutu zitzaidan irakurriaren ulermenarena idatzi izana. Arrazoi duzu, lekuz kanpo dago hori eztabaida batean, eta barkamena eskatzen dizut.
          2. Horretaz aparte, bistan da ez gaudela ados. Katoliko guziak ez direla berdinak? Seguru nago ezetz. Baina iruñeko ultrek apezpikuaren babesa izan dute eta dute, eta pederastia estali nahian ez dira katoliko batzuk ibili, eliza -erakundea- baizik.
          Eta hemen utziko dut nik ere. Barkatu berriz ere nire erantzun zakarra; aukera izanen dugu lasaiago mintzatzeko.

          • Pruden Gartzia 2015-11-27 17:39

            Mila esker, Santi (eta jakina sinesten dizudala!).

            Eta bai, argi dago biak ez garela iritzi bereko: besteak beste Marguerite Yourcenarren “Adrianoren oroitzapenak” goratzea guztiz harrigarria iruditu zitzaidan, ez da nik inori gomenduko niokeen liburua ez bada Joxe Austin Arrietaren estiloaz hausnartzeko (horretaz, beste behin jardungo gara, nahi baduzu), zeren tolerantziaz esaten duena ondo egon daiteke Fernando Savaterrentzat, ez niretzat ordea.

            Baina esana dago ez garela iritzi bereko eta uste dut ez dela ona errota horri buelta gehiago eragitea. Ondo izan eta zaindu.

  • Kontxo santi, ze mamitsua era ze zintzoa!!

  • Amonamantangorri 2015-11-25 23:23

    Azkonaren performanceak eraso egiten dio fede katoliko osoari, transubstantzazioaren doktrinari -ez dakit seguru euskaraz horrela esaten den- eta elizgizonen pederastia kasuekiko Elizak izan duen politika jarraitu, sistematiko eta koherenteari. Dena batera. Hori da bete asmoa. Eta atentzioa deitzea, jakina.

    Eta batzuri hori ez zaie gustatzen, hiri buruzagiko alkateari barne, erlijio sentimenduak iraintzea zilegi ez dela iritzita. Bo! Hori ere iritzi erabat badaezpadakoa iruditzen zait, Azkonaren eta bere sokako artista posmodernoen lanen balio bere-berezkoari buruz norberak pentsa dezakeena alde batera utzita.

    Barkatu Santi. Iruditzen zait egun hauetan Iruñean grafitiak marrazten eta ostia kontsagratuak erreskatatzen aritu direnak noski ez direla opusekoak izan, KIKOAK baizik, alegia, azken aldian Opusi bezeroak kentzen ari diren kristofatxak. Opusekoak ez dira kikoak bezain eskandalosoak, nik uste. Hori ere, jakina, nire susmoa besterik ez da, beharbada inorenak baino gutxiago balio duena.

  • ana morales 2015-11-27 12:37

    Zorionak, Santi. Artikulu bikaina egin duzu eta iltzean jo duzu. Ez daukat ezertxo ere gehitzeko, zuk artikuluetan eta erantzunetan (bravo, bravo) esandakoa baino ez nuke errepikatuko, eta segurutik txarrago. Pentsatu nahi dut katoliko guztiak ez direla izango Iruñean ikuskizun negargarri hau ematen ari direnak bezalakoak, baina elizaren erakunde ofizialak oso garbi utzi du, lehen eta orain, zein den bere jarrera, bai pederastiaz eta bai frankismoaz. Eta azken hau diot azken egunotan entzun diren “gora kristo errege”, “Asiron ejekuzioa” eta halakoengatik. Zain nago ikusteko eliza ofizialaren ordezkari autoritatedun bat horretatik desmarkatzeko eta salatzeko. Mila-mila esker hau idazteagatik, Santi.

  • Sinestunek berriro lortu dute auzi hau (ere) beren sineskeria partikularren parametro eta irizpideen arabera neur dadin.

    Eta hortxe gabiltza, Azconak ogi zatiekin egindako pekatuaz hizketan, ta ezertxo ere ez Azconaren lanean salatzen diren delitu errealez (delitu izateaz aparte pekatu ere badirenak, noski… baina zertarako horretaz kezkatu eliztar hain bihozberak).

    Hortxe gabiltza, bai. Sineskeria batzuen irizpide irrazional eta arbitrarioek etengabe zipriztintzen gaituztela bizi behar izatera erresignatzen, eta zipriztinak kentzeko beso-gorputzak astintzen ditugunean, oso zakarki mugitzen garela esaten digute zipriztintzaileek. Ura, bedeinkatua izaki…

    Eta, hortxe gabiltza, bai. III. milurtekoan garelarik, jarraituko dugu kirol taldeak mezetara joaten ikusten eta garaikurrak elizatan bedeinkatzen, eta jarraituko dugu leku publikoetan ikur erlijiosoak egon behar duten edo ez eztabaidatzen oraindik, eta jarraituko dugu borrokatu beharrean elikadura sineskeriek ez dutela lekurik eremu publikoetan, eta jarraituko dugu klausurako mojak hautesmahaietara joateaz salbuesten…..

    …eta jarraituko dugu.

    PD1: Azconaren artelanaren edo artistaren beraren kalitateaz ere jardun da baten bat egunotan…. auzi honetan faktore hori pertinentea balitz bezala.

    PD2: Noski sinestun denak ez direla berdinak, baina ez dut kristauen aldetik afera honetan gauzak erlatibizatzeko, kontenporizatzeko edo interpretazioak baretzeko edo gozatzeko mugimendu askorik ikusi.. eta argi geratu da eliza (instituzio gisa hartuta) ze postura hartzen ari den, eta ze jarrera sustatzen eta haizatzen ari den… eliztar xumearen isiltasun konplizearekin.

  • Oso-oso ona, Santi! Hagitz gogokoa izan dut, batez ere, lehenengo zatia, Opus Deikoekin izandako esperientzia bitala, iniziazio bidaia hura. Egun osoa Mecano entzuten! Erredios! Ba ote hori baino zigor latzagorik? Nekez. Situazioa irudikatze hutsarekin sekulako barreak egin ditut.
    Bidenabar esanda, Pruden Gartziaren erantzuna negargarria iruditu zait.

  • Juanma Sarasola

    Arront ona, Santi. Guziz ados nago zure testuarekin, baita, oro har, zure erantzunekin ere. Fundamentalista katolikoen errezu publiko patetikoen –ez otoitz egiteagatik, baizik eta formengatik eta erakutsi duten hipokresia eta moral bikoitzagatik– kontuak gogora ekarri dit duela hamarkada batzuk Frantzian, Espainian eta beste estatu batzuetan egindakoak, Je vous salue, Marie filma proiektatzen zuten zinema aretoen aurrean, eskailera eta espaloietan, orain bezala egilearentzako heriotza mehatxuez hornituta.

    Bestalde, bikaina iduritu zait erakusketarako proposatu duzun ohartxoa: “Performance honetan jainko bakar batek ere ez du oinazerik sufritu”.

    Segi kritika zorrotzak egiten, gordinak nahiz ironiaz zipriztinduta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude