Katalunia eta trena

Sarrera hau idazten dihardudan unean, Katalunia eta Espainiako fiskalak kexu dira Rajoyren gobernuak egiten dizkien presioengatik. Antza, nola edo hala, Artur Mas eta Govern-aren Presidedenteorde den Joana Ortegaren aurka egin nahi dute, auzibidetan jarri eta, ahal dela, zigorra lortu desobedientzia eta prebarikazio akusaziopean. Partidu Popularrean ez da giro eta handik kanpo ere ez UPyD, Ciutatans eta enparauen artean. Hemendik begiratuta, Rajoyren gobernuak dirudi presionatuen eta zerbait egitera derrigortua.

 

1343745359429

Lepoa jokatuko nuke, behin Azaroak 9koa pasatuta, Rajoyk eta ingurukoek nahiago dutela txandapasa egin eta gauzak dauden daudenean uztea. Alegia, Kataluniarren apustua joan den bezala joan da, sortu duen higadura sortu du eta jada ez dago hura aldatzerik. Orain Mas eta ingurukoak zigortzeak, independentismoa areagotzeko baizik ez luke balio izango, kasurik onenean. Alabaina, Legea eta Espainiako Konstituzioaren agindua alde (omen) duten askorentzat, beste biderik ez dago lege estuaren aplikazioa baizik, mundu guztiari komeni zaionaren gainetik, demokraziaren ikuspegiaren gainetik, logika beraren gainetik…

ETAren aurkako borrokan ohitura bilakatu bezala, nor espainolago, nor gogorrago eta nor Cid Campeadorrago izendatzeko lehiaketan sartuta daude, bide batez, egindako ustelkeria eta kirtenkeria guztiak lainotu asmoz. Espainiako politikagintzaren garai berrien atarian izuturik daude, zer egin asmatu ezinda estatistika guztiek aurreratzen dieten porrotaren aitzinean. Eta hori gutxi bailitzan, hara orain kataluniarren sublebazio lotsagabea, Agindu Maximoarekiko intsumisio agerikoa, zeren eta Demokraziaren izenean, gainera… Gaizoak eurak, patriaren salbatzaile alaenak!

Nik deus ez dakit politikaz eta normalean ez dut sekula asmatzen etorkizunik, baina tenore honetan Irungo lagun batek esandako irudi baten akordua datorkit. Nazioarteko garraioetan profesionala izaki, trenak automobilez betearazten zituela aitortu zidan, nora eraman behar zituen erabaki aurretik. Horixe zuen lana: milaka auto berri egun eta asteetan zehar, behar zen denbora guztian, trenaren gainean atzera-aurrera ibil zitezen zamatzea . Almazeneko gastua baino merkeagoa ei zen autoak trenean noraezean erabiltzea, Europa guztiko trenbideetan. Eta gero, merkatuetako testuinguruaren arabera, autoak handik jaisteko une eta geltoki zehatza erabakitzen ei zuten, betiere irabazi handiena lortze aldera.

Fiskalek azkenean zer eginen duten ez dakit, Rajoy eta enparauek zer lortuko duten ere ez,  baina kataluniarrak trenean igota daudela bai, hori badakit. Noraino iritsiko diren eta noiz jaitsiko diren trenetik ere ez naiz esatera ausartzen, baina badute zerbait alde: eurak dira makinista. Eta hori bada zerbait.

 

Katalunia
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude